«Moodle Euskaraz: Hizkuntza handien pare»: berrikuspenen arteko aldeak
(→Moodle Doc-ak Euskaraz) |
(→Moodle Doc-ak Euskaraz) |
||
121. lerroa: | 121. lerroa: | ||
|Ingelesa | |Ingelesa | ||
Espainiera | Espainiera | ||
+ | |||
Euskara | Euskara | ||
Frantsesa | Frantsesa |
09:37, 12 Azaroa 2007(e)ko berrikuspena
Edukiak
Laburpena
Moodle-ren gune ofiziala 2001eko azaroaren 15ean sortu zen eta harrez geroztik ikaragarria izan da plataforma telematiko honek mundu osoan lortu duen arrakasta eta hedapena. Gurean ere ez da nolanahikoa izan Moodle-ren zabalkundea eta komunikazio honetan Moodle-k euskaraz egin izan duen ibilbidea eta jorratu dituen alorrak labur-labur deskribatu nahi ditugu, hemendik aurrera ditugun erronkak aztertu ahal izateko.
Moodle Euskaraz komunitatearen barruan egindako lanari dagokionez, aipagarria da euskararen hizkuntza-paketearen egungo egoera, inguruko hizkuntza nagusien egoeraren pare ailegatzeko gutxi falta duena. Moodle Doc-ak Euskaraz proiektuaren kasuan, berriz, ingelesa eta espainieraren ondoren proiektu garatuena eta osatuena da.
Eginkizunak eta zereginak ere asko. Garrantzizkoenak, ordea, bi dira, gure ustez. Batetik, Moodle euskaraz erabiltzen dugunon komunitatea indartzea eta bestetik, Moodle euskaraz darabilten erakundeen inplikazioa areagotzea.
SARRERA
Martin Dougiamas-ek Moodle-ren lehenbiziko bertsioa 2002ko abuztuaren 20an liberatu zuenetik hona ez dago dudarik plataforma telematiko ezagun eta erabiliena bihurtu dela. Horretarako, 2001eko azaroaren 15ean ofizialki sortu zen moodle.org guneak erabateko garrantzia izan du, kode irekiko software honen inguruan garatzaileen, kudeatzaileen, irakasleen eta bestelako erabiltzaileen komunitate sendo eta dinamikoa osatuz.
Oker ez baldin bagaude, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) erabili zuen Moodle lehenbizi Euskal Herrian, 2003-2004 ikasturtean hain zuzen ere. Garai hartan era guztietako plataforma telematikoak erabiltzen ari ziren gure inguruan baina ia guztiak ordainpekoak ziren, edo bestela erakunde bakoitzak propio diseinatu eta sortutakoak. 2004ko otsailaren 11n, berriz, Luistxo Fernandezek Interneten informazioa aurkitu: non eta nola izeneko ikastaroa eskaini zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren GARATU planaren barruan. Ikastaro hura Moodle-ren 1.0.8 bertsioan oinarritu zen.
Luistxo ikastaroa prestatzen ari zela ezagutu genuen guk Moodle, eta egia esan behar badut, tresna tristea iruditu zitzaigun, oso errekurrentea eta ikaragarri ikono handiekin.
Itxuraz haratago joanda, ordea, berehala ohartu ginen Moodle-k irakaskuntzarako zituen balioez. Horretarako, zeharo erabakigarria izan zen Jordi Adellek 2004ko maiatzean Castellónen izan zen I. Congreso Internacional. Las TIC y la autonomía en el aprendizaje de lenguas izeneko kongresuan eskaini zuen ponentzia. Bertan, ikasteko komunitate birtualez hitz egin zigun: komunitate horien antolakuntzaz, lidergo konpartituaz, berdinen arteko hezkuntzaz, teknologiak ikaskuntza bultzatzeko izan dezakeen rolaz... Adibide ezin hobea zuen horretarako guztirako: Moodle komunitatea.
Santurtzira itzuli eta hilabetera instalatu genuen Moodle, lehenengoz lokalean eta gero, irail alderako, gure web gunean. Arazoa, oraingoan hauxe zen: online irakaskuntzan aritzeko behar genituen tresnak han genituen eta nola erabili erabaki behar genuen. Harrez geroztik horretan ari gara.
Santurtziko Udal Euskaltegia aspaldi hasia zen e-learning moldeko irakaskuntzan baina unean uneko tresnak eta baliabideak erabilita. Hasiera batean e-posta erabiliz, ondoren han-hemenka lortutako baliabideak web orri xume batean integratuta, geure egitekoetarako kanpoko enpresa bati erositako plataforma bat erabilita ondoren... Gai izango ote ginen, ordea, beste inoren laguntzarik gabe guretzat erraldoia zen proiektu bat abian ipintzeko? Hara hor gure lehen ezustekoa: ez geunden bakarrik! Hor atzean genuen Moodle komunitate osoa laguntzeko prest. Izugarri lagundu digute eta gure eskerrik beroena eman nahi diegu hastapenetan hainbeste lagundu zigutenei, hala nola, Eloy Lafuenteri, Antonio Vicent-i, Helen Foster-i eta beste askori.
ORAIN ARTEKO LAN-ILDOAK
Moodle Euskaraz
2005eko urtarrilaren 11n jaio zen Moodle Euskaraz izeneko ikastaroa moodle.org gunean. 42. ikastaroa da eta horrexek irudika dezake zeinen berandu sartu zen Moodle gure artera. Hala ere, egoera horri buelta emateko konpromisoa hartu genuen berehala eta hasieran behintzat oso arrazoi praktikoagatik: lanean hasi ahal izateko behar genuen Moodle-ren euskarazko bertsioa. Gerora etorri ziren bestelako arrazoiak.
Komunitatearen gidaritza hasiera batean UEUk hartu zuen, nahiz 2006ko ekainaz geroztik, Santurtziko Udal Euskaltegia izan arduraduna. Bagenuen gainontzeko hizkuntzetarako dauden ikastaroen eredua eta horiei jarraitzea izan zen gure lehen erabakia. Jakina, gerora izan dira aldaketak eta gure egoerari egokitu beharrak.
Komunitatea handitu egin da eta gaur egun hainbat baliabide daude eskura. Tarteka-tarteka komunitateak behar zituen edota komunitatea aberasteko bitartekoak gaineratu ditugu guztion arteko lana errazago eta hobeto egin ahal izateko.
Hizkuntza-paketea
Moodle Euskaraz komunitatearen lehenbiziko lana plataforma euskaratzea izan zen. UEUk egina zuen itzulpenaren zati bat Zuhar enpresaren laguntzarekin. AEK ere ordurako Moodle erabiltzen hasteko urratsak ematen ari zen eta itzulpenaren beste bertsio bat zuen. 2005eko urtarriletik aurrera Santurtziko Udal Euskaltegiak horiek denak erkatu eta bertsio bakarra osatu zuen.
Harrez geroztik, denetariko arazoak izan baditugu ere, ikaragarria izan da itzulpenean egindako lana eta lortutako aurrerapena.
Adibide bat eskaintzearren, Ohloh.net gunea aipatuko dugu. Gune hau kode irekiko softwarearen direktorio handia da eta, besteak beste, proiektu horietan egindako lana kuantifikatzen dute. Moodle Euskaraz taldeak egindakoa beheko eskeman ikus dezakegu:
Aldatutako kode-lerroak:
- PHP: 12.014
- HTML: 19.958
- CSS: 2
- Guztira: 31.974
Moodle-k dituen 129 garatzaileetatik, kode-lerro gehien aldatutako rankingean 17. postuan dago euskal komunitatea.
Emaitza, beraz, agerikoa da: Moodle euskaraz oso-osorik erabil dezakegu. Dagoeneko 1.7 bertsioa amaitutzat eman dugu eta momentu honetan 1.8 bertsioan ari gara buru-belarri.
Horiez gain, modulu zein bloke ez-estandarrak ere itzuli ditugu. Honako hauek, besteak beste:
Asistentzia kontrolatzeko blokea nahiz modulua (attendance)
- Webquestak sortzeko modulua
- JClic modulua
- Liburua modulua (book)
- Dfwiki modulua
- (...)
Moodle Doc-ak Euskaraz
Moodle Doc-ak proiektuaren helburua Moodle-ri buruzko dokumentazio-gune nagusia osatzea da. Moodle-ren filosofiari jarraiki, berau erabiltzeko, zabaltzeko eta konpartitzeko moduan dago garatuta proiektua eta horretarako wikia du lanabes (Mediawiki softwarea darabil).
Moodle-ren erabiltzaileek nahi beste ekarpen egin dezakete bertan dokumentazio hori aberasteko, nahiz ideia nagusia izan Moodle komunitatearen foroetan eta eztabaida guneetan (Using Moodlde, Moodle en español, Moodle Euskaraz...) plazaratu diren galderen eta kezken erantzunak dokumentazioan txertatzea. Nolabait esateko, erabiltzailearengan ardaztutako dokumentazioa egiteko saioa da, errealitatean gertatu diren arazoak sistematikoki jasoz. Horrekin batera, asmo irmoa dago Moodle-ko erabiltzaile guztiak Moodle Doc-etan parte hartzera bultzatzeko.
Printzipioz, hiru erabiltzaile-mota aurreikusten dira:
- irakaslea,
- sistemako kudeatzailea, eta
- garatzailea.
Ezbairik gabe, erabiltzaile nagusia ikaslea da baina hezkuntza-erakunde bakoitzak dituen ezaugarriek eta prozedurek oso zail egiten dute ikaslearentzako dokumentazio-gune bakarra osatzea. Momentuz, FAQ moldean jaso da alderdi horri dagokiona.
Gaur egun, Moodle Doc-ak proiektua hainbat hizkuntzatan ari da garatzen baina oso ibilbide ezberdina izan dute eta oso egoera ezberdinetan daude.
Gurera etorrita, Moodle Doc-ak Euskaraz gunea ofizialki 2006ko urriaren 18an sortu zen Santurtziko Udal Euskaltegiak bultzatuta. Hasierako asmoa xumea zen: irakasleari begirako dokumentazioa euskaratu nahi genuen eta horretarako 190 bat testu itzultzeko helburua ezarri genuen. Gaur egun 620 bat artikulurekin ari gara lanean.
Moodle Doc-ak Euskaraz hiru atal nagusitan banatzen dira:
- Moodle-ri buruzko Oinarrizko dokumentazioa
Oinarrizko kategoria honetan Moodle-ren aurrekariak, filosofia, bertsio-oharrak eta, hitz batean, Moodle-ri buruz jakin beharreko oinarrizko alderdi guztiak jaso nahi dira.
Atal honetako dokumentu-kopurua ez da oso handia baina kualitatiboki oso artikulu garrantzitsuak jasotzen ditu.
Atal hau neurri handi batean amaituta dago.
- Irakasleentzako dokumentazioa
Moodle-ren funtzionamendurako testu-liburua osatzen dute atal honetako dokumentuek. Irakaslearen ikuspuntutik planteatuta daude eta plataforma honetan lanean hasi nahi duen edo ari den edonorentzat ezinbesteko tresna dira. Momentu honetan atal hau 330 artikuluk osatzen dute.
Besteak beste, hiru azpi-atal nagusi ditugu hemen: a) jarduera-moduluei buruzko erabilera-oharrak, b) baliabideei buruzkoak, eta c) blokeei buruzkoak.
Hutsune batzuk gorabehera, atal hau amaituta dago.
- Kudeatzaileentzako dokumentazioa
Hemen Moodle instalazioak kudeatu behar dituztenei begirako dokumentazioa biltzea da helburua. Atal nagusiak ondokoak dira: a) Moodle-ren instalazioa, b) Seguritatea eta errendimendua, c) Ezarpenak, eta d) Erabiltzaileak.
Oro har, oso dokumentazio teknikoa da, nahiz kopuruari dagokionez ez izan handiegia. Itzulpenaren lan-karga handiagoa izan da testuen zailtasunagatik. Gaur egun 280 bat artikulu ditugu kategoria honetan.
Itzuli gabe dauden dokumentu gehienak kategoria honetakoak dira.
Aipatu atal nagusiez gain, bada beste bat, izatez: garatzaileentzako dokumentazioa. Hemengo dokumentuak Moodle-ren garatzaileek erabiltzeko dira eta bestelako konplexutasuna dute. Euskarazko bertsio honetan ez ditugu, momentuz, kontuan hartu.
Moodle Doc-ak Euskaraz proiektuan egindako lanaren tamaina ikusteko, ikus dezagun gainerako hizkuntzetan dauden proiektuen egoera artikulu-kopurua eta itzuli gabeko orrien kopurua kontuan hartuta.
HIZKUNTZA | PROIEKTUAREN HASIERA | ARTIKULU-KOPURUA | ITZULI GABEKO ARTIKULUAK |
Ingelesa
Espainiera Euskara Frantsesa |
2006-01-26
2006-02-15 2006-10-18 2006-03-6 |
837
705 618 338 |
75 (%8,96)
77 (10,92) 160 (% 25,88) 17 (% 5,02) |
HIZKUNTZA PROIEKTUAREN HASIERA ARTIKULU-KOPURUA ITZULI GABEKO ARTIKULUAK
Ingelesa 2006 – 01 – 26 837 75 (%8,96)
Espainiera 2006 – 02 – 15 705 77 (% 10,92)
Euskara 2006 – 10 – 18 618 160 (% 25,88)
Frantsesa 2006 – 03 – 6 338 17 (% 5,02)
(2007ko ekainaren 13an jasotako datuak)
Ikus daitekeenez, ingelesa eta espainieraren ondoren proiektu garatuena eta osatuena da euskarazkoa.
Gainera, 2007ko otsailetik aurrera Moodle Doc-ak Euskaraz oso-osorik deskarga daitezke norberaren ordenagailura eta offline erabili. Antonio Vicent eta Eloy Lafuenteren (stronk7) guneari esker da hori posible. Astero eguneratzen da eta oso modu eraginkorra eta erraza izan daiteke Moodle-rekin lanean ari garenoi eginkizuna errazteko.
AURRERA BEGIRAKO EGINKIZUNAK ETA ERRONKAK
Eginkizunak
Egin beharreko nagusi bat dugu, beste ezeren aurretik. Itzulpena oso-osorik berrikusi behar da. Izan ere, askoren artean aritzeak zenbaitetan batasun-eza sor dezake eta bestelako arazoak erabilitako terminologian ez ezik testuen egituraketan ere. 2007-2008 ikasturtean zehar egin beharreko lana da hau.
Moodle Doc-ak Euskaraz proiektuan ere egin beharko da berrikusketa-lan hori baina gauden egoeran garrantzizkoagoa iruditzen zaigu erabiltzaileentzako informazioa ugaritzea. Helburua ahalik eta gune gehienetan Moodle euskaraz erabiltzea izaki, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu erabiltzaile izan daitezkeen horiek ahalik eta informazio osoena eskuratu ahal izatea.
Erronkak
Bi dira gure ustez, Moodle Euskaraz komunitateak dituen erronkak.
§ Komunitatea indartu beharra dugu batetik
Lana handia da eta guztion indarrak behar ditugu era koordinatuan. Horrek emaitza biderkatu egingo du kantitatean eta kalitatean. Hau bezalako jardunaldiak dira, zalantzarik gabe, helburu hori lortzeko bitarteko bat.
Jakina, komunitatea indartzeko oinarrizko tresna Moodle Euskaraz ikastaroa izango da eta horretan ipini beharko ditugu gure indarrak aurrerantzean gunea berrituz, sustatuz eta indartuz.
Zaila da, badakigu, eta horregatik egin nahi diegu dei hemendik gaur egun erabiltzaile direnei eta baita erabiltzaile izan daitezkeenei ere lan horretan inplika daitezen.
§ Moodle euskaraz darabilten erakundeen inplikazioa areagotu, bestetik
Asko dira Moodle euskaraz erabiltzen ari diren erakundeak eta esan beharra dago horien ekarpenak ez direla izan inondik ere izan litezkeen bezain garrantzitsuak. Beste askoren esku ez dauden baliabideak dituzte administrazioek eta unibertsitateek, eta horregatik saio berezia egin behar litzateke elkarlana bultzatzeko.
Bada, ordea, erakunde hauek egin beharreko lanerako oztopo handi bat, gainditzen oso zaila dena. Erakundeen beraien ezaugarrietako bat da zurruntasuna. Eta ezaugarri hori ez dator bat Moodle-ren inguruan egin beharreko lan askok eta askok eskatzen duten arintasun eta malgutasunarekin. Ondorioz, gatazka sortzen da eta teorian gehien egin dezakeenak praktikan egiteko aukera gutxien du.
Gatazka hori gainditzeko bideak bilatu beharrean gara eta horretarako administrazioek eta erakundeek baliabide gutxiago dituztenei egin beharrekoak egiteko bideak zabaldu eta garbitu beharko dizkiete.
Azken finean, euskarak Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologietan duen eta izan dezakeen presentzia dago hemen jokoan eta aukera paregabea dugu irakaskuntza telematikoaren munduan euskararen presentzia hizkuntza handien bestekoa izateko.