Ikerketen hainbat ondorio

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:46, 19 Azaroa 2007

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu

{Idazmena}} Cams-ek (1993) idazketaren irakaskuntzari buruzko berrikusketa-artikulu batean hiru ikerketa-ildo nagusi laburbiltzen ditu, nahiz horien arteko harremanak badirela azpimarratu. Ondorengoak ditugu: idatziaren ekoizpenean inplikaturiko prozesuen analisia, ahozko interakzioa idazketaren ikaskuntzarako, eta azkenik, testua eta bere funtzioen azterketa. Labur-labur azalduko ditugu ildo horien ekarri nagusiak.

Idazketa oso jarduera konplexua da

Idazketa-prozesua ikaragarri zail eta konplexua da. Idazleak idatzi bitartean elkarren artean loturiko ekintza asko burutzen ditu maila ezberdinetan. Horrela, ikasleak zeregin zehatza duela (eskutitz bat idaztea, iritzi-artikulu bat...), egoera diskurtsiboaren berri izan behar du (nor den igorlea, nor hartzailea, zein helburu duen idaztean...) eta horren arabera planifikazio-prozesuari ekin behar dio (helburuarekin bat datozen ideien aukeraketa eta antolamendua). Planifikazio-aldi horretan zehaztutakoa idazketa-aldian erabili beharko du testualizazioa burutuz. Berrikusketa-aldiak ekar dezake hasiera batean planifikatutakoa edo geroago idatzitakoa aldatzea.

Zentzu horretan, prozesua ez da lineala zeren aldiak ez baitira beti ordena jakinean gertatzen: azpi-prozesuak elkarren menpekoak dira eta errekurtsiboak.

Idazle adituak/Idazle ez-adituak

Idazle adituak eta ez-adituak bereizten dituen alderdi garrantzitsuenetako bat testuen planifikazioari eta berrikusketari eskainitako denbora izan ohi da. Idazle hasi berriek edo ez-adituek, oro har, planifikazioari oso denbora laburra dedikatzeaz gain, testuaren azaleko berrikusketa baino ez dute egiten. Denboraz gain, prozesu horiek burutzeko trebezia eta gaitasuna izaten dira erabakigarriak.

Nolanahi ere, planifikazioa eta berrikusketa oso estuki loturiko alderdiak direla, testuaren edukia eta berorren egituraketaren berrikusketa, egoera diskurtsiboarekiko edukia eta formaren egokitasuna, e.a., bakarrik izango dira posible, baldin eta idazleak planifikazio-aldian arazo horiei begirako egitasmorik planteatu badu.

PLANIFIKAZIO- ETA BERRIKUSKETA-PROZESUEN BEREBIZIKO ZAILTASUNA

Bi prozesu horietan parte hartzen duten gaitasun kognitiboak oso konplexuak izaten dira. Berrikusketan, esaterako, inplikaturiko operazioek —arazoren bat detektatu, identifikatu eta soluzioa ematea— gaitasun kognitibo eta linguistiko ezberdinak eskatzen dituzte. Horrela, ikasleak bere testuan arazoak erraz edo detekta ditzake, baina, ez ordea, identifikatu. Identifikatu ahal izateko, idatzi duena eta idatzi nahi zuena errepresentatzeko eta alderatzeko gaitasuna behar da. Berrikusketak, gainera, ideia bera adierazteko bestelako moduak pentsatu eta horiek garatzeko baliabide linguistikoak eskatzen ditu.

Berrikusketa, bestaldetik, ez da bakarrik idatzitako testuaren gainean egiten, idazketaren azpi-prozesu guztien gainean baizik. Horrek, ageri denez, erakusten du lehen aipatu dugun planifikazio eta berrikusketaren arteko erlazioa.

ESKOLA-TESTUINGURUAREN ERAGINA

Ikasleen produkzioetan planifikazio eta berrikusketarik ez da askotan izaten. Horren arrazoiak eskolak berak idazteko ezartzen dituen egoera eta baldintzak izaten dira. Behar baino gehiagotan idazketa-prozesuaren berezko ezaugarriak instrukzio formaleko egoeretan deuseztatuak geratzen dira: idaztea irakasleak jarritako gaiaren inguruan idazlana egitea da, irakasleak egoki iritzitako momentuan, denbora mugatuan eta ikasleak idatzi / irakasleak zuzendu prozedura gertatuz.

Badirudi, beraz, bestelako esperientziak bultzatuz, aipatu prozesuak mesedetzea lor litekeela. Adibide gisa, ondorengoak aipa genitzake: taldekako idazlana, taldekako edo guztion arteko testuen planifikazioa eta berrikusketa, idazten den testuak izango dituen hartzaile eta helburu errealak errepresentatzea...

IDAZKETA-PROZESUEN ANIZTASUNA

Dakigunez, idazle-mota asko dago: pausuz pausu idazten dutenak, zirriborro moduan lerro bakan batzuk idatzita idazketari ekiten diotenak, aurretiaz ezertxo ere idazten ez dutenak, elementu guztiak izan artean idazketari ekiten ez diotenak eta testuaren zirriborro edo bertsioak idazten dituztenak.

Norbanakoari dagozkion aldagai horietaz gain, badira beste batzuk prozesuei ere eragiten diotenak. Ikasleari idatzi behar duen testuaren egitura barneratuta duenean , errazago gertatuko zaio barneratuta ez duen testu baten idazketan baino. Hainbat ikasleri, beraz, testu narratiboen idazketak arazorik sortzen ez dien bitartean, argudiozko edo azalpenezkoak idazteak ezinaren aurrean jartzen ditu.

AHOZKO INTERAKZIOA IDAZKETAREN IKASKUNTZARAKO

Idazketa-prozesuan oinarritutako ikerketek baieztatu dute ikasle eta irakaslearen arteko ahozko interakzioak zein ikasleen artekoak garrantzia handia dutela ikaskuntzan. Izan ere, hizkuntza ikasgaia da, baina aldi berean ikas-prozesuan bitartekari eta komunikazio-tresna: zeinu linguistikoen sistema erabiltzen da, sistema horren komunikazio-funtzioetako batzuk garatzeko aktibitateak kontrolatzeko.

Irakaslearekiko elkarrizketa horien bitartez, ikasleak edukiak eta prozedura eraginkorrak barneratzea mesedetu nahi da, geroago era autonomoan erabili ahal izateko.

Hona hemen elkarrizketa horien hainbat ezaugarri:

  • Irakasleak ikasleak bere testuaz zer esaten duen entzuten du, nork bere ideiak deskubritzen eta ahoz adierazten ikasiz.
  • Irakasleak ez ditu zuzenean arazoak konpontzen. Ikasleek berek, testuez hitz eginez, ikasten dute idazkia gogoeta-gaitzat hartzen eta zailtasunak bere kabuz ebazten. Bestela esateko, euren testuekiko irakurle kritikoak izaten ikasteko modua eskaintzen du.
  • Elkarrizketaren gaiak eta kontrola ez dago irakaslearen esku bakarrik. Ikasleak ere gaiak planteatu eta galderak egin ditzake. Irakaslearen funtzioa elkarrizketa antolatu eta gidatzea da.
  • Irakasleen galderak irekiak dira, ikasleek erantzun erreflexiboa bultzatzeko asmoz.
  • Honelako elkarrizketetan posible dira etenak eta isiluneak. Horrela, ikasleei gogoeta egiteko bide emango diegu.

Ildo beretik, ikaskideen arteko elkarrizketak bultzatu behar genituzke. Idazleak, horrela, irakurle batzuen berehalako erantzuna jasoko luke, baina ez epailetzat hartuta, baizik eta komunikazio-prozesu bateko laguntzailetzat. Horren bitartez mesedetu ahal dugu idazleak bere testutik distantzia hartzen ikastea eta irakurle gisa ikustea, hau da, besterena balitz bezala irakurtzea.

TESTUA ETA BERE FUNTZIOEN AZTERKETA

Ageri-agerikoa da testuaren linguistikak 2Hren irakaskuntzan izan duen erabateko eragina. Badirudi gaur egun adostasun handia dagoela testu-egiturek eta komunikazio-egoeraren araberako ezberdintasun diskurtsiboek bat egin behar dutela idazten irakatsi eta ikastean.

Horregatik, idazketa-ariketak egoera diskurtsibo errealetan, hau da, benetan gerta daitezkeen komunikazio-egoeretan oinarritu behar dira, testu egokia ekoiztu den neurtzeko modua izan ahal izateko. Ondorioz, argudiozko testu bat, kasu, idazten ikasteko, ikasleak norbait konbentzitzeko beharra sentitu behar duela, egoera horretan ikusi behar duela burua, alegia.