XXI. mendeko euskaltegia eta informatika

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 10:44, 30 Azaroa 2007

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Testuingurua

Argi dago mende honetan ere zeregin garrantzizkoa izango dutela euskaltegiek euskararen normalizazio prozesuan eta are garrantzizkoagoa Santurtzi bezalako inguru erdaldunetan.

Dena dela, gaurkoan informatikaren eragina dugu aztergai eta alde horretatik, nolakoak izango dira euskaltegiak? Zenolako garrantzia izango du informatikak eta zertarako erabiliko dugu?

Galdera hauek erantzun aurretik, ikus dezagun zein testuingurutan kokatzen den euskaltegia milurteko berri honetan.

Batetik, ikaskuntzaren kultura ari da indartzen, nabarmen indartu ere. Denok gara ikasle sekula amaitzen ez den prozesu batean, bizitza guztian zehar.

Eta, beraz, gure bizimoduaren ezaugarrietara malgutasunez egokitzen diren ikasmoldeak behar ditugu: inguru formalak (eskolak, unibersidadeak) hor daude, baina ez dira nahiko. Gehienetan konpromezu luzeak eskatzen dituzte eta kurrikuluak ez dira erraz egokitzen sortzen zaizkigun beharretara.

Bestetik, informatikaren erabilera gero eta orokorragoa da: informazioaren trukaketa eta komunikazioa, edozer ikasteko oinarrizko prozesuak, muga espazio-tenporal guztien gainetik ahalbidetzen ditu gaur egun informatikak.

Milaka aukera ematen ditu bai, baina baita milaka arazo ere: teknologia korapilatsua da, ezin da jakin askotan zergatik egiten duen huts, eta bada tristea gehienetan konponbiderik onena ordenagailua amatatzea izatea.

Testuingurua hori dela, eta euskaltegiaren definizio berri batera abiatzeko asmoz, azter dezagun orain ze behar izango duten euskaltegia osatzen duten lagunek.

Ikaslearen beharrak

Eta lehena, nola ez, ikaslea. Zein behar izango du? Zer nahiko du ikasleak?

Ikasi, jakina, horretarako ordaintzen baitu matrikula, baina nola? Ahalik eta aukera gehien nahiko ditu: taldean eta bakarka, euskaltegira joanda eta urrutitik, irakaslearen laguntzaz zein bere kasa. Eta batez ere, euskaltegiak eskaintzen dion zerbitzua bere beharretara moldatzea nahiko du eta ez alderantziz, bera moldatu aldez aurretik ezarritako eskema itxietara.

Horren adibide argia dugu, azken urteotan sortzen ari diren ikas-eskaintza berezituak: autoikaskuntza-gelak, helburu berezietarako taldeak eta abar.

Irakaslearen beharrak

Eta irakasleak, zer? Irakatsi egin behar du eta horretarako funtsezkoa da ikas-materialen kudeaketa egoki bat.

Irakasleak ariketak eta testuak manejatzen ditu batipat (prentsa idatzia, audio eta bideo grabazioak, berak sortutako ariketak eta besterenak) eta material horiek arin eta erraz bilatu eta gordetzeko moduko antolaketa behar du, bai berak erabiltzeko bai eta ikasleei helarazteko.

Horretan zeresan handia du informatikak, argi dago, eta adibide bat ematearren orain gutxi jarri ditu HABEk bere Web-gunean guztion eskura material errealen banku bat: euskarazko komunikabideetatik ateratako hainbat testu.

Banku horri euskaltegi barruko antolaketa egokia gehitzen bazaio, irakaslearen lana nabarmen erraztuko da eta denbora beste zeregin batzuetan eman ahal izango du.

Baina tira, irakasteaz gain, ikasi ere egin nahiko du irakasleak: euskara-maila hobetu, 2. hizkuntzen didaktika, informatika... Eta eskertu egingo du euskaltegiak horretarako aukera ematen badio, etengabeko formazioa behar-beharrezkoa izango baitu.

Bulegarien beharrak

Hitz egin dezagun bulegariaz.

Datuen-kudeaketa da bere behar nagusia: ikasleek eta irakasleek ematen dizkioten datuak, administrazioari bidali beharrekoak, matrikulak...

Automatizazioa funtsezkoa da eta azken urteotan aurrerapen handiak izan dira alde horretatik. Hala ere, oraindik paper gehiegi erabiltzen da euskaltegietan eta datu berberak mila buelta ematen ditu eta formato eta aplikazio ezberdinetatik pasatzen da.

Horretaz gain, kudeaketa bulegaria bulegotik mugitu gabe eta ikaslea edo irakaslea handik pasa gabe egin ahal balitz, askoz hobeto berarentzat. Eta matrikula daukat gogoan, edo talde-zerrendak, notak...

Bestela esanda, zenbat eta paper gutxiago, eta bulegoko mostradorean zain zenbat eta jende gutxiago, hainbat hobeto bulegariarentzat.

Zuzendariaren beharrak

Eta zer dio zuzendariak edo gerenteak? Zer nahiko du?

Datuak ere erabili behar ditu, estadistikak-eta, baina informatikari dagokionez, bere ardura nagusia zera izaten da: zentrua egoki hornitua egotea, hori garestiegi ez ateratzea, denak ondo funtzionatzea eta batez ere, informatikaz kezkatu beharrik ez izatea.

Eta azken horretarako bi aukera ditu: kanpoko enpresa bat kontratatu edo euskaltegian bertan komunikazio eta informazio sistemen ardura duen pertsona bat jarri: informatika arduraduna.

Informatika-arduradunaren beharrak

Zer nahi du horrek? Zuzendariak bezala, lehenengo eta behin, denak ondo funtzionatzea, baina hori gaur egun ezinezkoa denez, informatikak bere fiabilidadea hobetzen ez duen bitartean behintzat, mantenu-enpresa baten laguntza eskertuko du: noizbehinka ordenagailu guztiei txekeo on bat egiteko, zaharkitutako osagaiak (txartelak-eta) aldatzeko...

Horrela astia izango du egunean egoteko oso arin aldatzen den mundu batean: askotxo irakurri, etengabean kontu berrien bila ibili, programak esperimentatu, esperimentatzeko ordenagailuak eduki... Amaierarik gabeko lana; etengabeko formazioa beharko du honek ere.

Ondorioak

Horiek izango dira euskaltegia osatzen dutenen beharrak, neure ustez, eta behar horiek zein hasieran zirriborratutako testuingurua kontuan hartuta, saiatuko naiz, amaitzeko, euskaltegia berdefinitzen eta nolako informatika behar dugun esaten.

Euskaltegia, irakas zentrua baino, bere partaide guztientzako ikasgunea izango da, zeinetan askotan ikasle-irakasle rolak eta bezero-langile rolak trukatuko diren. Gurean oraintsu arte ibili dira ikasle bat eta irakasle bat elkarren hizkuntza praktikatzeko saioak egiten klasetik kanpo: irakasleak ingelesa hobetzen zuen eta ikasleak, euskara. Gure web-orriarako zenbait itzulpen egiteko laguntza, on line ikasle batek eman digu eta beste batek aspaldian lagundu zigun ordenagailu-sare baten funtzionamendua ulertzen.

Alde horretatik, euskaltegiak denoi eskainiko dizkigu ikasteko aukerak eta aukera horien kalitate eta kantitatearen araberakoa izango da partaideon poztasun maila.

Eta informatikaz, zer esan? Zer izango den baino, zer izatea nahiko genukeen esango dut. Lehen-lehenik fidagarria, egonkorra, etengabean arazoak ematen ez dituena eta, ahal dela, erabilterraza.

Eta bestalde, integratua: informazioaren kudeaketa eta gizakion arteko komunikazioa interface berean biltzen dituena eta ildo horretatik, informatikari ez den honen iritziz, etorkizuna Interneteko protokolo eta lengoaietan dago.

Topikoa ematen du gaur egun hori esateak, baina nik uste Interneten garatzen ari diren teknologien abantailak argiak direla: sistema eragile guztietan funtzionatzen dute eta generalean ez dira aparteko ezagutzak behar nork bere helburuetara egokitzeko.

Dena dela, ikusiko dugu, mila urte urte asko dira-ta