Nobela baten lanketaren historia

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Egilea: Begoña Escudero Bizkarguenaga
Erakundea: Santurtziko Udal Euskaltegia
Data: 2005
Non: HIZPIDE, 60


Liburuaren aukeraketa; zergatiak

2002-2003 ikasturtearen hasieran EKPren bigarren mailarako planari begira egin beharreko lanen artean, irakurketa estentsiboa lantzeko liburu zerrenda bat osatzea zegoen, Arretxe, Sagastizabal...eta euskaltegiko klasiko hauetaz gain berriren bat sartu nahian Unai Elorriagaren SPrako tranbia proposatu nuen, ni neu, irakurle zein irakasle bezala, liburu honek harritu egin ninduelako.

Irakaslea naizen aldetik, zera ikusten nuen: nobela honek ezin hobeto adierazten du gure mailan, EKPko bigarrenean, lortu behar dugun ulermen pragmatikoaren helburua. Labur-labur esanda, gramatika liburuetan azaltzen den hainbat elementuk askotan benetako komunikazio ekintzetan oso bestelako erabilera izaten dute, gramatika liburu hauetan azaltzen ez dena eta nobela honetan horren adibide ugari dago.

Dena dela, zerrendan sartu ala ez sartu ibili ginen eta zirt edo zart egiteko honelakoak kontuan izan genituen:

Zailtasunak

  • Nobela honetan kontatzen zaigun istorioak baditu hasiera, jarraipen eta amaiera bat, baina irakurleak ordenatu behar du, nobela ez dagoelako era linealean taxututa.
  • Istorioaren narrazioez gain, testu mota desberdinak tartekatzen dira narratzailea aldatuz eta horren arabera tokia zein garaia ere bai, hala nola, ipuinak, pertsonaia nagusien burutazioak, egunerokoak...
  • Ikasleak laguntza beharko du, hasieran batez ere, irakurketaren nondik norakoak ikusi ahal izateko.

Abantailak

  • Idazteko estiloa xumea da, idazleak oso ondo aukeratzen ditu hitzak, ahalik eta hitz gutxien eta apalenekin mezurik mamitsuena igortzeko.
  • Umorea, ironia, tristura eta maitasuna adierazteko baliabideak ulertzen eta jasotzen trebatzeko aukera ematen du.
  • Bigarren mailako helburuekin bat dator. Lehen aipatutakoez gain, honako beste hauek: hitzen atzean zer dagoen ulertu, hitza ez dela hitz horren esanahira mugatzen...Gainera, testu mota ezberdinak erkatzeko eta hauen erabilera ikusteko aukera ere eskaintzen du.

Aldekoak eta kontrakoak aztertu ondoren irakurketa egokia iritzi eta zerrendan sartu genuen.

Idazlea ezagutu, girotu, irakurtzeko giroa sortu

Lehen urratsa eman ondoren eta zuzenean irakurketarekin hasi aurretik girotze faseari ekin genion: idazleari buruzko informazioa, nobelari berari buruzkoak, protagonistak... Girotze faseak izugarrizko garrantzia du gero egingo den lanak arrakasta izan dezan, izan ere, ikaslearen arreta pizteko, lehendik ezagutzen duenarekin lotzeko eta burutu beharrekoari konfiantza handiagoz heltzeko edozein irakurgai, entzungai edo ariketari ekin aurretik egiten dugun lana izaten da.

Gure kasuan ohiko girotze fasea izan behar zuena egun batzuetako lana bihurtu zen. Ohikoa diot, hasieran material gutxi eskuratu ahal izan genuelako eta apur horrekin moldatu beharra genuen. Egia esan, Unai Elorriaga idazle gaztea da, lehen eleberria du SPrako tranbia eta gure lan honen abiapuntuan, urrian alegia, gero beteko zituen aldizkari eta saioetako orrialde eta minutuak bete gabe zituen. Gauzak horrela, nobela argitaratu zeneko kritikaren bat aurkitu genuen interneten, eta horretan ari ginela, girotze fasea prestatzen, horra hor non saria irabazten duen. Hortik aurrera material ugari hasi zen argitaratzen, formatu, estilo eta tonu anitzetan eta lanketa mota ezberdinak bideratuko zituena, hala nola, aldizkari eta egunkarietako artikuluak, telebistako erreportaje eta elkarrizketak, irratian beste horrenbeste...

Sariaren kasualitatea lagun, material bilketa eta xahuketa egin ostean hauexek aukeratu genituen erabiltzeko: Sorginen Laratza telebista saioan egin zioten elkarrizketa (umoretsua), Lauretan Babel irrati saioan eginiko elkarrizketa (tonu serioagoa, bertan, gainera, pasarte batzuk irakurtzen ziren), Euskaldunon Egunkaria, Argia aldizkaria (bi hauek elkarrizketa serioak, idazteko estiloa eta literaturari buruzkoak) eta Campus izeneko Unibertsitateko Aldizkariko elkarrizketak, bertan, Unai Elorriagaren figuraren ezaugarriak aipatzen dira batez ere, bere zaletasunak, bizimodua etab.(1 eranskina) Bildutako material erreal hauekin ikasleek burutzeko atazak sortu eta klasean erabili genituen, beti ere, lehen aipatu dudan bezala girotzeko, gero irakurriko zuten nobelari hurbiltzeko asmoz; batetik ulermena errazteko eta bestetik irakurtzeko gogoa pizteko.

Nobelaren lanketa bera

Liburuaren egituraketa berezia da, zortzi atal ditu eta ia guztiek betetzen dute ondorengo protokoloa:

  • Hasieran, protagonisten kokapena gaur egun. Narrazioa aurrera doa eta eguneroko bizimodua kontatzen digu. Testu hau narratzaile baten eskuetan dago eta elkarrizketa ugari ditu.
Honen ostean, eranskin modura, protagonista nagusien testuak, denak lehenengo pertsonan kontatuta:
  • Lucasek bere burutazioak idazten ditu ariketa moduan, sendagileak burua ez galtzeko gomendatu dio-eta.Egunerokoa.
  • Maria bere arrebak idatzi duen ipuina zatika agertzen da nobelan zehar atalez atal.
  • Marcosek, etxean hartu duten okupak, eta Roma honen lagunak ere idatzi egiten dute hausnarketak, oroitzapenak
  • Matias zenak bidalitako gutunak

Hauxe da, egitura hain zuzen ere, nobelaren zailtasunik handiena. Izan ere, atal bakoitzean testu mota ezberdinak agertzen dira, era berean, lekuak, protagonistak eta garaiak ere testu mota horien arabera aldatzen dira.

Nobelaren lanketa astez aste egin dugu, astero atal oso bat landuta. Gure prozedura honako hau izan da; irakurketa etxean egiten zuten ikasleek eta lanketa, berriz, eskola orduetan eta talde txikietan. Ikasleek, egun jakin baterako zegokion atala irakurrita ekartzen zuten eta atal horren lanketarako beren beregi sortutako ariketa egiten genuen saio horretan.

Non irakurri eta nolako taldeetan aritu taldearen ezaugarrietara egokitu behar den erabakia da. Dena den, irakurketa luzea denean eta liburu honetan halakoxea da, etxean eta patxadaz irakurtzea komeni da ikasgelan elkarreragineko lanerako denbora luzeagoa eskaini ahal izateko. Ikasleak bat agertu ziren, nahiago izan zuten etxean irakurri, bakoitzak bere abiaduran, lasai-lasai, inork erritmoa ezarri gabe.

Talde txikietan aritzeak, berriz, abantailak ditu; hiruzpalau ikaslez osaturiko taldeetan arituta ikasleak parte hartzeko eta interakziorako aukera handiagoa izango du; gainera, talde txiki hauetan egindako lana, ateratako hipotesiak gainontzekoetan egindakoarekin erkatu eta azaltzeko aukera emango du.

Orokorrean atal bakoitzeko ariketa bat sortu dugu, baina, zenbait ataletan pasarte bereziren bat azpimarratu nahi izan dugulako edo irakasleak eranskinetako bat aparte landu nahi izan duelako ariketa bereziak ere sortu dira, guztira 11 ariketa.

Nobelan zehar, gainera, lanketari begira independentetzat har daitezkeen testu batzuk daude. Hauek nobelatik aterata, egoki ikusi den unean landu dira. Esaterako, 5. atalean honelako testu bat dago, guk Rosarioren gabonak izendatu duguna. Bertan, protagonisten auzokoaren gabon gaua kontatzen digu idazleak. Pasarte hau, gabonei buruzko gaiak jorratzen genituen sasoian aparteko ariketa bezala landu genuen, nobelaren irakurketa 3 atalean zihoanean.

Ataza edo ariketen izaera aldatuz joan da nobelaren irakurketan aurrera egiten genuen heinean. Hasierako ataletan (1,2) ariketen helburua hauxe izan zen; pertsonaien aurkezpena, kokapenak eta idazlearen estiloaren azterketa testu motaren arabera. Lehentasunik handien pertsonaiak ezagutzeari ezarri genion euren izaera, zaletasunak, bizipenak, oroimenak eta honek guztiak eramaten gaitueneko garai eta kokapena; Lucas, nolakoa da?, zer jarrera du? zeintzuk dira bere bizitzako mugarriak?, era berean, beste horrenbeste Maria eta Marcosekin.

Idazlearen estiloari dagokionez aztergai izan genuen, pertsonaia bakoitzari bere ezaugarrien arabera, hitz egiteko modu berezia ematen diolako, narrazioen osteko eranskinetan idazleak estilo ezberdinez idazten du Maria, Lucas, Marcos, Roma edo Matias denean, pertsonai hauen nortasun berezien arabera bakoitza testu mota baten bitartez azaleratzen delako.

Ataletan aurrera egin ahala, lehen esan bezala, lanketa garatzen eta estiloz aldatzen joan zen. Hirugarren atalerako, esaterako, nobelaren egituraren arazoa gaindituta zegoen, laugarrenerako, berriz, protagonista guztiak aurkeztuta zeuden, ordurako pertsonaiak oso etxekoak zituzten ikasleek eta lanketa sentimendu mailara aldatu zen. Sentipen desberdinak adierazten eta sortzen zituzten pasarteak irakurri eta jorratu genituen sentimenduak igortzeko orduan idazlearen teknika eta estiloa aztertuz, hala nola, tristura, haserrea eta batez ere umorea.

Une honetara helduta ikasleak hazita daude irakurle modura eta gai dira euren kabuz ulertzeko, interpretazioak egiteko eta honen guztiaren berri emateko. Are gehiago, bukaeran nobelak bereganatu egin ditu ikasleak eta bertan azaltzen diren pertsonaienganako kezka eta ardura sortu zaie.

Nobelaren irakurketa burututa, idazleak argitu gabe edo irakurlearen esku lotu gabe uzten dituen zenbait konturi amaiera emateko beharrean egon ziren ikasleak, interpretazio desberdinak emanez.

Gramatikari dagokionez, idazleen baliabideak aztertu ditugu, batez ere, testu mota jakin batean idazleak helburu jakin bat lortzeko erabilitako baliabideak. Adibideren bat aipatzearren oso bitxia da konparazioak erabiltzeko duen modua, izan ere, edozer konpara dezake edozerekin. Orokorrean, nola? itaunari erantzuten dion guztia da bitxia. Honen harira, oso interesgarriak dira elkarrizketetan pertsonaien jardunaren ondoan, akotazioetan, ematen dituen azalpenak. Bestetik, eta gramatika pragmatikaren ildotik, zenbait hitzi (edo, hori bai, bai...) ematen dien erabilera ere aztertu dugu.

Dena dela, ikus daitekeenez liburuaren lanketa ez da arlo gramatikalera mugatu, gehiago izan da interpretazioaren ildotikoa, istorioa ordenatzea, tartekatzen diren idazketa ariketak, egunerokoa eta ipuinak argitu, korapiloak askatu eta interpretatzea....Era berean, lanketa honek maila honetan diharduen ikasleak garatu behar dituen gaitasunak lantzeko aukera eman digu, hala nola, ahozko ekoizpen eta ulermena, idatzizko ekoizpen eta ulermena eta ahozko elkarreragina.

Artikuluaren hasieran esaten nuen bezala, oinarrizko gaitasunez gain nobela honek EKPeko bigarren mailako ikasleek landu eta garatu behar duten gaitasun pragmatikoan trebatzeko aukera ematen du, batez ere. Idazleak oso ondo lortu du esanahirik handiena hitzik eta esaldirik apalenekin. Ikasleek hitz hauen atzean zer dagoen ulertzen ikasi behar izan dute eta lortu ere lortu egin dute, umore berezi hori antzeman dute eta azkenean barre egiteko gai ere izan dira.

Nobela irakurri ondorengo lana

Egunkariari eginiko galderak

Lehendik ere esanda dago kasualitateak garrantzia handia izan duela prozesu oso honetan zehar, eta ondorengo hau beste adibide bat baino ez da.

Euskaldunon Egunkariak atal bat zeukan galdeiozu...-ri. Sail honetan Euskal Herriko pertsonai ezagun batek irakurleek eginiko itaunei erantzuten zien, asteartetik igandera bitartean. Egunero galdera bat argitaratzen zuten, gainera, astebete lehenago hurrengo pertsonaia zein izango zen iragartzen zuten Egunkarian. Kontua da, irakurketa nahiko aurreratuta genuenean zalantzak eta interpretazioak sortzen hasi zirela eta, hara non ikusten dugun, galderak erantzungo dituen hurrengo pertsonaia Unai Elorriaga dela. Astirik galdu gabe, zer galde ziezaiokeen pentsatzen hasi eta hiru galderatan laburbilduz, Egunkariaren posta elektronikoaren bitartez bidali genituen.

Abenduaren 18tik 24ra bitartean plazaratu ziren idazle honi egindako itaunak eta zoritxarrez gureetatik bat bera ere ez zuten argitaratu. Nire susmoa da konplikatuegiak zirela eta, batez ere, nobelan zentratuegi zeudela istorioaren korapiloak askatzeko pistak eskatzen baitziren. Argitaratu zirenak, bestalde, askoz orokorragoak eta sariaren ingurukoak ziren batez ere.

Hala eta guztiz ere, ikasleen zalantzak eta jakin minak hiru galderetara mugatu behar izanak elkarreraginerako joko handia eman zuen. Ikasleen aldetik hausnarketa, filtro, aukeraketa eta adoste lan handia eskatu baitzuen. Gainera, gero etorriko zen solasaldirako aurreikuspena izan zen.

Beste ildo batetik, ikasleek, euskararen erabilera erreala ikusi ahal izan zuten, bai euskaltegi barruan bai euskaltegitik kanporakoa, alegia, irakasleok ariketa praktikoetarako ideien bila ibiltzen gara eten gabe, ariketa arruntak, klase barrukoak euskaltegitik kanporako ekintza erreal batekin borobil daitezkeenak. Hemen azaldutakoa horietako bat izan da, ondorengo urratsak bete dituena:

  1. Eskola barruan betekizun erreal bati ekin: hiru itaun idaztea, benetako hiru itaun, euren zalantzetatik sortuak direlako eta erantzun dezakeenari luzatuko zaizkionak..
  2. Betekizun erreal honetara heltzeko mintza bidezko elkarreraginez adostasun batera heldu beharko dute ikasleek.
  3. Eskolatik kanpora jaurti egiten duen ariketa erreala: ikasleek eskolan adostutako galdera horiek daramatzan mezua egunkariaren web-gunetik abiatuta posta elektronikoz idatzi eta igorriko zuten. Urrats honek, gainera, teknologia berrien erabilera erreala dakar berarekin.
  4. Benetako feed-backa jaso, hau da, egunkarian euren galderak argitaratuta eta erantzunda ikustea. Urrats honetara, baina, ez ginen iritsi.

Idazlearekiko solasaldia

Irakurketa amaitu gabe genuela jakin genuen Unai Elorriaga euskaltegira etorriko zela, ez hitzaldi bat ematera, gurekiko solasaldi batera baino. Ikasleek oso gustura hartu zuten ideia eta solasaldi batek dakarren ardura hartzeko prest egon ziren. Hitzaldietan ez bezala, solasaldietan parte hartu behar da, galderak egin behar dira, inplikazio maila askoz handiagoa da. Egia esateko, ez genituen gehiegi behartu behar izan eta ez zuten ekitaldia ariketa bezala hartu. Ordurako interesa sobera piztuta zuten eta euren benetako zalantzak eta interpretazioak ziurtatu nahi zituzten.

Beraz, galdetegi bat prestatu eta solasaldian, agindu zuten bezala, parte hartu zuten. Hau erraza da esaten baina honako zailtasunak ditu: Bigarren mailako ikasleak dira eta idazle bati entzuten ari direnean adi-adi egon behar dute esaten ari dena ulertzeko.

Ez da erraza jende aurrean hitz egitea. Are zailagoa jatorrizko hizkuntza ez den batean hitz egin behar denean. Aretoa beterik zegoen herri mailan iragarri baitzen eta beste eskoletako ikasle eta irakasle batzuk ere etorri ziren. Nahiz eta galdetzera ausartu, ikasleak une egokian egiteko aukera aurkitu eta aprobetxatu behar du. Hau ere ez da lan erraza izaten, are gutxiago areto bete batean.

Solasaldian burutu zuten lan hau, gainera, ikasgelan mintzamena garatzeko asmoz jorratzen dugun bidearen erabilera erreala izan zen. Benetako egoera batean aplikatu behar izan zituzten ikasgelan ariketen barruan hainbestetan landu ditugun estrategiak, hala nola, hitz egiteko txandari heldu, planifikatu, pentsatzeko astia hartu, birformulatu, doinu egokia eman...

Zailtasunak zailtasun, ikasleek nobelaren korapiloak askatu eta zalantzak galdetu zizkioten idazleari eta are interesgarriagoa dena, eleberria amaitzen den unetik aurrerakoaz ere hitz egiteko aukera izan zuten.

Dena dela, solasaldia ez zen eleberria honen irakurketaren azterketara mugatu, izan ere, Unai Elorriagak beste proiektu eta arlo interesgarri batzuei buruz ere hitz egin zigun, hala nola, itzulpenetan testuingurua eta kultur erreferentziak jasotzeko izan dituen zailtasunei buruz, zine zuzendari ezagun batek bere nobela film bihurtzeko duen asmoari buruz eta orduan laster kaleratzeko zegoen Van Hoffen ilea, bere bigarren nobelari buruz.

Ebaluazioa

Lanketa honen historiak, SPrako tranbiaren lanketaren prosesu osoak, girotze fasetik hasita eta solasaldiaren ostean ikasleek idatzitako iritzi artikuluetan amaituta, bai EKPk bigarren mailarako azaltzen dituen helburuak bai Europako Markoak adierazten dituen B1/B2 mailako ikasleen gaitasunak garatzeko aukera eman digu.

Eta gure euskaltegiko irakasleok maila honi erantsi diogun beste helburu bat lortzen ere lagundu digu. Honako hau hain zuzen ere: Euskararen erabilera benetako komunikazio ekintzetara bideratzea, ikasgela barruan jasotako baliabideak kalean edo euskaltegitik kanpora, irakaslea eta ikastaldea urrun daudela, egoera errealetan erabiltzea. Horixe baita eskatzen zaien gaitasun komunikatiboaren jabe direla egiaztatzeko izango duten frogarik garbiena.

Adibide modura:

  • Ikasle batzuk Durangoko liburu azokara hurbildu ziren liburua erosteko asmoz
  • Ikasle bati, Liburu azokan zegoela, irratirako elkarrizketa bat egin zioten eta berak liburu honi buruz hitz egin zuen.
  • Unai Elorriagari euren kontura eskatu zizkioten sinadura eta dedikatoriak.
  • Olerkari estatu batuar baten bisita izan genuen otsailean, hitzalditxo bat eman zigun eta bide batez zerbait irakurtzeko aholkua eskatu zigun. Ikasle batek SPrako tranbia aholkatu zion eta luzez aritu ziren elkarrekin honetaz hitz egiten.

Helburu zabalagoetara joz gero, irakurzaletasunera hain zuzen ere, lan luze honen ostean zera esan dezaket: ikasleek izaten duten mamu bati aurpegia ikusteko balio izan du prozesu honek. Ikasleen ustez euskal literaturak euskara ikasteko baino ez zuen balio. Euskara ikasteko diodanean hauxe esan nahi dut: testuak aditzak, hiztegia eta egituraren bat birpasatu edo ikasteko erabiltzen dira, gehienez, itzulpenak egiteko ulermena frogatzeko asmoz. Irakurketa honekin gozatu ere egin daitekeela frogatu ahal izan dute, pertsonaiek irakurleak bereganatzea lortu dute eta azken hauek, gure ikasleak, egunerokotasun bitxi honen kontakizunekin barre egiteraino iritsi dira.