«Zergatik erabili testu errealak ikasle hasi berriekin?»: berrikuspenen arteko aldeak
(New page: :::''Hizkuntzaren deskribapen berriak helduen euskalduntzean: alderdi pragmatikoa'' ==ZERGATIK TESTU ERREALAK?== Zaila izango da gaur egun klasean testuekin lan egiten ez ...) |
(Ez dago alderik)
|
11:44, 14 Azaroa 2007(e)ko berrikuspena
- Hizkuntzaren deskribapen berriak helduen euskalduntzean: alderdi pragmatikoa
Edukiak
ZERGATIK TESTU ERREALAK?
Zaila izango da gaur egun klasean testuekin lan egiten ez duen irakaslerik aurkitzea. Ondo ikasi dugu, bai, diskurtsoa dela hizkuntza-sistemaren unitate komunikatiboa eta, hartara, testuak dira gure eskoletan erabiltzen ditugun tresna komunikatiboak. Baina... esaldi-maila gainditzen duen guztia egokia al da klasera eramateko? Komunikazio honen helburua galdera horri ezetz erantzun behar diogula argitzen saiatzea da.
Material didaktikoak, hau da, ikasleek euskara ikas dezaten espreski sortu diren eta ditugun materialak, testuez josita egoten dira, batzuek hizkera arruntaren adierazle izan nahi dute, beste batzuek idatziaren isla, baina denek dute ezaugarri bera: ikasleekin pentsatuz idatzi dira. Ez dut ukatuko idatzi horiek testuak direnik, azken batean hasiera eta bukaera duten osotasun koherenteak ditugu denak, baina agerian utzi nahi dut, horietako askok ez dutela hizkuntzaren benetako izaera islatzen.
TESTU ERREALA / TESTU DIDAKTIKOA
Gauzak honela, testu erreala zer den definitu behar dut aurrena. Abe, Carton, Regent, Cembalo eta Hollec-en definizioa neure eginez, testu erreala benetako komunikazio egoeran sorturiko enuntziatu guztiak ditugu. Testu didaktikoa, berriz, ama hizkuntza ez den beste edozein ikasteko xedeaz ekoiztutakoa.
Aipatu ditudan egileek diotenez, helburu didaktikoez sorturiko testuetan helburu didaktiko horrek eragin handia izaten du; hain handia, ezen esanahia alde batera uzten baita. Hau argiago ikusteko euskara ikasteko metodo batetik hartutako testu baten zati bat aztertuko dugu. Hona hemen zatia:
Mik- Aizu, non dago telefonoa?
Ema.- Hor, taberna horretan, edo bestela plazan. (1)
Mik.- Eta plaza non dago?
Ema- Kale honetan, eskuinean.(2)
Mik.- Eskerrik asko, agur.
Ema- Agur, bai.
Lehen erabili dugun definizioa aplikatuta, begien aurrean dugun hori testua da. Gainera, gure ikasleek testutzat hartuko lukete; azken batean leku ezezagun batean dagoen pertsona batek bertako bati behar duen zerbait nola aurkitu galdetzen dio eta hori ekintza komunikatiboa da, baina... benetan jasotzen ditu testu horrek jatorrizko bi hiztunek egoera berean martxan jarriko lituzketen gaitasun guztiak?
Hasteko, testua osatzen duten 22 hitzetatik erdia baino gehiago, 12, gure artean bizi den edozein ikaslek erraz identifikatzeko modukoak dira (hitz arrunt guztiak gardenak dira, esate baterako), egiten diren bi galderak zuzenean eta birformulaziorik gabe egiten dira eta bai galderetan, bai erantzunetan egitura-molde bera erabiltzen da. Erantzuten duen hiztunak galdera egiteko erabili den aditzaz baliatzen da, berau elipsia eginez". Hizkuntzaren erabilera honek hainbat uste uzten ditu agerian.
ZER IZKUTATZEN DU TESTU DIDAKTIKOAREN ERABILERAK?
Hizkuntza egitura askoren metaketa da. Egitura hauek izaera ezberdina eduki badezakete ere (funtzioak edo eduki gramatikalak izan baitaitezke), gure kasu honetan hizkuntza egitura gramatikalen pilaketa izango litzateke: elkarrizketa osoa non (inesiboa) kasuaren inguruan ardazten delako. Baditu erabilera arruntarenak izan daitezkeen bi keinu, (1) eta (2) erantzunetan emakumeak ez du esaldi osoaren bidez erantzun, hau da, ez du: "hor dago, taberna horretan" esaten, baina gero aztertuko dugu zer adierazten duen hain hitz gutxi erabiltzeak.
Ulertzea hitz guztiak identifikatzea da. Nolabait adierazteko, plantila bat aplikatzea bezalaxe izango litzateke, entzuleak edo irakurleak buruan duen plantila aplikatuko lioke testuari eta kointzidentzia gradu altua balitz, ulertutzat emango luke. Adierazi dugun bezala, gure testuan oso agerikoa da uste hori erabiltzen diren hitz eta egiturak ezagunak direlako.
Ikastea edukiak metatzea da. Ikasleek egitura errazak ikasiko dituzte aurrenik eta horiek menperatutakoan, egitura zailxeagoak ikasteari ekingo diote. Hori dela eta, ikasleei aurkezten zaizkien testuetan ezin da agertu ordura arte landu ez den edukirik.
Ahozko kodea idatzizko kodearen berbalizazioa besterik ez da (edo idatzia ahozkoaren errepresentazio grafikoa). Hau da, hizkuntza bat da eta ez da bereizketarik egiten idatzi eta hitz egitearen artean.
GAUR EGUNGO PARADIGMA
Gaur egun, lehen agertu zaizkigun uste horiek kolokan jarri dira. Gure eskarmentuak, batetik eta han-hemenka egin diren ikerketek, bestetik, agerian utzi dute aurrean aipaturiko uste horiek erdia baino gehiago ustel direla. Gaur egun, esate baterako:
Ez dugu hizkuntzaren alderdi formalaz hitz egiten, gaitasun komunikatiboaz baizik. Ikaslek gaitasun komunikatiboa izango badute, gaitasun linguistikoarekin batera, gaitasun diskurtsiboa, gaitasun pragmatikoa (edo soziolinguistikoa) eta gaitasun estrategikoaren jabe izan beharko dute.
Ulertzea ez da zeregin pasiboa. Ulertzea testuaren esanahia eraikitzea da eta, gainera, eraikitze hori entzuteko edo irakurtzeko helburuen araberakoa izango da.
Ikastea ere eraikitzea da. Soilik ikasten dugu guretzat esanguratsua dena eta zerbait berria ikasteak gure ezagutza-sistemaren desoreka dakarkigu. Bestalde, gaitasunak eskuratzeaz ari garenez, ikasleak errealitatean egin beharko dutenaren aurrean jarri beharko ditugu, ezin baitira prozesuzko edukiak modu teorikoan ikasi.
Ahozko eta idatzizko kodeak ezberdinak dira. Ezin dugu hitz egiten dugun bezala idatzi, ezta idazten dugun bezala hitz egin ere. Elkarrizketek beren arauak dituzte, hiztunak kooperanteak izaten saiatzen dira eta informazioa taxuz ematen da.
TESTU ERREAL BATEN AZTERKETA
Horiek horrela, jatorrizko bi hiztuni egoera aurkeztu eta, inolako gidoirik eta azalpenik eman gabe, egoera horretan egingo luketena egiteko eskatu eta grabatu nien. Ondorengoa, beraz, testu errealtzat hartuko dugu eta grabazio horren transkripzioa da aztertuko dudana. Azterketa hobeto ulertze aldera, ekar ditzagun gogora Gricek elkarrizketen kooperazio-printzipioaz egindako ekarpenak:
Kooperazio printzipioa
Elkarrizketa batean parte hartzen dugunean, elkarrizketa horren helburuari egokien lotzen zaizkion kontribuzioak egin behar ditugu.
Aurrekoa zehazteko, honako maxima hauek eman zituen:
- Kantitatea: Informazioa tajuz eman, ez gehiegi, ez gutxiegi. (Beti ere helburuak aintzat hartuz)
- Kalitatea: Ez esan faltsua dela uste duzun edo frogatu ezin duzun ezer.
- Erlazioa: Izan zaitez errelebantea.
- Modua: Argia izan eta joka ezazu esan duzunarekiko dituzun asmoak argi adieraziz.
- Aizu, barkatu, hemengoa al zara (1)
- Bai, hemengoa naiz ni, Trintxerpekoa. Zer bada? (1)
- Bai begira, ez, galderatxo bat.. eske telefono-dei bat egin behar det eta-- ez dut aurkitzen telefono kabina bat edo..(1)
- A!(2) Ba hementxe bertan daukazu, gertu-gertu, begira: har zazu... San Pedro badakizu non dagon?// (3)
- Eee, bai. San Pedro, bai. (3)
- Hemendik, San Pedro aldera, hau Avenida...(um) taberna da, ta hemendikan San Pedro aldera hartu// (3)
- Bai..(3)
- ...Zuzen-zuzen// (3)
- Bai...(3)
- ...Eta hortxe, bidean aurkituko dezu Gudarien enparantza. Badakizu non dagoen?...(3)
- Ai bai, badago.., bai, bai, bai... ezagutzen dut... holako bat (4), bai....
- Bai , hor badago bat...
- ...bai oraintxe bertan pasa naiz aurretik eta! (5)
- ...Holako-- monolito bat edo (4) dauka---n plaza hortan...
- ...bai, bai
- ...ba— hortxe bertan bi kabina dauzkazu
- Aaaa! Bale, bale, ba... mila esker!
Ikusten denez, lehen testua baino luzexeagoa dugu oraingo hau, denera 148 hitz ditu eta. Honek pentsarazi behar digu zer dela eta erabili duten hainbeste hitz 22 hitzekin helburua lortuko luketen bi hiztun konpetentek. Irudi luke Griceren kantitatearen printzipioa apurtzen ari direla eta... arretaz irakurrita, askoz naturalagoa egiten zaigu bigarren testua aurrenekoa baino. Zergatik? Bada... hizkuntza arauen metaketa baino askoz konplexuagoa eta aberatsagoa delako eta hiztunok lehen aipatu ditugun gaitasunak aintzat hartzen ditugulako.
Kontuan hartu behar dugu elkarrizketa baten aurrean gaudela eta jatorrizko hiztunek elkarrizketaren arauak ezagutzen dituztela, hau da, galdera egiten duenak erantzuleak egia esaten diola pentsatuko duela eta erantzuleak, berriz, galdera egiten dionak zinez lortu nahi duela eskatutakoa. Ikus dezagun zer adierazten duten diskurtsoaren ustezko gira eta bueltek:
- Gaitasun soziolinguistikoa: Gurean oso da gogorra ezezagun batekin hizketan hastea, horretarako "motiboa" behar izaten dugu. Informatzaileak "Zer bada?" galdetzen duenean, galderaren egileari azalpena eskatzen ari zaio, hau da: "zer dela eta hasi zara nirekin hizketan?"
- Gaitasun soziolinguistikoa: Galderaren egileak emandako informazioak lasaitu egin du informatzailea eta, beraz, eskatutako informazioa ematen hasiko da.
- Gaitasun diskurtsiboa: Bi mailatan, gainera. Batetik, elkarrizketa baten aurrean gaude eta bi hiztunek ezagutzen dute elkarrizketaren eskema. Eskema horri jarraiki, informazioa ematen duenak badaki entzuleak denbora behar duela informazioa prozesatzeko eta hori dela eta, pausuak egiten ditu. Kooperantea izan behar duenez, besteak ulertzen diola bermatu behar du. Bestaldetik, instrukziozko testua sortuko du informatzaileak eta abiapuntua argi utzi behar du. Gainera, denbora behar du esango duena pentsatzeko (gaitasun estrategikoa).
- Gaitasun estrategikoa: Hiztunek ez dakite oso ondo adierazten zer dagoen plazan eta "holako bat" erabiltzen dute (konpentsazioa). Hainbat multzo fonikoren bukaerak luzatzeak helburu bera dute.
- Gaitasun soziolinguistikoa: informazioa eskatzen ari dena desenkusatzen ari da (esan bezala, gurean ez da ohikoa ezezagun batekin hizketan hastea)
ONDORIOAK
Ikasleek hizkuntza erabiltzen ikasiko badute, guztiz beharrezkoa dute hizkuntzarekin harremanetan jartzea eta hori nekez lortuko dute hizkuntzaren arlo guztiak jasotzen ez dituzten testuak erabiliz. Testu didaktikoen egileek ikasleen maila izaten dute buruan eta horren arabera moldatzen dituzte, hizkuntzaren baitako arlo guztiak kontutan hartu gabe. Gainera, askotan, ahozkotasuna irudikatzeko idatzizko gidoiak prestatzen dituzte eta, horrela, ikasleei ahozkoa idatziaren berbalizazio soila dela transmititzen zaie.
Testu errealek erabiltzen den hizkuntza klaseratzeko aukera ematen digute. Batzuetan, zailtasunak izan ditzakegu nahi dugun testua aurkitzeko, baina, ikusi dugun bezala, ahozko testuen kasuan, gidoirik gabeko grabazioek hizkuntzaren arlo gehiago biltzen dituzte beren baitan Izan ere, Abe, Carton; Cembalo eta Regentek adierazten duten moduan: "testu errealak formaren bidez esanahia transmititu nahi duen bitartean, testu didaktikoa esanahiaren bidez forma transmititzen saiatzen da".