Gela irekia: Santurtziko Udal Euskaltegiaren autoikaskuntza-zerbitzua

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 10:32, 30 Azaroa 2007

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Egilea: Jose Miguel Arnaiz
Erakundea: Santurtziko Udal Euskaltegia
Data: 1999
Non: EHUko Udako Ikastaroak


Oinarrizko kontzeptuak

edo zer berri autoikaskuntzaren kontu honetan
Ikaslearengan ardaztutako kurrikulua, benetako berrikuntza

Ikaslearen eskakizunetara, berri edo dagoeneko ezagun, eta beraren ezaugarrietara moldatu beharra dago, ikaslea hezkuntz-prozesuaren hartzaile huts bezala hartzen ez badugu behintzat.

Ohiko ikasgelan partaideen arteko negoziazioaren bidez saiakerak egiten ari bagara ere, irakasleak erabaki-esparru handia izango du ezinbestean.

Ikasbide berriak eratu behar ditugu, non, hizkuntzarekin batera, ikasleak erabakitzeko gero eta ahalmen handiagoa garatuko duen, ikas-prozesua beretzako modurik eraginkorrenean antolatuko badu.

Europako Kontseiluaren planteamenduen ildotik, gaitasun hori gero eta beharrezkoagoa izango dugu, horrexek bakarrik bermatuko baitu zeharo aldakorra eta anitza den gure errealitateak aurkeztuko dizkigun hizkuntz-eskakizunei egoki erantzuteko ahalmena, inongo programak egin ezingo duena.

Eta ez horretarako bakarrik. Ikaskuntzaren gaineko erabakiak zein bestelakoak nork bere gain hartzea funtsezko kontua da bizitza osoan zehar gizakiok garatzen dugun ikas-prozesuan. Ez dezagun ahaztu hezkuntzan ari garela.

Teknologia hezkuntz-helburuen menpeko

Edonolako teknologia dela, zahar edo berri, erabileraren gakoa ondorengo galderetan datza:

  • Ikas-prozesuaren gaineko erabakiak nork hartuko ditu? Ikasleak ala irakas-sistemako beste osagaiek: irakasle-tutoreak, teknologiak berak ... ?
  • Ikasleari informazioa eskainiko dio, erabakitzeko datuak ala egiten duenaren kontrola eramango du, erabakiak finean beste batek hartzeko?
  • Norabide bakarreko informaziorako balioko du, telebistaren antzera, ala ikas-irakaskuntz prozesuan parte hartzen duten lagun guztien arteko komunikazioa ahalbideratuko du?

Gure ustez, erabakiak ikasleak hartu beharko ditu. Ikaslea informatu egin behar da, ez kanpotik kontrolatu. Eta informazio hutsa baino, komunikazioa bultzatu behar du teknologiak. Honela izan ezean, arrisku handia dago betiko hezkuntz-ikuspegia errepikatzeko, baliabide modernoez apaindurik.

Aurretik irizpide argirik ezarri gabe, goian esandakoak edo beste batzuk, teknologiaren lilurak zera eragin dezake: egin nahi duguna baliabideek eskaintzen dituzten aukeretara makurtzea, hezkuntz-munduan izandako aurrerapenak geldituz edo, are arriskutsuago, dagoeneko gainditutako hezkuntz-ikuspegietara bueltatuz. Bestela jokatu beharko genuke.

Autoikaskuntza-zerbitzuaren ezaugarriak

edo nora heldu nahi dugun
Zerbitzua, ez gela.


Ikasbide ahalik eta osoena nahi dugu, ez ohiko klasearen lagungarri soila, bideo-gelaren antzera. Beraz, aukera eman behar zaio ikasleari lau trebetasunak garatzeko, mugak gorabehera.

Argi dago trebetasun hartzaileak errazago gara daitezkeela honelako sistema batean, baina berorietarako ere bada lagungarri besterekiko elkarreragina, dela ikaskideekin dela zerbitzuaren arduradunekin.

Beste aldetik, ekoizpenari begira ikasleak sortzen dituen mezuen hartzailea, hizkuntzaren gaineko feedbacka emango duen tutorea eta komunikazioa sustatuko duen dinamizatzailea ere ezinbesteko dira, ikaslea gela hotz batean bakarrik sentitzea nahi ez badugu.

Honi autonomizazio-prozesuan lagunduko duen aholkularia gehituta, gutxienez lau rol ezberdin ditugu, harrera kontuan hartu gabe. Honek ez du derrigor esan nahi lau edo bost lagun behar direnik, baizik eta zerbitzua aurrera eramango dutenek rol horiek guztiak jokatu beharko dituztela. Agian ez batera, ez ikasle guztiekin eta ez goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara etengabean.

Rol hauek zeinek eta nola jokatu erabakitzeko honakoak dira aztertzeko: espezializazioaren abantailak eta denok dena egiten jakitearenak eta bestetik, erakundeak, zentroak dituen giza-baliabideak eta berauen kudeaketa.

Baina argi baino argiago dago aipatu rol guztiak bete egin behar direla, ordenagailu-gela edo informatikak lagundutako klase partikularra baino harantzago joan nahi baldin badugu behintzat.

Nazioarteko zerbitzua

Santurtziren mugak gaindituta, edozeinentzako ikasbidea izango da, gure ondoan bizi denarentzat zein lau mila kilometrora bizi eta euskara ikasi nahi duenarentzat.

Honetarako batetik, euskara eta gazteleraz gain, nazioarteko gutxienez beste hizkuntza bat erabiltzeko kapaz izan beharko dugu zerbitzua kudeatzeko orduan. Eta bestetik, Internet protokoloetan oinarritutako teknologia ezinbestekoa zaigu gure herriaren esparrutik harantzago mugituko bagara.

Zerbitzu malgua

Benetan malgua eta ikaslearen beharretara egokitzeko modukoa izan dadin ondorengoak beharko ditu bete:

Materialak edozein soportetan erabiltzeko aukera eman behar zaio ikasleari: papera, soporte informatikoak, audioa, bideoa, ahozko zuzena ...

Jarduera motak ere anitz izango dira: ikuspegi komunikatiboa islatzen dutenak zein "drill" estrukturalak; hizkuntzaren erabilerara bideratutakoak zein dena delako azterketa gainditzea helburu dutenak.

Ikas-erritmo malguak. Zerbitzuaren bertako erabilerarako, presentzialerako, hamar orduko moduloak aurrikusten baditugu ere, epe luzeago zein motzagoko moduloak ere eskainiko dira, ikasleak hala nahi izanez gero eta, batez ere, Internet bidezko saioetarako, non denbora baino, irizpidea agian feedback-saioen kopurua izango den.

Komunikazio-erak edo bideak eskura ditugun guztiak izango dira: telefonoa, zuzena edo presentziala, Webgunea, posta elektronikoa eta, zergatik ez, posta arrunta. Hauen artean bat aukeratu baino, ikasleak beti edukiko du momentuan momentuko beharrizanen arabera egokien zaiona erabiltzea.

Zerbitzuko arduradunekiko elkarreraginerako hizkuntza aukerakoa izango du ikasleak. Hizkuntzari berari begirako jardueretan xede-hizkuntzaz, hau da, euskaraz komunikatzera bultzatzen badugu ere, gaztelera eta nazioarteko beste bat ere izango ditu beti aukeran, helburu nagusia hasieran aipatutako autonomizazio-prozesua duten saioetan batez ere.


Egindako lana

edo orain arte hartutako erabakiak


Informazio-bilketa

Antzeko esperientziak aztertu ditugu, bertara joanda (Katalunia, EAE) eta Internet bidez (Jaume I-eko C.A.L. delakoa, Pompeu i Fabra-koa ...)

Teknologiaren inguruko informazioa lortu dugu, teknikariekin hitz eginez eta amaraunean.

Oinarri teorikoa jorratu dugu eta gure formazioa sakondu: artikuluak eta (Europako Kontseilua, Nancy-ko Unibertsitatea, Castelloko Jaume I, HIZPIDEn eta euskaratutakoak ...); ikastaro eta kongresuak (Interneten inguruan UEUk eta Eusko Ikaskuntzak antolatutakoak; autoikaskuntzaren inguruan TANDEM Fundazioak eta Bartzelonako Drassaneseko Hizkuntz Eskolako Mireia Bosch-ek emandakoak; testu-tipologiaz eta ariketen analisiaz Jaume I-eko Marisa Villanuevarena)

Zerbitzuaren behin-behineko diseinua

Berau islatzen duen txostena idatzi eta irakasle-klaustroan zein SUE Herri Erakundearen Gobernu-batzordean aurkeztu genuen, proiektuak onarpen ofiziala izan zezan. Honekin batera, HABEko Zuzendari Orokorrari ere jakinarazi genion.

Proiektuaren gauzatzearen hastapenak

Ekipo informatikoen arteko komunikazioa eta ikasle-irakasleoi Interneterako sarbidea eskainiko zigun sarea muntatu genuen.

Ikasleak munduko edozein tokitatik gure materialerako sarbide izango duen Webgunea diseinatu eta Interneten argitaratu genuen, lehen probak egitearren.

Euskaltegitik bertatik gure materialetara eta merkatuko CD-ROM motakoetara sartzea ahalbideratuko duen egitura informatiko erraz eta segurua diseinatu eta hasi ginen probatzen. Honekin batera, sareak ematen dituen aukerak aprobetxatuz, ikasleek beren portfolio informatikoa izateko bidea ikertu eta probatu genuen.

Gure material didaktikoak halako zerbitzu batean izan behar dituen ezaugarriak zehaztu eta beroriek antolatzeko ariketa-bankuaren behin-behineko sailkapena sortzeari ekin genion.

Aipatu sailkapenean sartzeko materialak azkeneko urteotan SUEko irakasleok egindakoetatik aukeratu, egokitu eta, behar izan denean, sortu ere egin ditugu, oraingo lanik premiazkoena berau delarik.


Gerora begirakoak

edo aurrean dugun bidea


Ibiltzen hasita, hurrengo pausoak

Epe motzera begira, ondorengoak dira jadanik hortxe ditugun erronkak:

  • Zerbitzu presentzialari hasiera eman.
  • Internetetik heltzen zaizkigun eskariei (ikas-materialen inguruko informazioa, ariketak ...) era egokian erantzun eta euskara ikasi nahi duten internautak Webguneko baliabideen erabilerara bultzatu, beraiekiko komunikazioa zainduz.
  • Behin-behineko ariketa-bankua osatu, probatu eta, hala behar izanez gero, egokitu eta hobetu.
  • Formazioan sakondu, batez ere aholkulariaren rolak eskatuko dizkigun ezagutza eta trebeziak garatzearren.