«Lilurarik ez»: berrikuspenen arteko aldeak
(New page: ==Lilurarik ez== Hezkuntzan bada joera nabarmen bat, berrikuntza eta hobekuntza nahastearena, alegia. Irakaskuntza hobetzeko asmoz geure bihurtzen ditugu eskaintzen dizkiguten berrikuntza...) |
(Ez dago alderik)
|
11:23, 14 Abendua 2007(e)ko berrikuspena
Lilurarik ez
Hezkuntzan bada joera nabarmen bat, berrikuntza eta hobekuntza nahastearena, alegia. Irakaskuntza hobetzeko asmoz geure bihurtzen ditugu eskaintzen dizkiguten berrikuntzak eta azterketarako tartea ere hartu gabe ekartzen ditugu gure eguneroko jardunera. Halaxe gerta daiteke IKTek hezkuntza-testuinguruetan izan dezaketen erabilerarekin eta behar-beharrezkoa da gai honi behar duen arreta eskaintzea.
Teknologiak gure bizimododua eta lana errazteko eta arintzeko tresnak eta bitartekoak eskaintzen dizkigu. Teknologiaren berrikuntzak, bestalde, gero eta azkarrago gertatzen dira eta askotan astirik ere ez dugu izaten ezagutu eta praktikan ipinita ondorioak ateratzeko. Berahala datorkigu gainera hurrengo tresna edo asmakuntza eta berria ezagutu beharrak aurrekoen gaineko hausnarketa galerazten du.
Fenomeno hau bizitzako edozein arlotan gertatzen da eta, nola ez, baita hezkuntzan ere. Duela 40 urtetik hona irakasteko prozesuetan erabili izan diren baliabide teknologikoei erreparatzen badiegu, zailtasun handiegirik gabe konturako gara zein garapen gertatu den.
Bideoa, telebista, ordenagailuak, hizkuntz laborategiak, internet... horiek guztiek poliki-poliki izan dute sarbidea eskola-munduan. Gaur egun jakin badakigu tresna horien erabilera hutsak ez duela inondik ere hobekuntzarik ekarri. Ez ginen bat-batean hobeto irakasten hasi bideo-pelikulak ikasgelan sartu zitzaizkigunean, ez horixe! Egia da hasiera batean gure ikasleentzat horien erabilera motibagarri eta pizgarri suertatu zela eta arreta handiagoz ari zirelako sentsazioa izan genuen. Zenbat denboraz, baina? Zertan zen benetan hobekuntza hori, irakatsi eta ikasteko prozesuak ikuspuntu didaktikotik aztertuta?
Teknologiak ez dio aurrera egiteari utzi eta arbel digitalak zein blogak dira orain moda-modako tresnak, sarritan liluratu egiten gaituztenak. Hala ere, horien ekarpen didaktikoa aztertu beharko dugu, horien erabilera-baldintzak zein diren, inplikazio metodologikoak zein mugak zertan diren...
Bestela esateko, irakaskuntzako profesionalek teknologia berrien inguruko azterketa sakona egin behar dute, derrigorrez. Eta azterketa hori, jakina, irizpide didaktikoen araberakoa beharko du izan, beti ere kontuan izanda teknologiak hezkuntza-helburuen menpekoa izan behar duela.