Hizkuntz analisiak egiteko irizpideak gogoratuz
Gramatikaren didaktika |
|
Gaitasun linguistikoa gaitasun komunikatiboaren barruan aztertu beharrekoa da. Horrela, gramatikaren didaktika baino, hobe genuke hizkuntzaren didaktika esatea. Izan ere, hausnarketa gramatikalaren zeregina testuen ulermena eta ekoizpenarekiko erlazioan ulertu behar dugu: hizkuntzaren alderdi formalaren balioa komunikazio-helburu jakinak lortzea izango da.
Dakigunez, testua dugu komunikazio-esparru behinena. Komunikazio-unitate txikiena, ordea, hizketako egintza da: hiztun biren edo gehiagoren arteko komunikazio-truke bakoitza izango da hizketako egintza.
Hizketako egintzak ez dira era isolatuan gertatzen, eta horrela, hizketako egintza-multzoak (haces de actos de habla) izango ditugu aztergai. Horiei esker, testu-era jakinak identifikatuko ditugu. Testu-tipologiak testuen sailkapenerako marko abstraktuak dira, testu-era jakinetan gauzatzen direnak.
Hizketako egintza bakoitzak bi osagai izango ditu: enuntziatua —mezua bera— eta enuntziazioa —enuntziatua ekoizten deneko ezaugarriak— .
Horrekin batera ez dugu ahaztu behar asmo jakin bati zor zaizkiola hizkuntz produkzioak oro, halako hurrenkera sortuz:
Asmoa funtzioa forma
Analisia egiteko prozedura asmoa zein den aztertzetik has daiteke, gero funtzioa eta azkenik forma. Baina bestela ere gerta liteke: lehenik forma aztertu, gero funtzioa eta azkenik asmoa:
Asmoa funtzioa forma
Laburbilduz, hortaz, aldagai horien guztien —enuntziazioa, enuntziatua, hizketako egintza, hizketako egintza-multzoak, testu-erak eta testu-motak, asmo komunikatiboa, funtzioa eta forma— interakzio-modua izango da langai. Elementu horien azterketa integratutik sortuko da gramatika-arauen analisi komunikatiboa.