Ikuspegi komunikatiboa
Irakaskuntza |
|
Zertan den
Richards eta Rodgers-en ustez (1986:85) hizkuntzaren irakaskuntza komunikatiboa metodoa barik, ikuspuntua edo enfokea litzateke zeren bai diseinuaren, bai prozeduraren mailan ohiko metodoek onartzen duten baino aukera gehiago ematen baitu interpretazio eta egokitzapen pertsonalerako.
Sheils-ek (1988) ondorengo printzipioak aipatzen ditu ikuspegi komunikatiboa deskribatzeko:
- Helburu komunikatiboz sortutako hizkuntza erabiltzea.
- Ikaslearengan ardaztutako irakaskuntza izatea.
- Gaitasun komunikatiboaren garapena funtsezkotzat jotzea.
- Ikasleen beharrak eta espektatibak kontuan hartzea.
- Hizkuntzaren lanketan esanahiaren negoziaketa funtsezkoa izatea.
- Hizkuntzaren alderdi sozio-kulturalaren garrantzia azpimarratzea.
- Ikaslearen ikas-autonomiaren garapena bultzatzea.
- Gizabanakoarekiko begirunez jokatzea.
Ikuspegi psiko-pragmatikoa
Esan ohi da ikuspegi komunikatiboak hiru aldi izan dituela, baina aldi berean garatu dira prozesu kronologikoari jarraitu gabe (Vez, 1998: 84). Aldi horiei, ordea, izen ezberdinak eman zaizkie autoreen arabera. Vez-ek atazen lehen, bigarren eta hirugarren belaunaldiak aipatzen dituen bitartetan, Villanuevak (1997) ikuspegi nozio-funtzionala, 8. hamarkadako ikuspegi komunikatiboak eta ikuspegi psiko-pragmatikoa deskribatzen ditu.
Gure ustez, ikuspegi psiko-pragmatikoaren alde egin behar dugu. Villanueva eta Serrak (1990) hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzarako eredu psiko-pragmatikoa zirriborratzen dute, honako tasun hauek azpimarratuz:
- Komunikazioa helburu duten Enuntziazio eta Testuaren linguistikak gidatu behar luke eredu hau.
- Eredu psiko-pragmatikoak kurrikuluaren prozesuzko izaria izan behar du bere baitan.
Ikus dezagun zehatzago, ezaugarri behinenak aipatuz:
- Paradigma psikolinguistikoa: kognitibismoa eta konstruktibismoaren garrantzia bereziki azpimarratzekoa da. Lehenago aipatu bezala (1. Ikaskuntza), hainbat kontzeptu ditugu garrantzia horren adierazle: autonomia, ikaskuntza esperimentala, estrategia kognitiboak, ikas-estiloak eta eskemen teoria.
- Paradigma linguistikoa: testuaren linguistika eta diskurtsoaren analisia oinarri izango dira.
- Helburuak: helburu komunikatiboen araberako estrategien eskurapena izango da funtsezkoa. Horrekin batera, atzerritar baten komunikazio-estrategiak mesedetuko dira eta autonomiaren garapena.
- Metodologia: aurkezpen diskurtsiboa, dibertsitatearen trataera, programazio malgu eta negoziatuak, hizkuntza idatziaren ikuspegi komunikatiboa, helburu zehatzei dagokien ikaskuntza, atazak, proiektuak, aktibitate metakognitiboak, e.a.