«Euskararen irakaskuntza Europako Erreferentzia Markoaren baitan»: berrikuspenen arteko aldeak

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
(Eranskina: Erreferentzia mailak)
(B maila erabiltzaile independenteari dagokio)
319. lerroa: 319. lerroa:
 
B1 eta B2 mailak hartzen ditu.
 
B1 eta B2 mailak hartzen ditu.
  
====B1=====
+
====B1====
  
 
Hirugarren Erreferentzia Maila. Aldez aurretik aurreikus daitezkeen egoeretan modu mugatuan adierazpenak egiteko gaitasuna adierazten du maila honek, baita egunerokoa ez den informazioa modu orokorrean tratatzeko ere.Maila honetako ikaslea gai da argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, lanaren esparruan, ikasketen esparruan eta aisialdian. Badaki hizkuntza hori erabiltzen den lurraldeetan bidaiatzean sor daitezkeen egoera gehienetan moldatzen. Gai ezagun edo interes pertsonalekoei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai da, eta gai da, orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo bere asmoak azaltzeko.
 
Hirugarren Erreferentzia Maila. Aldez aurretik aurreikus daitezkeen egoeretan modu mugatuan adierazpenak egiteko gaitasuna adierazten du maila honek, baita egunerokoa ez den informazioa modu orokorrean tratatzeko ere.Maila honetako ikaslea gai da argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, lanaren esparruan, ikasketen esparruan eta aisialdian. Badaki hizkuntza hori erabiltzen den lurraldeetan bidaiatzean sor daitezkeen egoera gehienetan moldatzen. Gai ezagun edo interes pertsonalekoei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai da, eta gai da, orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo bere asmoak azaltzeko.

10:08, 30 Azaroa 2007(e)ko berrikuspena

Egilea: Abel Camacho eta Pedro Lonbide
Erakundea: Santurtziko Udal Euskaltegia
Data: 2005
Non: HIZPIDE, 60

Edukiak

Laburpena

Europako Kontseiluaren ekimenez dugu aurreneko aldiz Europako hizkuntzak ikasi, irakatsi eta bi prozesuok ebaluatzeko tresna: Europako Erreferentzia Europar Bateratua (EEMB). Tresna nagusi horretatik Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE) izenekoa sortu da. Bi tresnek ikaragarrizko aukerak eskaintzen dizkiete euskararen irakaskuntzan ari diren profesionalei; baina, aukera guztien artean, badira hainbat arrisku eta zailtasun. Aukerak baliatu eta zailtasunei aurre egiteko derrigorrezkoa da Erreferentzia Markoa eta Portfolioa ezagutu eta lantzea. Artikulu honetan horiek zertan diren, euskararen ikaskuntza-irakaskuntzari zer dakarkioten eta aurrerantzean nondik nora jo beharko den aztertzen da, lehen hurbilketa bat egin nahian.

Sarrera

Europako Kontseiluaren eginkizunetako bat hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzaren ingurukoa da. Ekarpen ugari egin ditu alor horretan etengabe eta horren adibide bat azaltzearren, hizkuntzen irakaskuntzarako mugarri izan zen proiektu bat aipatu behar da: 70ko hamarkadan Atalase Maila definitu zuenean edozein hizkuntza ikasteko eta irakasteko orduan ikaslea hizkuntza horretan gutxieneko trebeziaz moldatzeko lortu behar zituen ezagutzak eta trebetasunak definitu zituen.

Azken urteotan hainbat eta hainbat aldaketa jasan du Europak arlo guztietan (politika, ekonomia, moneta...). Erabateko aldaketak izan dira kasu askotan eta, zalantzarik ez dago, horien eragina aipatu arloak gainditu egiten dituela eta, besteak beste, alderdi linguistikoan eta kulturalean duela isla.

Aldaketa eta eragin horien ondorioz, Europako Kontseiluak hainbat printzipio nagusi garatu ditu kulturaz, hizkuntzen ikaskuntzaz eta irakaskuntzaz. Hona hemen garrantzizko batzuk (2001):

  • Europako kultura eta hizkuntzen ondarea balio handiko baliabidea da, babestu eta garatu beharrekoa, eta ezinbestekoa da hezkuntzan ahaleginak egitea aberastasun hori, orain arte bezala komunikaziorako oztopo izan ordez, elkar aberasteko eta ulertzeko tresna izan dadin.
  • Europako hizkuntza modernoak hobeto ezagutuz, elkar ulertuz eta elkarlanean arituz, aurreiritziak eta diskriminazioa alde batera baztertuz, eta ez bestela, lortuko dira ama-hizkuntza desberdinak darabiltzaten europarren arteko komunikazioa eta harreman egokiak, hau da, Europa barruko mugikortasuna.
  • Europako estatu kideek batasun handiagoa lor dezakete hizkuntza modernoen ikaskuntzan eta irakaskuntzan politika nazionalak erabili edo prestatzeko, baldin eta politika horiek elkarlanaren eta koordinazioaren bidez finkatzeko hitzarmen egokiak lortzen badituzte.

Printzipio horiek betetzeko asmoz, hainbat eskakizun eta neurri jarri dira martxan azken urteotan. Horien guztien lorpenerako lan-tresna nagusia, dudarik gabe, Europako Kontseiluak 2001ean argitaratutako Europako Erreferentzia Markoa, Hizkuntzen ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ebaluaziorako (EEMB) izeneko dokumentua da. Beste maila batekoa bada ere, ez du garrantzia gutxiago, lan-tresna horretatik eratorritako eta Erreferentzi markoaren ondorio zuzena den beste baliabide batek: Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE).

EEMBk, tituluan adierazten duen bezala, hizkuntzen ikaskuntzarako, irakaskuntzarako eta ebaluaziorako marko orokor eta bateratu bat eskaintzen du. Edozein hizkuntzaren ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan ari denak bertan aurkituko du hainbat printzipio orokor. Helburu nagusietako bat “... profesionalen arteko komunikazio-langak gainditzea” da. Horretarako “... era integratzailean azaltzen du hizkuntz ikasleek zer egin behar duten komunikazioan hizkuntza erabiltzeko eta zein ezagutza eta gaitasun garatu behar dituzten eraginkortasunez jarduteko gai izan daitezen”. Era berean, “hizkuntzaren gaitasun-maila zehazten du, urrats bakoitzean eta bizitza osoan zehar ere neurtzeko”. “Oinarri bateratu bat eskaintzean, Erreferentzia Markoak ikastaroak, programak eta emaitzak gardenago azaltzen laguntzen du”. Bestalde, “hizkuntzaren gaitasun-maila neurtzeko irizpide objektiboak jartzeak asko erraztuko du ikaskuntzako testuinguru desberdinetako titulazioen aitorpena burutzeko”.

Bederatzi ataletan banatuta dago. Lehenengoan printzipioen definizioa egiten du eta Markoaren beraren izaera deskribatzen; bigarrenean, hautatutako ikusmoldeaz ari da; hirugarrenean, maila bateratuak zertan diren azaltzen du; laugarrenean, hizkuntz erabilera eta erabiltzailea definituko ditu; bosgarrenean, ikaslearen edota erabiltzailearen gaitasunak azaltzen ditu; seigarrenean, hizkuntzen ikaskuntza eta irakaskuntzaz ari da; zazpigarrenean, atazek hizkuntzen irakaskuntzan duten funtzioa azaltzen du; zortzigarrenean, dibertsifikazio linguistikoa eta kurrikuluari buruz hitz egiten du eta bederatzigarrena, ebaluazioari eskaintzen dio. Atariko oharretan adierazten denez, “1971. urteaz geroztik lantzen ari den prozesu baten azken urratsa da” Markoa eta beraz oso ondo landutako, aztertutako eta garatutako lanabesa dela esan behar da.

Portfolioa hizkuntza ikasten ari denari ikas-prozesua hobetzen laguntzea da eta baita kultura eta hizkuntzaren inguruko ezagutzak besteri erakustea. Portfolioan erabiltzen diren mailak, jakina, EMEBk zehaztutakoak dira. Hiru atal ditu: hizkuntzen pasaportea, hizkuntza-biografia eta dosierra.

Lehenengoak “hizkuntzetan [ikasleak] dituen esperientziak eta trebetasunak jasotzeko bilduma laburra da”. Aldian-aldian egunerako beharko du ikasleak eta bertan jasotzen dira ziurtagiri eta diplomak; aldi berean, autoebaluazioa egiteko aukera ere ematen du. Bigarrenak, biografiak, hizkuntza ikastean egindako ibilbidea jasotzen du; ikasleari helburuak zehazten lagunduko dio eta hausnarketa bultzatu nahi du. Hirugarrena, dosierra, hizkuntza-trebetasunak eta esperientziak erakusteko ziurtagiri eta lanen bildumak osatzen du.

Gorago aipatutako lanen ondorio dira biok. Ez, ordea, egin beharreko azken lana. Hurrengoa, horien zabalkundea eta erabilera izango da. Izan ere, erabiltzen den neurrian hartuko du benetako balioa Europa osorako baliagarri den lan-tresna honek.

Zabalkunde-lan horretan laguntzeko asmoz, Santurtziko Udal Euskaltegiak (SUE) Hizkuntzen Portfolio Europarra ezagutzera emateko kanpaina antolatu zuen 2004-2005 ikasturtean zehar, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren laguntzarekin . Horren barruan hainbat hitzaldi eskaini ziren Portfolioaren izariaz eta ezaugarriez (Camacho, 2004). Hitzaldi-sorta horren ostean, SUEren plataforma telematikoan burutu zen mintegi birtuala, ondoko helburuak lortzeko asmoz:

  • Erreferentzia Markoaren analisi laburra egitea
  • HEOKetik Erreferentzia Markora: nolako bidea dagoen aztertzea
  • Hizkuntzen Portfolio Europarra nolako tresna den aztertzea
  • Aurrekoen argitan euskararen irakaskuntzari begirako ondorioak formulatzea

Mintegi birtualean, oro har, Helduen Euskalduntzeko profesionalak bildu ginen (AEKkoak, IKAkoak, Nafarroako Gobernukoak, zenbait udal euskaltegitakoak, beste euskaltegi homologatutakoak...) baina baita EAEko Berritzeguneetako zenbait aholkulari ere. Denera, berrogei bat lagun bildu ginen, kezka nagusi bat genuela: Erreferentzia Markoaren nahiz Portfolioaren ustezko aplikazioek gurean izan ditzaketen inplikazioak eta ondorioak zein diren aztertzea (Erreferentzia mailak zertan diren eta gure mailekin nola pareka daitezkeen, praktikan nola gauzatuko den Portfolioaren erabilera, gure jarduera zertan alda dezakeen, gelan zein erabilera eman dakiokeen, gurean zein ondorio izango dituen...).

Artikulu honetan, beraz, mintegian zehar burutu genituen jarduera eta eztabaidetatik eratorritako ondorioak azaltzen dira, hiru atalen inguruan. Argi dago, hortaz, gaur egun euskararen irakaskuntzan ari diren profesionalen ekarpenek interesgarriago bihurtzen dituztela ondoriok; izan ere, profesional horiek izango dira lan-tresna hauen erabiltzaile zuzenak. Hona hemen, ondorioak azaltzeko hiru atalak:

  • Erreferentzia Markoaren ekarpenak
  • Erreferentzia mailak eta gureak
  • Portfolioa ikasgelan: aribide metodologikoak


Erreferentzia Markoaren ekarpenak

Zenbait lan burututa, mintegiko partaideei honako galdera hau egin genien: Zein dira, zuen ustez, Erreferentzia Markoak egin dituen ekarrietatik lau kontzeptu inportantenak, edo berriztatzaileenak, edo errentagarrienak... Saia zaitezte egiten duzuen aukeraketaren aldeko argudioak ematen.

Hona hemen sintesi gisa plazaratu zirenak, hainbat ataletan bilduta.

Europarrentzako marko komuna

Erreferentzia Markoaren ekarririk behinena Markoa izatea da eta, beraz, ispilu baten antzekoa izatea. Bertan, Europako hizkuntzetako ikasleek, irakasleek, materialgileek eta azterketagileek non begiratu izango dugu.

Are gehiago, Europako hizkuntza guztietarako marko bera, komuna izatea berria eta onuragarria izango da: hiztegi, kontzeptu eta helburu orokor berak erabiltzea eta izatea beharrezkoa eta nahitaezkoa da.

Horrek ekar dezake gure jarduna geure txokotik atera eta egiten duguna besteen ondoan jarri eta alderatzeko aukera izatea, jardun hori ikuspegi zabalago batez aztertu ahal izateko.

Alderdi positiboez gain, zalantzak ere izaten dira tartean-tartean. Marko bakar bat izateak ez ote du ikuspegi murriztailea, askatasun edo sormenaren kaltetan joan litekeena? Askotan ikuspegi bakarrak aniztasuna eta aberastasuna oztopatzen ditu.

Erreferentzia Markoaren izaera bera da ekarpen garrantzitsua

Dokumentu hau hainbat helbururi begira landu denez, azpimarratzekoak dira horietatik eratorri diren ezaugarriak: gardena, koherentea, malgua, irekia, erabiltzeko erraza eta, batez ere, ez dogmatikoa.

Erreferentzia Markoak ez du kontzeptualizazio berririk ekarri

Esanak esan, Markoak eta Portfolioak ekarri dituzten kontzeptuak ez dira berriztatzaileak: han eta hemen, idazle ezberdinek artikulu nahiz liburu ezberdinetan erabiltzen dituzten kontzeptuak terminologia bateratuan eta modu argian eta ordenatuan birformulatu dituzte lan-tresna hauek. Dudarik gabe, hori horrela ikustea oso onuragarria suertatzen da.

Praktikaren aldetiko ekarpena

Ekarpen azpimarragarria da praktikaren aldetikoa. Izan ere, Erreferentzia Markoaren ondorio zuzena dugu Hizkuntzen Portfolioa eta honek euskarri materiala eskaintzen digu hainbestetan aipatu izan ditugun kontzeptu horien guztien gauzapenari begira.

Ofizialtasuna eta zertifikazioa

Erreferentzia Markoak eta Portfolioak izango duten beste ondorio bat hauxe izango da: hizkuntzen ikaskuntzaren eta irakaskuntzaren inguruko edukiak ofizialdu egingo dira, eta horrek ahalbidetu dezake zertifikazio-sistemen arteko zubia eraikitzea.

Gure errealitateari begiratuta, premia handiko lana dugu: han eta hemen ditugun agiriak, mailak, urratsak eta bestelakoak bateratzeko ahalegina egin behar genuke.

Europa eraiki

Azken finean, alderdi linguistiko eta kulturaletik Europa eraikitzea lortu nahi da, zertifikazio-sistemen arteko zubia eraikiz, burokrazia arinduz, herritarren mugikortasuna ahalbidetuz, multilinguismoaren ordez, eleaniztasuna bultzatuz, kultur artekoaren kontzientzia eta kultura arteko gaitasunak mesedetuz...

Lan-tresna hauek erakusten dute Europar Batasunean badela hizkuntzekiko interesik, edo hori sinetsi nahiko lukete, behintzat, mintegi honetan aritu diren batzuek.

Hizkuntza erabiltzeko da

Dokumentuaren ikuspegia hizkuntzaren erabileraren analisian oinarritua egotea oso garrantzitsua da. Hizkuntza komunikazio-tresnatzat hartzen da eta ez, lehen bezala, arau gramatikalen pilaketatzat. Izan ere, hizkuntza produktu bukatu eta perfektua baino tresna da, hiztunak komunikatzeko erabiltzen duen tresna.

Ondorioz, ikasgelan hizkuntza analizatzeko unean, gramatikari soilik erreparatu beharrean, komunikazioari eragiten dioten elementu guztiak kontuan hartu behar dira: asmo komunikatiboa, testu-mota, testuingurua, solaskideen interakzioa, esanahiaren negoziazioa, eta abar. Honek erabateko aldaketa eskatzen du eskola emateko metodologian.

Egia da ikuspegi hori ez duela Markoak ekarri, hizkuntzen irakaskuntza aspalditxotik jorratzen ari den kontua da eta, baita geurean ere, baina horrelako dokumentu batean jasota egotea ez da gutxiestekoa.

Ikaslea hizkuntz erabiltzaile da

Hizkuntzaren gaineko ikuspegi horretatik eratortzen den ondorio argia da ikaslea hiztuntzat edo erabiltzailetzat hartzea, bere tarteko hizkuntzaren garapena edozein dela, halako hizkuntz jarduerak burutu ditzakeena halako testuingurutan.

Hala ere, gaur egun badakigu gaitasun komunikatiboaren garapeneko estadioak ez direla beti ere egonkorrak izaten eta horrela, hizkuntz produkzio askoren kalitatea aldakorra dela. Horrek, jakina, ez dio ikasleari erabiltzaile-izaera ukatzen.

Ikaslea ardatza da

Aurrekoaren ildo beretik, ikaslea erabiltzaileaz gain, ardatza ere bada: berak ikasi behar du eta lan horretan lagundu behar diogu; bere ikas-prozesuaren gaineko kontzientzia areagotzeak ekarriko du autonomoago izateko posibilitateak handitzea, eta beraz, bere ikas-prozesuaren erantzule eta gidari izateko modua lor dezake.

Neurri handi batean kontzientzia areagotzeko modua etorriko da zer eta zertan ikasi behar duen esplizitatzetik, eta horretara datoz, hain zuzen ere, deskribatzaile argigarrien eskalak.

Deskribatzaile argigarriak

Deskribatzaileen argigarrien eskalak ekarpen garrantzitsuak dira, askotarikoak baitira betetzen dituzten funtzioak. Erreferentzia mailen zehaztapenerako irizpide nagusiak dira, trebetasunez trebetasun eta autoebaluaziorako moldean definituak. Gorago esan bezala, hizkuntz gaitasunen garapena irudikatzeko balio dute, erabileran ardaztuta daude-eta.

Ebaluazioa

Hori horrela, ebaluaziorako irizpide gardenak ditugu behingoz, hiztunek intuitiboki ulertzeko eta erabiltzeko modukoak. Gaur arte, esku artean izan ditugun dokumentuak profesionalentzako diseinatuak izan dira.

Agerikoa dirudi ebaluazio-objektuaren argitasunean eta zehaztasunean aurrerapausoa eman nahi izan dela, arazo bi gainditzen lagungarria izan daitekeena: indefinizioa eta kriptizismoa.

Irizpide hauei esker alderdi negatiboak eta akatsak baino gehiago, alderdi positiboak azpimarratzen dira: zer lortu den, zer egiteko gai den... Honek eragin handia eduki behar du gaurko sisteman, zeren kontrako printzipioekin eraikita baitago: zer egiten den gaizki, zer egiteko gauza ez den, noraino ez den heltzen, eta abar.

Zailtasunak ere asko dira

Lan-tresna egokiak ditugu eskura, beraz, eta hori eskertzekoa da, baina nola gauzatu ahal dugu hau guztia egunerokoan? Zailtasunak asko dira: eskarmentu falta, gizartean ikasleak eta irakasleak ez gaude rol berriak hartzeko prestaturik, hezkuntza eta ebaluazio sistemak beste printzipio batzuetan oinarrituta daude eta, azkenik, inertzia gainditzea zaila da.

Zorionez, markoa europar guztientzat komuna izateak esan nahi du profesionalen kopuru izugarri handia dagoela lanean proiektu beraren barruan eta horrek indar handiak ere mobilizatuko ditu, inertzia gainditzeko adinakoak, beharbada.

Profesionalei eragin, hausnarketa eta elkarlana bultzatuz

Ez dago dudarik, bestalde, honelako berrikuntza-prozesuetan profesionalei datorkigula lanik gogorrena eta hori zama handia dela. Profesionalen arteko elkarlana, horregatik, ezinbesteko bihurtzen da, hausnarketa bultzatuta, ahal denik eta ondorio adostuenak formulatu ahal izateko.

Erreferentzia mailak eta gureak

Dakigunez, Markoak hiru Erreferentzia maila zehaztu ditu: A, B eta C (ikus eranskina). Mintegian burutu genuen beste jarduera bat, beraz, maila horiek analizatzea izan zen.

Hainbat dokumentu aztertuta, honako zeregin hau burutu behar izan zuten partaideek: Azter itzazue Erreferentzia mailak eta saia zaitezte norberaren testuinguruan erabiltzen den banaketa (urratsak, kurtsoak...) horiekin parekatzen.

Jarduera honetan parte hartu zuten Helduen Euskalduntzeko profesionalen ekarpenak aztertuta, adostasun handiena lortu duen parekatzea honako hau da :

Errorea irudi txikia sortzerakoan: Ezin izan da iruditxoa gorde helburuan

Dena dela, ñabardurak asko dira. Hona hemen labur-labur horietako batzuk:

  • Desadostasun gehien sortu duen alderdia HEOKaren lehen mailaren parekatzea izan da. Zenbaitentzat 1A maila A1 mailarekin lotzen da bete-betean, eta 1B A2rekin. Beste batzuentzat 1A A2rekin lotu behar da, eta ondorioz, HEOKaren lehenengo maila altuagoa izango litzateke.
  • Beste alderdi eztabaidagarria izan da B2 mailaren parekatzea: zenbaitentzat HEOKaren hirugarren mailarekin lotu behar da, eta beste batzuentzat baxuago (7-8 urratsak).
  • Zenbaitentzat ez dago C2ren moduko mailarik eta beste zenbaitentzat EGArekin lotu behar da.
  • Mintegiko partaide batzuek mailak definitzeko momentuan tarteko mailak ere (A2+, B1, B1+, B2 eta B2+) erabili dituzte. Horretarako, ataza komunikatiboak burutzeko behar diren funtzioen, nozioen, gramatikaren eta hiztegiaren analisia izan liteke zehaztapen gehiago egiteko prozesuaren zati bat.

Adostasunak eta ñabardurak gorabehera, alde handia izan da dena delako parekatzea egiteko momentuan esplizitatu diren irizpideen artean. Zenbaitetan didaktikoki arrazoitu gabeko parekatzeak izan dira, bestetan, ikasleek garatu beharreko gaitasunetan ardaztutakoak, eta beste batzuetan, eguneroko kasuistikari lotuegiak.

Portfolioa ikasgelan: aribide metodologikoak

Erreferentzia Markoaren gainetiko analisia egindakoan, Portfolioaren inguruan aritu ginen eta hainbat jarduera burutu ere bai. Hona ekarri dugu horietako baten sintesia.

Ondokoa izen zen, bada, zeregina: Portfolioaren ezaugarriak kontuan hartuta, zein dira horrelako tresna bat ikasgelan erabili ahal izateko kontuan hartu behar ditugun aribide metodologiko nagusiak? Bestela esateko, ikasgelan hori dena zertan gauzatzen da?

Aribide metodologiko zehatzen aurretik hainbatek azpimarratu zuen Hizkuntzen Portfolio Europarra Erreferentzia Markoaren ondorio zuzena dela. Bada bien artean alderik, ordea. Markoa hezkuntzako profesionalentzat dago idatzita, eta Portfolioaren hartzaile nagusia ikaslea da, berari dago zuzenduta eta baliabide materialak eskaini nahi dizkio praktikatik bertatik erabilgarria suerta dakion. Ondorioz, ikasleak berak kudeatu behar du tresna hau.

Hala ere, Portfolioa ikasgelan erabiltzea erabaki didaktikoa da, eta gainerako erabaki didaktikoetan bezalaxe, irakasleak kontzienteki hasi behar du Portfolioa erabiltzen, eta argi izan ikasleak berak kudeatu beharreko tresna baten erabilera didaktikoa bultzatzen hasi dela. Izan ere, Portfolioak duen funtzio nagusia ikasleari ikasten laguntzea da, ikasgelan nahiz ikasgelatik kanpo. Funtzio hori betetzeak ikaslearen autonomia bultzatzea dakar.

Portfolioaren erabilerari begirako aribide zehatzagorik ere izan zen. Hona hemen:

Ikasgelan lan-tresna ezagutarazi

Ikasleari ikasgelan lan-tresna hau ezagutarazi behar zaio. Ikasleak kaiera ongi ezagutu behar du, eta beraz, ulergarri egin behar zaio barruan duen guztia.

Hartara, hainbat jarduera burutu behar dira: ikasleei azaldu zertan den eta zein proiekturen barruan kokatuta dagoen, karpeta eman eta ukitu dezatela, atalak atera, horien ezaugarriak ezagutu...

Ikasgelan lan-tresna erabiltzen trebatu

Ikasleak Portfolioa kudeatu behar baldin badu, horretarako prestatu behar dugu ikas-prozesuan zehar, bere erabileran trebatuz.

Horretarako, ikasgelan bertan eman behar litzateke denbora karpeta erabiltzeko, Portfolioaren atalen erabilera egokirako ariketak, simulazioak.. prestatu behar lirateke, aztertu taldekideek egindakoa, aurkitu zeintzuk diren erabiltzeko dituzten zailtasunak, lagundu zailtasunei aurre egiten...

Prozedura gehiago ere aipatu dira. Adibidez, ikasleak dosierrean zein testu sartu erabaki beharko du. Testu horiek erakutsi beharko dute bere aurrerapena eta zer dakien egiten. Horrenbestez, ikasleari erakutsi beharko zaio hasieratik zein irizpideren arabera hautatu beharko dituen testu horiek, hau da, bere gaitasunak erakusten dituzten testuak aukeratzen erakutsi beharko zaio ikasleari, hemen ere alferrikako pilaketa ez egiteko.

Bestalde, bizitza osorako Portfolioa eta ikasgelarakoa bultzatu behar liratekeela ere aipatu da. Bata ikasleak kudeatu beharrekoa eta bizitza osoko datuak jasotzen dituena, eta bestea, ikasturteko kontuak jasoko dituena. Azken honetatik lehenengora ikasleak ikusiko du zer pasatu.

Ikaslearen autoebaluazioa

Ikaslearen ikasteko autonomia bultzatuko dugu baldin eta bere burua ebaluatzeko gaitasuna garatzen laguntzen badiogu. Horregatik, autoebaluazioa sustatzeko jokabide zehatzak planifikatu eta burutu behar dira ikasgelan.

Alor honetan arazo handiena izaten da ikaslea ez dela jabetzen autoebaluazioaren balioaz, eta alferrikako jardueratzat hartzen ditu horren lanketara bideratutakoak. Autoebaluazioaren onurak ikusarazi behar dira, beraz.

Sarritan ezulertze horren arrazoia izan daiteke oso zaila gertatzen dela autoebaluaziorako materialetan izaten diren kontzeptuak ulertzea. Deskribatzaileen taulak gorabehera, ikasleek ondo ulertu behar dute horien atzetik zein kontzeptu dagoen eta praktikan zein esanahi duten. Lan hori erraztu egingo da denok terminologia komun eta argia erabiltzen badugu. Horregatik-edo, orain arte erabili izan ditugun zenbait tresnak ez du izan uste genuen besteko errentagarritasunik (autoebaluaziorako galdera-sortak eta orriak, kasu).

Portfolioak dakartzan euskarri materialak kalitate onekoak dira eta agian, balio dezakete ikasleak hausnarketa eta gogoeta egiteko, horretarako deskribatzaileen argitasuna aprobetxatuz.

Ikasleak bere ikas-prozesua planifikatu

Portfolioari esker ikasleak hizkuntza-ikasketan dituen lehentasunak zeintzuk diren zehaztea mesedetuko da baina agerikoa da honetan ere ohitura hartu behar dela. Horretarako irakasleok aholkularitza bultzatu ahal dugu ikas-prozesuaren hasieratik: zer lortu nahi duten entzun eta zer egin dezaketen aholkatu. Gehienetan zer lortu nahi duten badakite, baina ez dakite esplizitatzen, ez dakite tarteko etapak ezartzen eta abar. Aholkularitzaren bitartez lagundu ahal diegu lan honetan.

Horrek, jakina, irakasleoi lana ekarriko digu, baina beste alde batetik ikaslearen lehentasunak zein diren jakiteak lana erraztu ere egingo digu, bere helburuak eta beharrak asebetetzetik hurbilago egongo baikara.

Irakasleak ikaslea gidatu behar du

Aurreko puntuaren ondorio argia da hau: irakaslearen laguntza komenigarria da ikaslearen helburuak aukeratzen eta lortzen laguntzeko.

Irakaskuntza-metodologia

Aukera metodologiko zehatzez ari bagara, Atazatan Oinarritutako Ikaskuntza (AOI) egokitzat jo izan da behin baino gehiagotan. Gakoa da gaitasunak zeregin komunikatibo legez formulatuta egotea. Portfolioa tresna polita da ikaslearekin negoziatzeko bai helburuak, bai horietara heltzeko bideak. Ikasleak eta irakasleak, biek termino berberak erabiltzen badituzte prozesua adosteko, pausu handi bat emango da.

Koherentzia metodologikoa ziurtatu

Portfolioaren erabilerak bat etorri beharko luke euskaltegiaren metodologiak dakartzan bestelako praktikekin, eta beraz, gutxieneko koherentzia eta lotura ziurtatu behar dira bien artean: izaten al da euskaltegian autoebaluazioa bultzatzera diseinatutako atazarik, jarduerarik, ariketarik? Eta ebaluazio formatiborako praktikak zein dira eta zertan dira? Eta bultzatzen al dira ikasleak ikaskideen jarduna ebaluatzera? Dudarik ez da, horrelakoetan ohitura pixka bat duten ikasleek eta euskaltegiko praktikarekin gutxieneko koherentzia bat sumatzen dutenek errazago nabarituko dituztela Portfolioa bezalako erremintek ekar ditzaketen onurak.

Ondorio bidetik

Erreferentzia Markoa nahiz Hizkuntzen Portfolio Europarra gure errealitatean erabiltzen hasteak aukerak, zailtasunak, arriskuak, zereginak... ekarriko ditu, dudarik gabe. Hona hemen mintegiaren amaieran azaldutako batzuk.

Aukerak

Portfolioaren erabilera zabaltzea eta autonomia

Portfolioaren erabilera zabaltzen denean, balio praktikoa onartzen badiogu eta euskararen kasuan deskribatzaileen formulazioarekin asmatzen badugu, autonomiaren benetako lanketa geure ikasgeletara Portfoliotik etor liteke. Izan ere, portfolioaren izpiritua, besteak beste, ikaslea autonomoa izatera bultzatzea da.

Gainera, zenbait gairi benetan aurre egiteko ezinbestekoa dugu tresna objektiboren bat, gai horren garrantziaz argitasuna emango diguna. Autonomiaren lanketan, sarritan, praktikara eramateko tresna egokien falta izan dugu.

Gaitasun partzialak

Erreferentzia Markoa bereziki interesgarria izan daiteke hortik hainbat gaitasun partzial atera daitezkeelako eta horiek jomuga moduan hartuta lan egin daitekeelako bai ikasgelan, bai zentroen eskaintza gorpuzterakoan.

Ikas-ibilbide pertsonalizatuak

Aurreko puntuarekin lotuta, Erreferentzia Markoaren eta Portfolioaren erabilerei esker, erakunde ofizialek ezarritako programa eta kurrikulu estandarrez gain, ikas-ibilbide pertsonalizatuak diseinatzen hasteko moduan egon gaitezke. Izan ere, zenbaitetan kontrakoa irudi badezake ere, ikasleen tipologia luze-zabala da, helburuez eta gaitasunez ari garela. Horrela, badira azterketa edo perfil jakin bat lortzea helburua izan barik, euskara jakin-minagatik ikasi nahi dutenak, seme-alabekiko komunikazio hizkuntza izatea nahi dutenak, helburu kulturala dutenak edo beste edozergatik ere bestela ikasi nahi dutenak. Horiek askotan laguntza eskatzen digute beren helburuak betetzeko. Markoak horretarako aukera ezin hobea eskaintzen du.

Ikasleak zenbaitetan izan dezakeen autoestima baxuari aurre eginez

Erreferentzia Markoan lortu beharreko gaitasunak modu positiboan daude formulatuta eta autoebaluaziorako orduan, lorpen-neurgailuek (ekoizpen sinplea, konplexua, oso argia, normala, edozein...) ikasleak izan dezakeen autoestima baxua edo apaltasuna erlatibizatu egin dezakete.

Zailtasunak

Ikaslearen autonomia garatzea ez da dirudien bezain erraza

Ikaslearen autonomia aspalditik hizpide darabilgun gaia bada ere, gehienetan maila pertsonalean urrats txikiak baino ez ditugu eman eta erakundearen ikuspuntutik (euskaltegia, eskola...) jorratzeko dugun asignatura da. Horren arrazoia izan daiteke gaiaren beraren zailtasuna. Markoa eta Portfolioa, ez dira arazo guztien (eta aspaldikoen) konponbide izango, nahiz horretan lagunduko diguten.

Deskribatzaileen formulazioa teknikoegia zenbaitetan

Dena dela, deskribatzaile argigarrien eskalen agertzen diren kontzeptuak eta terminologia zenbaitetan ez bide dira oso ulergarriak ikaslearentzat. Profesionalontzat oso ezagunak diren hainbat kontu hiztun arrunt batentzat, agian, ezezagun samarrak izan daitezke.

Lanak ekartzen du lana

Zenbat eta helburu pertsonalizatuagoak, orduan eta programazio landuago edo berezituagoak. Eta hauxe da galdera: prestatuta ote gaude euskaltegietan (edo eskoletan) dibertsifikazio horri aurre egiteko? Zein baliabide beharko genuke? Autoikaskuntzan ari diren ikasleekin egiten hasiak gara programazio pertsonalizatuagoak, baina ezin ukatu, ikasle kopuru handia badu, dezenteko lana ekartzen diola honek irakasleari: ikas-materialak ongi ezagutu, ebaluaziorako tresna egokiak topatu edo sortu beharra, helburu ezberdinei begirako lanketa ezberdinak ikastalde berean...

Hori guztia, ordea, hobekuntza-prozesu baten baitan kokatu behar da, eta irakasleok, beraz, kontziente izan behar genuke gure hezkuntza-praktika ezin dela berehalakoan aldatu.

Hainbat kontu ez dago gure esku

Markoa eta Portfolioa gure artean garatzeko argi dago ezinbestekoa dela oraindik gure esku ez dauden zenbait egokitzapen eta moldaketa burutzea; hala nola, mailak Markoarenetara egokitzea, titulazioak akreditatzeko dauden azterketetan homologazio handiagoa eskuratzea...

Arriskuak

Berritasunaren lilura

Irakasleok joera izaten dugu tresna berri bat iristen zaigunean, harekin liluratu, ikasgelara gordinegi eraman eta ikasleak nekaraztekoa. Gogoan izan behar dugu Portfolioa ez dela oraindik oso ezaguna profesionalen artean, beraz, are ezezagunagoa gure ikasle gehienen artean. Horregatik, Portfolioa ikasgelara nola eraman oso ondo pentsatu behar genuke. Bestela, horren atalak ezagutu eta bat-batean ikasleak praktikan jartzea nahi badugu, kontrako eragina sor dezakegu.

Portfolioa ikasgelan erabiltzeko erabakia

Portfolioaren erabilera partzialak izan badaitezke ere, komeniko litzateke Portfolioa erabiltzeko erabakia euskaltegiak edo eskolak ahalik eta adostasun handienarekin hartzea. Zentro oso batek hartu ezean, hezkuntza-jardunaren koherentzia eta jarraikortasuna kaltetu daitezke.

Zereginak

Deskribatzaileak gure errealitatera egokitu beharra

Dagoeneko hainbestetan aipatu dugu deskribatzaile argigarriek izan dezaketen errentagarritasun didaktikoa handia dela. Bada, hala ere, halako zalantza edo eragozpena gai honetan: ez al daude deskribatzaileak hizkuntza handien ikuspuntutik formulatuta? Nolatan ekar daitezke horiek gurea bezalako hizkuntza minorizatu baten errealitatera? Zein dira birformulatu behar liratekeen deskribatzaileak? Zein emaitza lortu nahi genuke honekin?

Irakasleok ere prestatu behar dugu

Ikasleak helburuak ezartzen eta ebaluatzen jakin behar badu (horrek dakarren guztiarekin), argi dago lan horretan irakasleak lagundu beharko diola. Ba al dugu horretarako prestakuntza, ordea? Zein izan behar lirateke prestakuntza horren helburuak, bitartekoak eta aribideak?

Aurrera begira

Gorago aipatu denaren arabera, Erreferentzia Markoa ezagutu egin behar da lehendabizi lanketan hasteko. Ezagutzeaz gain, marko bateratua den neurrian ez dago hizkuntza jakin bati, egoera jakin bati, helburu jakin bati... begira eginda. Horrek egokitzapena eskatzen du. Markoak ematen dituen aukerak aztertuta europarrok zein hizkuntzatarako zein prozesu zein testuingurutan landu nahi dugun erabakita, horien araberako moldaketa egin beharko dugu. Gure kasuan, euskararen ikaskuntza-irakaskuntzaz ari gara: prozesua testuinguru jakin batean ematen da, bakoitzaren lana kokatuta dagoen eremuan eta helburu jakin batzuekin ari gara. Badugu, beraz, aurrerantzerako zereginik!


Bibliografia

  • Camacho, A. (2004): Hizkuntzen Portfolio Europarra: hizkuntzak ikasteko tresna
  • Europako Kontseilua (2001): Common European Framework of Reference for Languages: Learning, teaching, assessment. Cambridge: Cambridge University Press [Euskaraz HABEk egin du itzulpena eta honako helbide honetan dago eskuragarri: Erreferentzia Markoa
  • Eusko Jaurlaritza (2003): Hizkuntzen portfolio europarra. Vitoria-Gasteiz
  • HABE (1989): Alfabetatzeko eta euskalduntzeko programak. Donostia
  • HABE (1999): Helduen euskalduntzearen oinarrizko kurrikulua. Donostia

Eranskina: Erreferentzia mailak

A maila oinarrizko erabiltzaileari dagokio

A1 eta A2 mailak ditu bere barruan.

A1

Lehenbiziko Erreferentzia Maila. Komunikatzeko eta modu errazean informazioa trukatzeko oinarrizko gaitasuna adierazten du.Maila honetan ikaslea gai da eguneroko bizitzan sarri erabiltzen diren esapideak ulertzeko eta erabiltzeko, eta baita berehalako beharrak asetzera bideratutako esaldi soilak osatzeko ere. Badaki bere buruaren eta besteren aurkezpena egiten, eta helbideari, gauzei eta ezagutzen duen jendeari buruzko oinarrizko informazio pertsonala ematen eta eskatzen. Oinarrizko harremanak izan ditzake, baldin eta solaskideak mantso eta argi hitz egiten badio eta laguntzeko prest badago.

A2

Bigarren Erreferentzia Maila. Informazio erraza eta zuzena prozesatzeko gaitasuna adierazten du. Horrez gain, testuinguru ezagunetan adierazpenak egiten hasteko maila da.Bereziki esanguratsuak dituen esperientzia-esparruekin loturiko esaldiak eta esapideak, eguneroko bizitzakoak, ulertzeko gai da (bere buruari eta familiari buruzko oinarrizko informazioa, erosketei, intereseko lekuei, lanbideei eta abarri buruzko informazioa). Badaki ataza soilak eta arruntak egiteko orduan komunikatzen, baldin eta ezagunak edo ohikoak dituen gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena bakarrik eskatzen badute. Badaki bere iraganaz eta inguruneaz deskribapen errazak egiten, baita bere berehalako beharrei buruzko deskribapenak egiten ere.

B maila erabiltzaile independenteari dagokio

B1 eta B2 mailak hartzen ditu.

B1

Hirugarren Erreferentzia Maila. Aldez aurretik aurreikus daitezkeen egoeretan modu mugatuan adierazpenak egiteko gaitasuna adierazten du maila honek, baita egunerokoa ez den informazioa modu orokorrean tratatzeko ere.Maila honetako ikaslea gai da argi eta hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, lanaren esparruan, ikasketen esparruan eta aisialdian. Badaki hizkuntza hori erabiltzen den lurraldeetan bidaiatzean sor daitezkeen egoera gehienetan moldatzen. Gai ezagun edo interes pertsonalekoei buruzko testu soilak eta koherenteak osa ditzake. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai da, eta gai da, orobat, bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo bere asmoak azaltzeko.

B2

Laugarren Erreferentzia Maila. Komunikazio-helburu gehienak lortzeko eta gai-mota askotan adierazpenak egiteko gaitasuna adierazten du maila honek.Maila honetan ikaslea gai da gai zehatzei nahiz abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak ulertzeko, baita testu teknikoenak ere, betiere bere espezialitatearen arlokoak badira. Jatorrizko hiztunekin mintza daiteke, jariotasunez eta naturaltasunez, halako eran non ez solaskide batek ez besteak ez duten ahaleginik egin behar elkar ulertzeko. Testu argiak eta xeheak sor ditzake gai askori buruz, eta gai da, orobat, gai orokorrei buruzko ikuspegi jakin bat aldezteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez.

C maila: erabiltzaile gaituari dagokio.

C1 eta C2 mailak hartzen ditu.

C1

Bosgarren Erreferentzia Maila. Eraginkortasun handiaz komunikatzeko gaitasuna adierazten du, egokitasuna nahiz erregistroa errespetatuz, gaiak ezezagunak izan arren.Ikaslea gai da era askotako testu luzeak irakurtzeko eta nolabaiteko eskakizun-mailari erantzuteko, eta gai da, orobat, testu horietan esanahi inplizituei antzemateko. Badaki jariotasunez eta bat-batean gauzak adierazten, esapide egokia aurkitzeko ahalegin handia egiten ari denik sumatzen ez zaiola. Hizkuntza malgutasunez eta eraginkortasunez erabil dezake, helburu sozial, akademiko eta profesionalekin. Testu argiak, ongi egituratuak eta xeheak ekoizteko gai da, baita gai konplexuei buruzkoak ere, testuaren antolaketa-, artikulazio- eta koherentzia-mekanismoak zuzen erabiliz.

C2=

Seigarren Erreferentzia Maila. Eskakizun akademiko edo kognitibo handiko testuak erabiltzeko gaitasuna adierazten du, baita maila ertaineko jatorrizko hiztun batek askotan egin ditzakeen erabilera linguistikoen aldean eragiketa konplexuagoak egitekoa ere.Maila honetan ikaslea gai da irakurtzen edo entzuten duen ia guztia erraz ulertzeko. Badaki idatzizko nahiz ahozko iturri desberdinetatik datorren informazioa eta argudioak berreraikitzen, eta era koherentean eta labur adierazten. Badaki bat-batean, jariotasun handiz eta zehaztasunez gauzak adierazten, eta esanahiaren ñabardura txikiak bereizten ditu, baita konplexutasun handiko egoeretan ere.