Ikas-estrategiak Barrenet-ik: euskaldunaldi ona izateko estrategiak

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Egilea: Begoña Martinez eta Sabin Zabala
Erakundea: HABE
Data: 1999
Non: UEUko Helduen Euskalduntzearen

II. Jardunaldiak




SARRERA: HIZKUNTZ ESKOLAREN ETA ANTZEZLANAREN ARTEKO ANALOGIA

Beti iruditu zaigu hizkuntz eskolak, gauza askorengatik, antzezlanaren antza handia duela. Bietan drama bat eszenifikatzen da: eszenatokian (ikasgela) aktoreek (irakasleak eta ikasleak) gidoi bati lotuta (programazioa) argumentu bat jokatu ohi dute, batzuetan arrakastaz, besteetan ez.

Antzeslanaren analogiari jarraituz, gaur egun euskara-eskola baten eszenatokian jokatzen den antzeslanaren argumentuari begiratu bat emanez gero, bi motatakoak aurkituko ditugu: betikoa, edo bestela esanda, klasikoa (itzulpenetan oinarritutako metodoetatik hasita APPraino) eta aspaldi honetan nagusitzen ari den modernoa, non gakoa psikologia den.

1. Argumentu klasikoa

  • Argumentu klasikoan lau dira elementu nagusiak:
amaieran jaso nahi den saria edo objektu desiratua (gurean euskara),
objektu desiratua lortzeko ahaleginean bere burua arriskuan jartzen duen pertsonaia protagonista (ikaslea),
arerioa, edo objektu desiratua lortzeko bidean gainditu beharreko eragozpen ikaragarria (gramatika),
arerioa gainditu ahal izateko sekretuaren jabe den pertsonaia orojakilea (irakaslea). Honek, noski, entrenamendu espezifiko baten bidez (ariketak), protagonistari sekretuaren berri dosi txikietan emanez, objektu desiratua nola eskuratu irakatsiko dio.
  • Argumentua oso modu sinplean jokatzen da, ia-ia lineal eta gorabehera gutxikoan.
  • Aktore bakoitzak badaki zein duen bere rola eta nola jokatu. Gidoi honek seguritatea ematen die aktorei.

2. Argumentu modernoa

  • Argumentu modernoak, ordea, konplexuago bihurtu du eszenatokia. Argumentua ez da linealki ulertzen, modu globalean baizik. Arazoak izango ditugu aktoreak identifikatzeko. Eszenatokira etengabe azalduko dira elementu berriak eta hauen arteko harremanak elkarreraginean ulertuz interpretatuko dugu antzezlanaren amaiera.
  • Trama nagusiki psikologikoa da. Hizkuntz eskuratzaileak dira protagonistak. Denek dute helburu bera gogoan: objektu desiratua barneratzea. Barneratze horrek prozesu luze eta korapilotsu batean jarriko ditu.
  • Bide horretan noraezean dabiltzala uste izango dute tarteka. Tarteko nortasunaren intseguritatearekin ikasi beharko dute bizitzen. Esku sendo eta seguru baten laguntzaren beharra sentituko dute. Baina, nork bere bidaia iniziatikoa egin behar badu ere, ez doaz bakarrik.
  • Errazle-gidatzaile-aholkulari moduko bat izango dute ondoan, barnean garatzen ari zaien tarteko hizkuntza hori onik ateratzen lagunduko diena. Eskuratzaile bakoitzaren euskaldunaldia etengabe kontrolatuz eta diagnostikatuz, nork bere prozesua ezagutzeko eta hobetzeko neurri eraginkorrak errezetatuko dizkie. Eta gauzak ondo baldin badoaz, amaieran, euskaldun berri bat sortuko da. Psiko-drama baten aurrean gaude.

Argumentu klasikoan, beraz, irakaslea batez ere hizkuntzalaria da, ikasleei ZERBAIT irakasten diena. Argumentu modernoan, ordea, psiko-didakta da, NOLA ikasi jakinarazten die ikasleei. Lagunduko die ohar daitezen zein diren ikaskuntzan eragina duten faktoreak eta ikas-estrategia egokienak aurki ditzaten, hala nola, beren ikaskuntzan erantzukizun handiagoa izan dezaten.

MATERIALAK SORTZEKO GURE USTE ETA PRINTZIPIOAK

Honaino planteamendu teoriko berritik sortutako ikas/irakasteko moduaren errepresentazio sinplifikatua. Edozein planteamendutan bezalaxe, gurean ere, uste jakin eta zehatz batzuekin jokatzen dugu. Gure uste sendoak, mugagabeko zalantzetan sustraituak dira.

Aurrekoa esanda, materialak sortzen hastekoan buruan genituen printzipio orokorrak azalduko dizkizuegu hemendik aurrera:

  1. Ikasleek eraginkortasun handiagoz ikasiko dute euskara gauzak egiteko erabiltzen badute: informazioa jaso, arazoak konpondu, norberaren bizipenez hitz egin. Hau da atazak eginez.
  2. Euskara erreala eta bariatua eskaintzea oso lagungarria da ikasleek ulermena gara dezaten eta euskararen funtzionamenduari buruzko hipotesiak euren kasa egin ditzaten. Ahozko eta idatzizko inputaz ari gara.
  3. Komunikatzea ez da nahikoa gure ikasleentzat. Zuzentasuna eta egokitasunari erreparatzea ezinbestekoa da tarteko hizkuntzaren garapenean aurrera egingo badute. Hau da, hiru helburu ezberdin: jarioa, zuzentasuna eta berregituratzea landuko ditugu.
  4. Gramatika irakatsi bainoago ikasi egiten da. Materialek ohikoa eskaini behar dute, baina baita ikasleak kontzientzia hartzera bultzatuko dituen baliabideak ere. Gramatikaren kontzientzia pizteko jarduerak.
  5. Ikasleak ikas-prozesua antolatzeko estrategiak behar ditu. Hor sortzen zaizkion arazoak konpontzeko baliabide propioak izan behar ditu: informazioa lortzeko, gordetzeko eta erabiltzeko. Estrategia zuzenak.
  6. Ikasleari gero eta autonomoagoa izaten lagundu behar zaio. Ikas-prozesua ez dadila ikasgelari eta irakasleari estu-estu loturik egon. Hortik kanpo ere euskararekin kontaktuan egoten erakutsi behar zaio. Zeharkako estrategiak.

ERANTZUN BEHARREKO GALDERA PRAKTIKOAK

Hori horrela, lau dira erantzun beharreko galdera praktikoak:

1. Zer da estrategia eta zer azpitrebetasuna?

Estrategiek gobernatu eta koordinatu egiten dituzte azpitrebetasunak. Ikaskuntzaren xede bat lortzeko erabilarazten dizkiote ikasleari. Hau da, ikasleak, arazo linguistiko baten aurrean estrategia zehatza aktibatuz gero, azpitrebetasunen koordinazio egokia lortzen du bere helburua lortzeko.

Garbi dago arrazionalak garen aldetik, gure eguneroko bizitzan edozein eragiketa burutzeko estrategiaren bat aukeratu, egokitu eta ebaluatzen dugula. Ikasteko bakarrik ez, jateko, ligatzeko, iruzur egiteko....ere baditugu estrategiak. Batzuk beha daitezke beste batzuk, ordea, ez. Batzuk ohartuta erabiliko ditugu, erabaki mental baten ondorio dira; beste batzuk ohartu gabe, automatizatuak ditugulako.

Ikas-estrategien zerrenda luzea bezain konplexua izan daiteke. Gure asmoa ez da izan zerrendetako denak programatzea eta asignatura moduan irakastea. Kontua ez da gertatzen diren prozesu edo azpitrebetasun guztiak zehatz-mehatz zerrendatu eta horietako bakoitza lantzea, baizik eta prozesu horiek gerta daitezen baldintzak ezartzea.

2. Ikasleek ikasi al dezakete eraginkorragoak izaten, eta irakasleek lagun diezaiekete horretan?

Gure lanetako bat ikasleen ohiturak (oharkabeko estrategiak eskuarki) ebaluatu eta jakinaren gainean jartzea da eta, behar denean, zuzentzea.

Metafora bat erabiliz, nutrizionistaren eta pazientearen arteko harremana bezalakoa litzateke: nutrizionistak ikasiak ditu bitamina, proteina, oligoelementu eta abarren izenak, zertarakoak...eta pazientea behatu ondoren (sintomak, ohiturak) jakin dezake honen gabeziak eta gehiegikeriak zein diren (diagnosia). Gero, diagnosiaren arabera, bere ustez, dietarik egokiena eskainiko dio. Pazienteak eta, gurean ikasleak, jakingo du arian-arian, komunikazio-egoera batean komeni zaion dieta-estrategia aukeratzen, unean uneko arazoak eta gabeziak gainditzeko. Dietaren osaketa kimikoa ezagutu gabe, osasuntsu egoteko autonomia garatuko du, tarteka nutrizionistaren beharra izango badu ere.


3. Programatu al daitezke ikas-estrategiak?

Barrene eta Barrenet materialetan ikas-estrategiak era sistematikoan lantzen dira. Euren ikas-prozesuan parte hartzaileagoak izateko aukera eman nahi izan diegu ikasleei. Hartara, euren jarrera suspertuz euskara ikasgelan eta kanpoan ere ikasteko iniziatiba gehiago izango dutelakoan. Baina, egia esan, salbuespen batzuk kenduta, ikas-estrategiak ez ditugu oro har aldez aurretik programatu. Egokiago iruditu zaigu baldintza egokiak eskaintzea estrategiak erabiltzeko eta irakasleak nutrizionistaren lana hartzea.

4. Nola landu ikas-estrategiak?

Ikas-estrategien irakaskuntza izan daiteke: :

  • Apartekoa: estrategiak irakasteari denboraldi berezia eskaintzen zaionean. Ikas-estrategiak nolabait asignatura bihurtzen direnean. Gure materialetan, bi mailetako lehenengo ikastunitateetan horrelako lanketa egin da, baina, orokorrean ez zaigu bide hori egokiena iruditzen.

Hona hemen, adibide gisa, bi ikastunitate horien helburu nagusia.

Maila Ikastunitatea Helburu nagusia

1B Barrene

1. Ni Tarzan...zu Jane

Ikasleek hizkuntzen ikaskuntzari eta estrategiei buruzko hausnar-keta egitea, euren alderdi onak eta gabeziak atzemanez.

2. Barrenet

1. Euskaldunaren hitza ez da ur gaineko bitsa

Ikasleek beraien ikasteko moduaz hausnartu eta aurkitu dituzten gabeziak kontratu baten bidez konpontzeko konpromisoa hartzea.


  • Integratua: hizkuntza eta estrategiak batera ikasten direnean.

Hau da batez ere Barrene-Barreneten erabili den lanketa ikastunitate gehienetan. Ez dugu zerrenda exhaustiborik emango, baina, adibide bat emateko, hona hemen:

Maila Ikastunitatea Ataza

1B Barrene

4. Eta etorkizunean zer?

C. Mundu berria oraingo honen gainean eraikitzen



Aipatutako C ataza horretan, estrategia hauek lantzen dira modu integratuan:

  • Irakurri aurreko predikzioak egitea, izenburuak biztutako aurrezagutzetan oinarrituz.
  • Lehendabizi testuaren gaia modu orokorrean ulertu eta gero xehetasunetara jotzea.
  • Esplizituki formulatua ez dagoena identifikatzea: idazlearen ezkutuko asmoa.

Lanketari dagokionez, ikas-estrategien irakaskuntza izan daiteke:

  • Zuzenekoa edo jakinaren gainekoa: ikasleari irakasten zaionean zein estrategia izan dakiokeen baliozkoa eta zergatik.
  • Inplizitoa: ikaslea estrategia batzuk erabiltzera bultzatzen denean, baina oharkabean eta gogoetatu gabe.

Barrene-Barreneten bi modu horietara lantzen dira ikas-estrategiak. Batzuetan garbi jartzen zaio ikasleari, bere liburuan, nolako estrategia erabili behar duen; beste zenbaitetan ikasleak estrategia batzuk erabiltzera bultzatzen ditugu, baina inolako gogoetarik egin gabe; eta, azkenik, beste askotan irakaslearen esku utzi dugu ikasleak jakinaren gainean jartzea ala ez, hau da, ikaslearen liburuan ez dugu ezer zehazki aipatzen erabili beharreko ikas-estrategien inguruan , baina irakasleak, atzemanez gero bere ikasleek horren beharrean daudela, informazio guztia aurkituko du bere liburuan.

BARRENE-BARRENETEN IKAS-ESTRATEGIAK LANTZEKO ATAZA-EREDUAK

1. kategoria: ikas-prozesu bera fokalizatzeko atazak

Ataza-mota honetan, nork bere ikaskuntza-prozesua hobetze aldera, ikasleek euren ikasteko moduaz hausnartu behar dute: nola ikasten duten hobeto. Horretarako, bakoitzak erabiltzen dituen estrategiak ikaskideek edo hainbat ikasle arrakastatsuk (pertsonaia ezagunek edo famatuek, gure materialean) erabiltzen dituztenekin alderatu behar ditu, norberak ikasterakoan dituen alderdi sendo eta ahulak atzeman ahal izateko.

Maila
Ikastunitatea Ataza

1B Barrene

1. Ni Tarzan...zu Jane

D: Nik ere bai

E: Neu ere kazetari

F: Nor norekin

2. Barrenet

1. Euskaldunaren hitza

F: Jalgi hadi plazara



2. kategoria: ikas-prozesuaren testuingurua fokalizatzeko atazak

Bigarren kategoria honetan, ikasleek ataza ezberdinen bidez hizkuntzak ikasteko testuinguru ezberdinak aztertzen dituzte. Hona hemen adibide batzuk:

  • Usteetatik abiatuta, bakarka eta taldeka hizkuntza ikasteko ereduak aztertzen dituzte, era baten edo bestearen alderdi on zein txarrak islatuz.
Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

1. Euskaldunaren hitza

A: Ni naiz, hi haiz, hura da


  • Inguruak eskaintzen dituen ikaskuntza-baliabideak aztertu eta horiek ustiatzeko erabakiak hartzera bultzatzen duten atazak.
Maila Ikastunitatea Ataza

1. Barrene

3. Ederra da hitza

2: Nolakoa da ETB?

2. Barrenet

1. Euskaldunaren hitza

G: Zin dagit


  • Klaseko jarduera ezberdinen gaineko gogoeta egitera bultzatzen duten atazak, ikaslearen ikas-esperientziak aprobetxatuz: nola burutu ohi dituen; zein dituen gustukoak eta zein ez, zergatik; jardueren zailtasuna neurtzea; zailtzat dauzkan klaseko jarduerak ere egin behar direla eta zergatik,...
Maila Ikastunitatea Ataza

1B Barrene

1. Ni Tarzan...zu Jane

B: Eskolako argazkiak

2. Barrenet

1. Euskaldunaren hitza

D: Ohean eta binaka

E: Gustuko lekuan aldaparik ez



3. kategoria: lau trebetasunen garapenerako estrategiak fokalizatzeko atazak

Hona hemen adibide batzuk ikusteko nolako atazak diren hirugarren kategoria honi dagozkionak:

  • Irakurmena
  • Ikasleek irakurketa-moten gogoeta bideratua egiten dute. Gogoeta horren bidez ikasiko dute zein diren mota horiek, zertarako balio duen bakoitzak, eta, hala berean, helburuen araberako irakurketa egiten.
Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

3. Donostian Donosti eta...

A: Zer irakurtzen dugu egunean zehar?

B: Zurrutean


  • Testuaren ulermena errazten duten estrategien zerrenda egiten dute ikasleek.


Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

4. Liburuak trukean

A: Irakurtzaletasuna


  • Testuaren ulermena errazteko aurreikuspenak baliatzeak duen garrantzia nabarmendu behar dute ikasleek.
Maila Ikastunitatea Ataza

1. Barrene

3. Ederra da hitza

3. Anorexia


  • Entzumena
  • Ulermena errazteko aurreikuspenak egiteak duen garrantziaz ohartu behar dute ikasleek.


Maila Ikastunitatea Ataza

1. Barrene

3. Ederra da hitza

C. Olatz, modelo ederra

  • Mintzamena
  • Ahozko diskurtsoaren planifikazioa egiteko mapa semantikoa erabiltzea.
Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

7. Aratuste edo ihauteri: Pirata edo kortsari

C. Gogoko tokian aldaparik ez eta lotsarik ere ez


  • Hitz edo kontzeptu ezezagunak komunikazioa eragozten dutenean aurrera jarraitzeko erabiltzen diren estrategia eta baliabideak aurkeztea eta praktikatzea, hau da, birformulatzen eta argibideak ematen trebatzea.
Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

5. Euskal balea

B.1. Euskal balea ezagutzen


  • Idazmena
  • Testu idatziaren planifikazioan, ideia-bilketan, ideiak trukatzea.
Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrene

4. Eta etorkizunean, zer?

D. Aurkikuntza


4. kategoria: hiztegia, gramatika eta diskurtsoaren lanketarako estrategiak fokalizatzeko atazak

Kategoria honetako atazetan ikasleek ikasten dute kontestua erabiltzen hitz ezezagunen esanahia atzemateko, nola garatu euren ezagutza gramatikala teknika induktibo eta deduktiboen bitartez. Teknika induktiboak bereziki interesgarriak dira bi arrazoirengatik: lehenbizi, ikasleentzat ezezagunak direlako eskolan ez baitituzte landu eta bigarrenik, ikasleen autonomia garatzeko funtsezkoak direlako.

  • Hiztegia

Adibidez, ataza honetan ikasleek hitzak irudiekin lotu behar dituzte hitz berriak ikasteko.

Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

6. Ogi gogorrari hagin zorrotza

B. Zerealak eta zibilizazioa


  • Gramatika

Ataza honetan ikasleek arrazoibide induktiboa erabiliz, nominalizazioaren arauak formulatu behar dituzte.

Maila Ikastunitatea Ataza

2. Barrenet

1. Euskaldunaren hitza

C. Aldatu zure azturak

ESPERIMENTAZIOAN LORTUTAKO INFORMAZIOA

Barrene-Barreneten ikas-estrategiak modu sistematikoan eta era guztietan landu dira premisa bat genuelako. Gure iritziz, ikas-estrategietan instruitzeak areagotu egin beharko luke ikas-prozesuarekiko ikasleen atxikimendua eta ikasleak bultzatu ikasgelatik kanpo euren hizkuntz trebetasunak erabiltzera. Oraindik goiz da esateko gure lan-hipotesia baieztatu den ala ez, eta gure atazek espero genituen fruituak eman dituzten.

Halere, esperimentazioan lortutako infomazioa oso interesgarria da, nahiz eta orain arte lortutako datu guztiak bat ez etorri eta zenbaitetan kontrajarriak izan. Datu partzialak izanda ere, ordea, hainbat ohar interesgarri egin dezakegu jadanik.

  • Ikas-estrategien irakaskuntza berri samarra da gure artean. Berria izanik, ez dugu eskarmentu handirik eta intseguritatea sortzen digu: beharrezkoa ote den, eskatzen digun ahaleginak merezi ote duen; programatu behar ote ditugun; lanketaren nolakoa: jakinaren gainean ala ez, meta-hizkuntza zenbateraino erabili behar den.....Horietxek dira sektoreko profesionalok geure buruari eta elkarri etengabe egiten dizkiogun galderak. Erantzunak teorian bainoago praxian aurkituko ditugu, denon ekarpenak jasoz eta ebaluatuz, berrikuntzari neurria hartuko diogu. Beraz, denbora behar dugu.
  • Ikasleei denbora emango diegu ikas-estilo honetara egoki daitezen. Ikas-estrategien gainean gogoeta egiteak abstrazio-maila handia eskatzen duenez, ikasle batzuk, euren ikasketengatik, adinarengatik edota berezkoa dutelako, hobeto eta azkarrago egokitzen dira.
  • Paradoxa bada ere, beharrik handiena duten ikasleak, ikas-estrategiak desegokiak erabiltzen dituztelako edota ikas-prozesuan parte hartzeko prest ez daudelako, izaten dira zailenak konbentzitzen ikas-estrategien irakaskuntzaren onuraz. Ikasle batzuek ez dute ulertzen zergatik egin behar duten horrelako gogoeta bat. Gramatika besterik ez dute landu nahi eta eskatzen zaiena oso arrotza iruditzen zaie.
  • Esperimentatu ondoren, alde batetik, 3. eta 4. kategoriako ataza-ereduen lanketa samurrago gertatu zaiela ikusi dugu, hainbat ikaslek jakinaren gaineko lanketa oso gustukoa ez badute ere. Beste aldetik, lehenengo bi kategoriako ataza-ereduak lantzea, ikasprozesua bera eta honen testuingurua fokalizatzeko atazak, orokorrean astunago gertatu zaie. Gure aholkua da, kasu honetan, ikastunitateen iraupena murriztea, horrelako gai abstrakto bati buruz hausnartzeko luzeegiak direlako. Lanketa jarraian egin beharrean hobe litzateke etenak egitea, tartean beste ataza arin batzuk sartuz.
  • Orain arte esandako guztiarengatik, irakasleak ere bere irakas-estilora egokitzeko denbora hartu behar du. Teoria patxadan mamitu ondoren praktikan jarriko duena ikasleen onerako dela uste osoz egin beharko du, ikasleei intseguritatea kutsatu nahi ez badie behintzat.
  • Hitz batez, berrikuntza honek ere, gauza berri guztietan gertatzen den bezalaxe, denboraren joana eskatzen du benetan erabilgarria eta erosoa gerta dakigun. Izan ere, zapata berriak erosoak izaten dira pixka bat erabili eta gero.