Jarrerak
Aldagai psikosozialak |
|
Jarrera objektu edo egoera baten inguruko uste-antolamendu iraunkorra da, gizakia portaera baterantz bideratzen duena (Perales,1989:17-18).
Jarrerak objektu sozial baten behaketa inplikatzen du; zuzenean beha ez daitekeen konstruktu edo aldagaia da; ikasia da; paper motibatzailea du, inpultsozkoa da, nahiz eta ez den berarekin nahastu behar (ezta ohitura edo erreflexuekin); hautematea da eta pentsamendua ere eragiten ditu; antolakuntza bat inplikatzen du (aspektu kognitibo, afektibo eta konatiboen arteko erlazioa edo epe luzerako oroimenean eskema afektiboa); iraun egiten du denbora; hau da, nolabaiteko egonkortasuna dago. (Arratibel, 2002:6)
Cenoz eta Valenciak (1993) honako jarrera-mota hauek bereizten dituzte:
- Hiztun-komunitatearenganako jarrera.
- Hizkuntzaren ikaskuntzarenganako jarrera.
- Orokorrean hizkuntzenganako eta hizkuntzen ikaskuntzarenganako jarrera.
- Bariazio linguistikoarenganako jarrera.
Jarreraren funtzioak
- Ezagutza funtzioa Jarreren bitartez subjektuek mundua modu koherentean ordenatu eta kategorizatzen dute; jarrerei esker, informazio konplexu edo nahasia ordena, uler eta asimila daiteke. Bestela esanda, jarrerarik gabe esperientzia berri bakoitzak ulermen esfortzu errepikapen bat eskatuko du.
- Funtzio instrumental edo erabilgarria Izan ere, jarrerek pertsonei dituzten helburuak lortzen edo nahi ez dituztenak ekiditen laguntzen diete.
- Funtzio ego-babeslea Jarrerak subjektuei bere buruarekiko sentitzen dituen negatiboei aurre egiteko gaitasuna ematen die: autoestima babesten lagun dezakete eta gatazkak ekiditeko balio dute
- Balore adierazpen funtzioaIdentitate edo auto-kontzepturako zentralak edo garrantzitsuak diren baloreak azaltzea baimentzen dute. Jarreren bidez tendentziak, ideal eta sistema normatiboak azaltzen dira.
- Egokitzapen edo egokitze sozialerako funtzioa Jarrerek zenbait taldetan integratu eta onarpen soziala jasotzea baimentzen dute: garrantzitsutzat dauzkagun pertsonekin (lagunak, familiakoak...) harremanak sakontzen laguntzen dute; hau da, subjektuari bere ingurune sozialean egokitua egotea baimentzen diote (ondo ikusia izatea, onartua, irudi positiboa izatea besteen aurrean...
Ohikoena jarrera bakoitzak funtzio bakarra betetzea da, baina baliteke jarrera berberak funtzioa bat baino gehiago betetzea. Gainera, pertsona ezberdinek antzeko jarrera izan dezakete,baina bakoitzarengan funtzio ezberdina bete.
Jarreren neurketa
Prozedura asko daude jarrerak neurtzeko, nahiz eta ohikoenak eskalak izan. Hauen artean ezagunenak Lickert eskala eta "diferentzial semantikoa" dira.
1. Lickert eskala
Prozedura oso ezaguna da, izena askorentzat ezezaguna izango den arren (1932 urtean asmatu zuen Lickert-i egiten dio erreferentzia) Subjektuei beren adostasun-desadostasun gradua adierazteko eskatzen zaie objektu jakin baten aurrean jarrera espektro guztia hartzen duten baieztapen batzuekiko. Adibidez, "Euskara oso garrantzitsua da niretzat" baieztapenari 1 eta 5 puntuko balorazioa emango zaio: 1 zenbakiak erabateko desadostasuna adierazio du eta 5ak erabateko adostasuna Eskala hauek aurresuposatzen dute eskalako baieztapen bakoitza jarrerazko dimentsio berberaren funtzio lineal bat dela eta eskalako item guztiek beraien artean koerlazionatuak egon behar dutela. Honekin zera adierazi nahi da: euskararekiko jarrera ebaluatu nahi duen eskala batean, zenbaki bakoitzak beti jarrera beraren adierazle izan behar duela
2. Diferentzial semantikoa
Prozedura honetan subjektuari bi termino kontrajarri eta muturreko aurkezten zaizkio. Subjetuak bi muturretako zein terminotatik dagoen hurbilen adieraziko du zenbakien bidezko eskala baten bidez.
Esate baterako, "Zer iruditzen zaizu Hizkuntza Eskakizunen sistema aplikatzea lanpostuen adjudikazio prozesuan: positiboa/negatiboa?" Eskalan 3,2,1,0,-1,-2,-3 izango ditu, non 3ak "oso positiboa" adierazio duen; 0ak, "ez positiboa ez negatiboa"; -3ak "oso negatiboa" Item honen ondoan, aztertu nahi den giza-fenomenoaren inguruko beste item batzuk joango dira.
Item bakarreko eskala ere izan daiteke: "Zer iritzi duzu euskararen egungo egoeraz?" OSO NEGATIBOA 0 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 OSO POSITIBOA Pentsa daitekeenez, aurreko eskalek baino fidagarritasun txikiagoa izango dute halabeharrez.
Artikulu hau, oraingoz osatu gabe dago, eta seguraski ganorazko idazketa eta edukiaren berregituraketa beharko du. Proiektu honetan lagundu nahi baduzu, ekin! |
Bibliografia
- PERALES, J. (1989): “Euskara-ikasleen motibazio eta jarrerak”, Zutabe 21, 9-50
- ARRATIBEL, N.(2002): "Gizarte psikologia, motibazioak, hizkuntza jarrera" Hiznet ikastorako apunteak.