«Irakurketaren definizioa»: berrikuspenen arteko aldeak

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
(New page: Ikus dezagun Solék (1992, 1997) nola definitzen duen irakurketa: Irakurle eta testuaren arteko interakzio-prozesua da. Prozesu honen bitartez, irakurleak irakurtzean dituen helburuak bete...)
(Ez dago alderik)

17:55, 13 Azaroa 2007(e)ko berrikuspena

Ikus dezagun Solék (1992, 1997) nola definitzen duen irakurketa: Irakurle eta testuaren arteko interakzio-prozesua da. Prozesu honen bitartez, irakurleak irakurtzean dituen helburuak betetzeko informazioa bilatzen du. Azter ditzagun, bada, definizio horren osagaiak banan-banan:

Irakurlea

Testua prozesatu eta aztertzen duen irakurle aktiboaz ari gara, munduaz eta errealitateaz ezagutza jakin batzuk dituena. Testua irakurtzean, direlako ezagutza horiek aktibatu eta testuari aplikatu beharko dizkio.

Bi alderdi ditugu hemen. Batetik, irakurleak zer dakien (ezagutza kontzeptualak), hau da, zer dakien testuaren gaiaz baina baita testualitate-ezaugarriez zein hizkuntzaren sistema lexikoaz eta sintaktikoaz ere. Bestaldetik, zertan dakien (prozedurazko ezagutzak), hau da, nolako ezagutza estrategikoa duen. Ez da nahikoa gaiaz edo lexikoaz nahiko informazioa izatea zeren testuaren esanahia eraiki ahal izateko, era askotako estrategia kognitibo zein metakognitiboak ezinbestez erabili beharko ditu irakurleak.

Horrek, ezinbestez, ikasleak zer eta zertan dakien ikertzea dakar, bai eta ezagutza horien araberako irakur-ariketak planteatzea ere.

Testua

Asko eta askotarikoa izango da testuak emango duen informazioa, forma zein edukiaren aldetik: baliabide linguistikoek emanikoaz gain, testu-mota eta testu-era jakin baten aurrean izango gara, halako ideien antolamendua izango duena, egilearen asmo komunikatiboaren mesedean.

Testuak ematen dizkigun datuen ugaritasunagatik ere, ez dugu ahaztu behar dena delako idazkia ulertu ahal izateko beharrezko dugun informazio osoaren zati txiki bat baino ez zaigula testuan bertan agertuko . Irakurketa, beraz, esanahiaren desanbiguatze-prozesua izango da: irakurleak desanbiguatzea lortuko du, batetik, estrategia kognitiboei esker (testuaren gaineko hipotesiak formulatu eta irakurri ahala baieztatu ala ezeztatuz) eta bestetik, erredundantziaren funtzionamenduagatik.

Inplikazio didaktikoetako bat alderdi linguistikotik etorriko zaigu, perpausaren esparrua gaindituta, testuarenera igaroz. Izan ere, oso arriskutsua izan daiteke perpausaren esparruari dagozkion irizpideak erabilita, testuak landu nahia. Horretaz gain, beste inplikazio bat izango da ikasleari ageriko testutik ezkutuko testura igaro ahal izateko baliabideak eskaintzea.

Prozesua

Hona hemen labur-labur irakurketa-prozesuak berarekin batera dakartza beste hainbat azpiprozesu ere (Irwin: 1986, Colomer-ek aipatua, 1997).

  1. Mikroprozesuek esaldien mailako informazioaz jabetzea ahalbideratzen dute, hitzak ezagutu edo sintagmaz sintagma irakurtzea. Azken batean, gogoratu beharreko informazioaren mikroaukeraketa.
  2. Integrazio-prozesuek esaldiak lotzea mesedetzen dute lokailu eta testu-antolatzaileen bitartez, baina baita testuari buruzko inferentziak sortzea eta irakurlearen aurre-ezagutzak aktibatzea ere. Hau guzti hau, delako testu horretatik aldendu gabe.
  3. Makroprozesuek ulermen globala mesedetuko dute, testuari koherentzia emango dioten baliabideen bitartez. Honako prozedura hauek gertatuko dira: ideia nagusiak atzematea, laburpenak egitea eta testu-egituraz jabetzea.
  4. Elaborazio-prozesuek testuaren informazioaz harantzago eramango gaituzte, idazleak aurreikusi ez dituen inferentzia eta arrazonamenduak eginez. Hemen hainbat kontu aurkituko dugu: predikzioak egitea, irudi mentalak egitea, erantzun afektiboak, informazioa eta irakurlearen aurre-ezagutzak lotzea (testutik kanpokoak) eta arrazonamendu kritikoa.
  5. Prozesu metakognitiboen bitartez zer ulertu dugun eta zer ez kontrolatuko dugu, irakurritakoaren auto-erregulazioa egiteko modua izanez. Honetaz gain, irakurketa testu-mota eta irakur-helburuari egokitzea ahalbideratuko dute.

Prozesu horiek, izatez, ez dute gauzatze-ordena hierarkiko orokorrik, hau da, irakurketa-ekintza jakin batean ordena ezberdinean gertatuko dira, beti ere irakurle, irakur-estilo edo helburuaren arabera. Gainera, ez dugu ahaztu behar ulermen-prozesuek ez dutela gauzatze linealik.

Helburuak

Egoera, behar edo gogoaren arabera arrazoi batengatik edo besterengatik irakurriko dugu, interes eta helburu ezberdinei erantzuteko. Gainera, irakurketa gidatzen duen helburuaren araberako estiloa aukeratu eta horri esker posible suertatuko zaigun interpretazioa egingo dugu.

Hala ere, helburua diogunean zentzurik zabalenean ulertu behar da, horren barruan irakurtzetik atera daitekeen plazerra barne delarik. Horretaz gain, gogoratu nahi gabeko irakurketa ere zenbaitetan suertatzen dela, azken batean begiratu eta irakurtzea aldi bereko prozesuak izan baitaitezke.

Horregatik, badirudi metodologikoki komenigarria izango dela irakur-helburuak ugariak izatea. Gainera, testu beraren aurrean helburu ezberdinak izateak irakurketa nola eta zertan baldintzen duen aztertu behar litzateke.