«Etsipena eta ikasteko ezintasuna»: berrikuspenen arteko aldeak

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
1. lerroa: 1. lerroa:
 +
{| {{Taula polita}}
 +
|-
 +
| '''Egilea''':|| Gloria Sanchez Frutos
 +
|- valign=top
 +
|
 +
'''Erakundea''':
 +
|SUE
 +
|- valign=top
 +
|
 +
'''Data''':
 +
|2002
 +
|- valign=top
 +
|
 +
'''Non''':
 +
|UEUko Helduen Euskalduntzearen V. Jardunaldiak
 +
|}
 
==ATARIKOAK==
 
==ATARIKOAK==
  

16:16, 15 Azaroa 2007(e)ko berrikuspena

Egilea: Gloria Sanchez Frutos

Erakundea:

SUE

Data:

2002

Non:

UEUko Helduen Euskalduntzearen V. Jardunaldiak

ATARIKOAK

Nahi izatea ahal izatea dela esaten du herriak; eta hau egia bada ere, askotan nahi bai baina ez dakigu nola. Ikasteko gaitasun nahikoa daukan eta, hala ere, ikasteko gai sentitzen ez den pertsona baten aurrean baldin bagaude, aztertu egin behar dugu zein den gogo eza horren iturria. Amore eman duen ikaslea gehiago ikasteko prest ez dagoen ikaslea da. Momentu horretara ailegatuta, pertsona horiek atsedena hartuko lukete gustura, baina gehienetan, inguruko errealitateak eraginda harrapatuta daude eta ezin diote euskara ikasteari utzi. Orduan gure geletan aurkitzen ditugu behartuta, etsita eta motibazioa erabat galduta, ikasteko ezinduak. Blokeo afektiboa handiegia da, euren kabuz gogo eza gainditu ahal izateko. Hor daude gure aurrean beraien motibazio falta geuretzako erronka bihurtuta.


IKASLE ETSITUAREN DESKRIBAPENA

Haietako asko gaur egun institutuetako ikasleak dira, sistemak daukan irakasteko metodo desegokiaren biktimak. Hamasei urte bete orduko gurasoek gure geletara bidaltzen dituzte buruan daukaten nahastea konpontzeko asmoz. Behartuta etortzen zaizkigu eta, gehienetan, ez dakite ikasten ez euskara ez beste edozein ikasgai. Ikasteko gogo eza nabaria erakusten dute eta gu onetik ateratzeko erraztasun itzela.

Beste batzuk, berriz, helduak izanik, ilusioz beterik hasi ziren euskara ikasten; baina hasierako ilusioa galdu zuten bidean. Gehienetan oso denbora gutxian informazio gehiegi jaso duten ikasleak dira. Komunikazioa berehala lortu zuten, barneratze prozesuari behar beste denbora eskaini gabe. Korapilatsuak diren estrukturak osatzen saiatzen dira, oinarrizko elementuak erabiltzean akats larriak egiten dituzten bitartean. Gure taldeetan horrelako bat topatzen dugunean ezinegona sentitzen dugu eskarmentuak esaten digulako hasi baino lehen borroka galduta dugula. Eta askotan geu gara ikasle horrek daukan egoeraren erantzuleak, gure pedagogia beraren beharrei egokitzen jakin ez dugulako edota beraren ikas estiloa errespetatu ez dugulako. Garbiketa egin behar dituzten ikasleak direla onartzen dugu guztiok, baina nola ezabatu burmuinean sortutako kaosa? Jakin, ondo dakigu hasieratik berriro hasita ere ez dutela aurrera egingo. Buruan daukaten informazio nahastea ezabatzea ezinezkoa denez, egin ahal den gauza bakarra da informazio hori guztia berrantolatzea.

Honen etsita sentitzen bagara irakasleok, erraza da imajinatzea nola sentitzen den ikaslea. Gure aurrean dagoen pertsonak zulo batean sartuta ikusten du bere burua, hizkuntzetarako oso txarra dela konbentzituta dago eta bere buruari etengabe esaten dio ez duela erremediorik, desastre hutsa dela hiztegia ikasteko, euskara zailegia dela berarentzat eta abar. Diskurtso horretan erraz errekonozitzen da etsipen ikasia delako horretan erori den pertsona. Ezintasunik handiena da barneratzea arrakastaren kontrola beste baten esku dagoela, egiten duguna egiten dugula porrota dugula zain.

Beste ikasle batzuk, ordea, puntu berera heldu dira hasiera guztiz bestelakoa izanik. Behartuta hasi ziren euskara ikasten kanpoko motibazioa zutelarik.

Hauen artean lanpostu hobea edo behin betiko lanpostu bat lortzeko langileak ditugu, besteak beste. Kanpoko motibazioa izatea ez da berez txarra disziplinatuak bagara, erronkak atsegin baditugu, eta batez ere, geure buruarengan konfidantza handia baldin badugu. Lurra indarrez zapaltzen duten haietako bat baldin bagara, kosta lain kosta ezarritako helburua lortuko dugu. Aurrean izan ohi ditugun ikasle etsituak oso bestelakoak dira, ordea.

Hasieran indar apur bat bazuten ere, berehala galdu zuten euskararen lehenengo gailurretara ailegatuta. Lasterketaren bukaerako saria desiragarria izanik ere, ez dute euren baitan kemenik aurkitzen aurrera segitzeko. Gehienek ez dakite nola ikasi hizkuntza bat, ez dakite denborari etekina ateratzen, ez dakite ikas estrategiez baliatzen eta gainera haien helburua ez da gaitasun komunikatiboa lortzea, baizik eta dena delako azterketa bat gainditzea; eta guztiok dakigu, zoritxarrez, titulu batek ez dituela euskaldunak sortzen. Haietako batzuek maila ona lortu badute ere, behin eta berriro suspenditu dute ustezko zoriontasunetik aldentzen dituen azterketa.

Hauek ere konbentzituta daude egiten dutena egiten dutela ezinezkoa dela helburua betetzea, arrakasta beste baten esku dagoelako. Zenbat eta porrot gehiago jaso, hainbat eta itxiago filtro afektiboa eta hainbat eta handiagoa etsipen ikasia. Euskara, azken finean, beren gauzetarako astia kentzen dien etsai bihurtu da haientzat. Nola ikasi gogo onez bizitza oztopatzen dizun zerbait?

Ikasle hauek guztiek ezaugarri bera dute: ikasteko motibazio eza. Eta ez bakarrik ikasteko motibazioa, zer gertatzen zaien jakiteko gogoa ere galdu dute. Ez badakite zein den arazoa, nola konponduko dute?


MOTIBAZIOA

Javier Buronek "Motivación y aprendizaje" delako liburuan, motibazioari buruzko definizio hau eskaintzen digu:

"Motibazioa helburu bat lortzera eramaten gaituena da, baina horretarako helburua egingarri ikusi behar dugu. Izan ere, itxaropenik, aukerarik gabe ez dago arrazoirik ahalegintzeko ezta saiatzeko ere, hau da, itxaropenik gabe ez dago motibaziorik."

Motibazioak, beraz, gure adimena eta emozioak pizten ditu, eta horrek zerbait egitera eramaten gaitu helburu jakin batzuk lortzeko.

Argi dugunean zer egin nahi dugun eta nola lor dezakegun gure ahalegin guztiak ipintzen ditugu, nork bere erara, indarrak ondo neurtuz, arrakasta lortzeko.

Baldintza hauek ematen direnean egoera berezi bat sortzen da: "Fluxu esperientzia" horren menpe gaudela, gure adimena eta gorputza erabat inplikaturik daude, gure kontzentrazioa oso sakona da, badakigu zer egin nahi dugun, badakigu ondo ala txarto egiten ari garen, porrota ez da kezkatzeko gaia, denbora oso arin pasatzen da, ez gaude kezkatuta eta dena ateratzen zaigu erraz. Hau irakasleok ere noizbait esperimentatu ahal izan dugu eskola ematean, dena borobil atera zaigunean, eta ikasleen arreta eta lan egiteko gogoa oso nabarmen geratu denean.

Baina, esan bezala, kezkatzen gaituzten ikasleek motibazioa galdu dute bidean, edo kanpoko motibazioa izanda, gogoz kontra hasi ziren ikasten. Argi dago ez dutela inolako erraztasunik sentitzen ikastean eta, are gehiago, ez dutela inolako fluxu esperientzia sentitzen euskara ikasten dutenean. Nola lagundu? Zer egin? Ba al dago konponbiderik?


IRAKASLEAREN ROLA

Santurtziko Udal Euskaltegiko Gela Irekia auto-ikaskuntzarako zerbitzuan, azken bi urteotan eta egoerak behartuta, ikasle hauen problematika aztertzeari ekin diogu gure ikasleei lagundu nahian. Izan ere, gela Irekira etorri zaizkigun ikasleak, kopuru handi batean, arestian deskribatutako ikasle motakoak dira. Hasieratik ikusi genuen laguntzeko modu bakarra motibazioa eta auto estima berreskuratzen laguntzea zela.

Sidney M Jourard terapeutaren esanetan, gizakiok ditugun beharren artean, hurrengo hauek dira premiazkoenak: onartuak garela eta gutaz kezkatzen direla sentitzea; entzun eta ulertu egiten digutela baieztatzea, eta harreman positiboak eta mesedegarriak lortzea. Mundu guztiak ez du hauek betetzeko aukerarik izaten, eta, horregatik, sentimendu hauek garatzeko aukera ematen digutenean, dena delako hori pozgarri eta mesedegarri bihurtzen da. Hizkuntza bat ikastea baldintza horietan erabat motibagarria izan behar da. Horrela jokatzen duen irakasleak bere ikasleen ikas prozesuan positiboki eraginkorra izatea lor dezake.

Gure irudimena erabiliz ikaslearen lekuan jar gaitezke beraien sentimenduak eta pentsamenduak geure eginez. Arrakasta eza dastatu duten eta desmotibaturik dauden ikasleen arazoa konpontzeko erantzun akademiko soila baino gehiago bilatu behar dugu. Momentu egokian, animozko hitz pare bat oparitzea azalpen didaktiko eta ezin argiago bat ematea bezain onuragarria izan daiteke ikasle batentzat.

Irakasle eta ikasleen arteko harreman afektiboa estua bada, eta irakaslea sinestuta badago ikaslearen egoera hobetzeko zerbait egin dezakeela, ezinezkoa da, epe luzera behintzat, emaitza positiboak ez lortzea, erabilitako teknikak oso sofistikatuak ez izanagatik. Baina fede hori izateko ezinbestekoa da sinestea ikaslearen ahalmenean eta, hau da garrantzitsuena, geure gaitasunean.

Hala ere, arreta pertsonalizatua ematea ez da eskola partikularra ematea, jende askok uste duen bezala. Ikasleari ikustarazi behar zaio arazo bat duela eta arazo hori zein den argi identifikatzen laguntzean datza lan berezi hau. Behin arazoa aztertuta, ikasleari konponbide batzuk eman ahal zaizkio, ikasleak berak erabakiak har ditzan. Irakasleak ikasleei beren arazoak konpontzeko ikuspegi logiko bat irakatsi behar die. Ikasleek ikas-prozesua kontrolatzen badute, jasotako informazioa aktiboki prozesatuz eta modifikatuz, efektiboagoak eta autonomoagoak izango dira.

Besteen arazoak zeintzuk diren identifikatzeko, lehenengo eta behin geure burua ezagutu behar dugu ongi. Bere burua ezagutzen ez duen irakaslea ez da inori laguntzeko gauza. Millet-en hitzetan, irakasleek ikaslearengan ardaztutako ikaskuntzan dihardutenean, irakaskuntza hobetu nahi badute, lehenago euren buruarekin lan egin beharraz konturatzen dira. Beren burua hobeto ezagututa, beren ikasleak hobeto ezagutuko dituzte eta hobeto gidatuko dituzte ikas-prozesuan. Zalantzarik gabe, motibaturik dagoen irakasleak bere ikasleak motibatzen ditu.


LAN EGITEKO PROZEDURAK

Ezer baino lehen, argi gera dadila ez dagoela konponbide majikorik ezta bakarra ere. Ikasle batekin funtzionatzen duena gerta liteke guztiz alferrikakoa beste batekin. Bestela, hau guztia errezegia litzateke eta, guztiok dakigunez, errealitatea bestelakoa da.

Nola lagundu ahal diegu ikasleei? Nola lagun diezaiekegu bidaian? Lehenengo eta behin geure buruarengan sinestu behar dugu. Kontzeptu positiboek estimulatu egiten gaituzte; negatiboek, ordea, deprimitu. Eta etsita ez goaz inora. Laguntzeko kapazak garela onartu eta sentitu behar dugu, ikasleei sentipen hori igorri ahal izateko.

Norbaiti laguntzeko, lehenago entzun egin behar zaio. Izan ere, entzunez beti aurkitzen da arazoaren jatorria. Hala ere, askotan ez da azalean agertzen eta lerro artean irakurri behar da. Gehienetan, entzun eta arazoa zein den markatu ondoren, arazoei aurre egiteko konfidantza trasmititu behar zaio ikasleari, behar duen kemena bere baitan bilatzeko. Gakoa ez datza, hortaz, "ondo egiten duzu" esatean, baizik eta entzutean eta arazoa zein den ulertzen laguntzean. Ikasleak gu beraren alde gaudela sentitu behar du. Giroa lasaia eta konfidantzazkoa izan behar da, ikas prozesuari buruzko hausnarketa arrakastatsua egiteko. Guk ikasleari, daukan egoera ulertzeko, informazioa eta buru-lana eman ahal diogu; baina ezin dugu egin beraren ordez berak egin behar duen lana, inork ez baititu inoiz konpondu beste baten arazoak. Konponbidea bilatzen lagundu ahal diogu ikasleari, baina azken soluzioa, behar den determinazioa, berak ipini beharko du.

Puntu bakar bat nahikoa izan daiteke ikaslearen gogoaren euskarria ezartzeko. Baina hauxe da, hain zuzen ere, lan honetako alderik zailena eta denbora gehien eramango diguna, ikasle horri zer gertatzen zaion ezagutzea. Ikaslearekiko elkarrizketa hauetan ezin dugu baztertu ezein xehetasun, hasiera batean garrantzirik gabekoa iruditzen bazaigu ere: ikaslearen bizimoduaren gorabeherak, euskara ikasteko benetako arrazoia, lan-egoera, adina, osasuna, zaletasunak, gustuak, ikas-ohiturak, ikas-estiloak, euskararen ikaskuntzan izandako ibilbidea, izandako irakasle eta ikaskideekiko harremanak eta, batez ere, zein den ikaslearen ustez arrakasta ezaren arrazoia, edo nori edo zeri leporatzen dion porrota. Azken galdera hauei erantzuteko kapazak bagara, ikasle horri laguntzeko aukera izango dugu.

Datu guztiak aztertuta, eta arazoa zein den argi ikusita, ezin da gezurretan ibili. Ikasleari egia esan behar zaio, egia ezagutu behar du, esan bezala, berak konponduko baitu daukan arazoa. Guk konpontzen lagundu besterik ez diogu egingo.

Gazteen kasuan, askotan aurkitu duguna ikasten ez dakitela izan ohi da. Ez dakite zer egin jasotzen duten informazioarekin. Hamasei urteko ikasle batek behin komentatu zidan berarentzat euskara ikastea zela eredurik gabeko bost mila piezako puzle bat egitea bezain zaila. Berak pieza guztiak imajinatzen zituela askatuta eta mahai baten gainean botata. Batzuetan piezaren bat errekonozitzen zuela, baina ezin zuela imajinatu nolakoa izan litekeen puzlea osotasunean. Nik galdetu nion nola ikasten zuen, eta berak erantzun zidan azterketa bat hurbiltzen zenean apunte guztiak sakabanatzen zituela ohe gainean, nondik hasi ez zekielarik.

Apunte guztiak ezkutatzeko agindu nion hasteko eta bakoitzean orri bakarra ateratzeko. Kontzeptu bakar baten gainean hausnarketa egiten ikasteko. Ez dut inoiz ahaztuko bere poza, konturatu zenean bere ustez buruz ikasi behar zituen aditz haiek logika erabiliz ikasten zituela. Apurka-apurka puzlearen ereduaz jabetuz joan zen nire laguntzarik gabe. Behin giltza aurkituta sarraila guztiak irekitzeko gauza ikusten zuen bere burua. Kasu hau ez da bakarra izan, askotan gazteen motibazioa piztea, salbuespenak salbu, uste dugun baino errazagoa da. Zenbait gurasok komentatu digute euskararen ikaskuntzan ikasitakoa aplikatu diotela beste ikasgai askori nota guztiak hobetuz. Irakasleok ez genuke ahaztu behar, ikasgaia gorabehera, ikasten irakastea dela gure eginbehar nagusia.

Helduekin, berriz, zailagoa izaten da analisia egitea. Etsita dagoen helduak ez du atea hain erraz irekitzen eta prozesuan parte hartzen duten aldaerak gazteen kasuetan baino ugariagoak izaten dira.

Adituen ustez, helduok hizkuntza bat ikasten dugunean, estresa eta tentsioa sofritzen dugu; besteak beste, gure nortasuna desitxuraturik geratzen delako. Ama-hizkuntzaz kontzeptuak argi eta era dotorean azaltzen ditugun bitartean, bigarren hizkuntza ikasten ari garela barregarri ager gaitezke sarritan eta hori gure Egorako oso kaltegarria da. Garen guztia eta dakigun guztia hizkuntza-gaitasunaren bidez erakusten diegu besteei. Gaitasun hori bigarren hizkuntzan lortu arte frustraturik sentitzen gara, gure benetako izaera ezin baitugu kanporatu.

Bere buruaz barre egiteko kapaza denak oztopo hau gainditzen du umorearen bidez. Gure ikasle batek komentatzen zuen itzulpenarekin bere nortasunak asko galtzen zuela. Izan ere, umore handiko pertsona izaki, ama hizkuntzaz berezkoa zuen ironia puntua euskaraz lortu arte ez zen erabat gustura sentitu. Hala ere, zaila da ikustea umoretsua den pertsona bat motibazioa galtzen, umorea baita arazoei aurre egiteko gizakiok dugun tresnarik erabilgarriena. Baina mundu guztia ez da berdina eta askotan gure geletan ikus dezakegu nola sofritzen duten helduek, nahi dutena azaldu ezinean dabiltzanean. Gai honetan erne ibili behar dugu irakasleok zuzentzeko momentuan, Ego ahula daukan heldua erraz min daitekeelako, eta min honek oso erraz eraman dezake pertsona hori etsipena sentitzera.

Ikasle hauekiko elkarrizketak ama hizkuntzaz egitea komenigarria da, bertan diren modukoak agertzen baitira irakaslearen aurrean. Euren Egoa ondo babestuta, erroreak egitea ikas prozesurako beharrezkoa dela eta korrika egin baino lehen ibiltzen ikasi behar dela onartzea errazagoa da haientzat.

Ikaslearen benetako ahalmena ondo ezagutu behar dugu aurreiritziak ez eraikitzeko. Izan ere, ikasle heldu bati buruzko irudi faltsuak osatzen ditugu bigarren hizkuntzaz halamoduzko iritzia azaltzen ikusten dugunean. Neuk, behintzat, ustekabe bat baino gehiago hartu dut horrelako ikasle bati ama hizkuntzaz egoki mintzatzen entzun diodanean; nire begien aurrean ezagutzen ez nuen kulturadun eta burua ondo jantzita duen pertsona aurkitzean. Hortaz, ustekaberik ez hartzeko, edozein mailatako ikasleei gazteleraz egindako idazlan bat eskatzea komeni da, bertan konprobatzen delako pertsona honen kultura eta prestakuntza. Idazki horiek ikaslearen ezintasunaren zergatia azaltzen digute, lerro artean irakurtzen baldin badakigu. Horrela, ikaslearen benetako izaera ezagutzen badugu, euskaraz sortutako ekoizpena baloratu ahal izango dugu.

Bere iritzia txarto azaltzeagatik, goi mailako ahozko azterketa bat behin eta berriz suspenditu duenari dagokio etsita dagoen ikaslearen profila. Haietako batek Hizkuntza Eskolako goi mailako ahozko azterketa lau aldiz eginda zeukan, nik ezagutu nuenean. Hitz aspertuan geundela erraztasunez eta zuzentasunez erabiltzen zuen hizkuntza, baina gaia garatu behar zuenean, esaldi korapilatsuegiak egiten zituen, kontzentrazioa galduz, baita zuzentasunerako kontrola ere. Egindakoaz konturatzen zenean urduritzen hasten zen eta bukatu bezain laster, -ezin dut eta ez dut inoiz gaindituko- esaten zuen. Behin eskatu nion bere gustuko gai konkretu batez hitz egitea eta abisatu gabe grabagailu bat erabili nuen. Ordu erdiz egon ginen solasean, erlaxaturik eta barreka. Bukatutakoan grabatutakoa entzunarazi nion eta ondorioak ateratzeko eskatu nion. Atera zuen ondorioa izan zen bera zela grabagailuan hitz egiten zuen pertsona eta ez aztertzaileen aurrean agertzen zena. Handik aurrera gaiak bestela garatzen hasi zen eta gainditzeko kapaza zela onartu zuenean, azterketa gainditu ahal izan zuen.

Antsia sentitzen dugunean, memoriak eta adimenak behar duen energia xahutzen dugu eta honek oztopatzen digu ikaskuntza. Azken bolada honetan gure geletatik pasatzen diren ikasle askok arazo hau erakusten dute. Gehienak kanpoko motibazioa eta porrota esperimentatu dutenak dira. Hauekin egin behar dugun lehenengo lana filtro afektiboa biguntzea da. Kasu hauetan motibazioaren norabidea aldatzea komenigarria da. Nola, baina?

Etsita dauden ikasleen sintoma nagusia irakaslearenganako mesfidantza izaten da. Guregan aztertzaileak ikusten dituzte eta euren alde gaudela sentitu arte zaila egiten zaigu laguntzea. Guregan konfidantza izan behar dute esaten dieguna sinestu behar dutelako. Daukaten arazoa onartu behar dute, eta etsai baten aurrean zaila da onartzea. Lagunari, berriz, konfidentziak egiten zaizkio. Urte hauetan izan dugun eskarmentuak esaten digu ikasleak defentsak jaitsi arte ezinezkoa dela arazoa zein den ikustea.

Ikasle bakoitzarentzat soluzio egoki bat aurkitu behar dugu. Askorentzat konponbidea izaten da euskararen ikaskuntza erronkatzat hartzea. Hauentzat helburua ez da izango titulua edo agiria emango dion azterketa gainditzea, baizik eta ikaskuntzaren ondorio logikoa. Benetako helburua izan behar da bere buruari erakustea ikasteko eta gauzak lortzeko kapaza dela. Hau gauzatzeko epe laburrerako helburu egingarriak ezarri behar ditu ikasleak berak gure laguntzaz. Nahi badugu gure ikasleak eskaintzen dizkiegun lanetan kontzentratzea oso garrantzitsua da erronka egokia ezartzea, eta, berau gainditzeko, estrategia egokiak diseinatzen laguntzea. Ondo neurtu ikasleen indarrak eta ahalmena gehiegizko helburuak ez markatzeko. Honetaz gain, ikaslearen interesa aurkitzea lagungarria da. Gustatzen zaizkigun gauzak egiten ditugunean, aipatutako fluxu esperientzia gertatzen zaigu.

Tarteko helburu hauek lortu ahala ikasleak ikusiko du euskara ez dela etsaia, baizik eta lan tresna lagungarria bere buruarekiko borroka irabazi ahal izateko. Emaitza positiboetan sinestea ere oso inportantea da. Erabakitzen badugu egoera bat ezinezkoa dela, automatikoki horrek galaraziko digu arazoa konpontzeko soluzio bat bilatzea.

Bere burua ikasteko kapaza eta aurrera doala ikusten duen ikasleak galdutako konfidantza berreskuratzen du. Euskara ikasteko beharra zenak, bere buruarekiko erronka bihurtuta, asetasun pertsonala ekartzen dio. Betegarriak diren helburuak ezartzeak bihurtzen du ikaskuntza esperientzia aberasgarri eta pozgarria.

Mayes-en hitzak , Martin Luther King-en irakaslea izan zenarenak, geure eginez "kontuan hartu behar dugu bizitzaren tragedia ez dela helburu bat ez lortzea, tragedia da helbururik ez izatea. Ametsak lortu gabe hiltzea ez da kalamidadea, ametsik ez egitea, bai ordea".


BIBLIOGRAFIA

  • Javier Burón; 1997 "Motivación y aprendizaje". Ediciones Mensajero.
  • Marion Williams; Robert L. Burden; 1999 " Psicología para profesores de idiomas". Cambridge University press.
  • Jane Arnold; 2000 "La dimensión afectiva en el aprendizaje de idiomas". Cambridge University press.