Bizitasun etnolinguistikoa

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Aldagai psikosozialak


Bizitasun etnolinguistikoak, hizkuntza eta kultura aldetik ezaugarri bereziak dituen giza talde baten bizi-indarrarekin du zerikusia. Gizarte psikologiaren eremuan sortu eta garatutako kontzeptua dugu; eta H. Giles, R.Y. Bourhis eta D.M. Taylor ikerlarien artikulu batean ("Towards a Theory of Language in Ethnic Group Relations", 1977) du jatorria. Berauen kezka zera zen: hizkuntzak, etnizitateak eta taldeen arteko harremanek zer nolako lotura zuten aztertu eta zehaztea.

Oso ugariak aztertzen ari garen kontzeptuarekin lotuta ikertu diren gaiak: kulturen arteko komunikazioa, identitatea, hizkuntza jarrerak, portaera etnolinguistikoak, hizkuntzaren ikasketa, bigarren hizkuntza, elebitasuna, paisaia linguistikoa... Eta hainbat aldi igaro ditu bere bilakabidean, jatorrizko indarrari eutsita eta erakargarritasunik galdu gabe.

Hasierako formulazioan bizitasun objektiboaz mintzo ziren. Hau da, hizkuntzaren garrantzia azpimarratzen zen, hizkuntza identitate etnikoaren eta kultura elkartasunaren sinboloa eta maiz etinizitatearen adierazle nagusia izan daitekeen aldetik.

Arazo hauek aztertzeko bi tresna nagusi proposatu zituzten Giles, Bourhis eta Taylor irakasleek: - Bizitasunaren fakoren objektiboen taula - Prozesu psikosozialak; hau da, hizkuntzaren eta talde etnikoen arteko harremanak aztertzeko proposamen teorikoa. Faktore objektiboen artean aipatzen dituzte hizkuntzaren estatusa, demografia eta babes instituzionala. Estatusaren barruan sartzen dituzte hizkuntzaren prestigioa eta honetantxe eragiten dituzten faktore ekonomikoak, sozialak, historikoak eta lingusitikoak. Demografiaren atalean, berriz, hiztunen kopurua, berauen banaketa... Eta babes instituzionalean, hizkuntzak erakudeetan duen pisuan islatzen da (gobernua, eliza, ekonomia...)

Faktore bakoitzaren neurria edo tamainao "altua", "ertaina" edo "txikia" izan daiteke. Eta faktore guztien bilketatik aterako zaigu bizitasun etnolinguistiko orokorra.