Orientabideak: Autonomia eta ikas-estrategiak

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:45, 15 Azaroa 2007

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu

Autonomia eta ikas-estrategiak moda-modako hitzak bihurtu zaizkigula nabaria da, eta ondorioz, barra-barra erabilitakoak. Erabiltze masibo horren ondorioz, aipatu kontzeptuak nahastu, sinpletu eta askotan desitxuratu ere egin dira: autonomia / autodikaktismoa nahasketa, autonomia / mnemoteknia sinplifikazioa, autonomia / ikasleak eginiko material-aukeraketa desitxuraketa izan daitezke horien adibiderik argienak. Hori dela-eta, gauzak bere onera ekartze aldera, denok era berean ulertzeko saiakera egin behar dugulakoan gaude.

Horiek horrela, ikus ditzagun, lehenik eta behin, autonomiaz eta ikas-estrategiez sorturiko hainbat topiko eta sinplifikazio (Camacho & Lonbide, 2000b).


Autonomiaz zabaldutako hainbat topiko

Autonomia autodidaktismoa da

Askok autonomia ikaskuntza autodidaktakotzat hartzen du, hau da, irakasle eta ikastalderik gabeko ikaskuntzatzat. Interpretazio horren arabera, ikasleak inork irakatsi gabe ikasiko luke eta bere kabuz bilatu beharko lituzke ikasteko baliabideak eta aukerak. Hori dela-eta, sarritan, auto-ikaskuntza zentroekin lotu izan da kontzeptu hau.

Ikasle autonomoak bakardadean lan egiten du

Askotan esan izan da ikasle autonomoak bakarrik ikasten duela, berak ikasten duela. Honen azpian bada gaur egun psikologia kognitiboak defendatzen duen iritzia: ikas-prozesua prozesu pertsonala da eta ezin du inork ikaslearen ordez egin. Azken batean, ikaskuntza guztiak dira auto ezinbestez. Bakardade fisikoa hartu da autonomiaren erreferentzia gisa. Ikasleak berak ikasi behar duenez (bere beharren, nahien eta estiloaren arabera) eta beste inork ezin duenez lan hori egin, ikasle autonomoa beste inoren laguntzarik gabe aritzen dela uste izan da. Alde batera utzi dira, ikasteko orduan ikasleak erabil ditzakeen baliabide pertsonalak (irakaslea, ikaskideak, e.a.) eta ikas-prozesuan izan dezaketen zeregina.

Ikaslea autonomoa izango da ala ez da izango

Ikaslearen autonomia ezaugarri objektibo eta oso bezala hartu da. Autonomoa eta ez autonomoaren artean gainditu beharreko muga zehatz eta ezagun bat balego bezala, ikasle bat segun eta zein aldetan dagoen, autonomoa izango da ala ez da izango. Berez ekar dezake ezaugarri hori edo prozesu baten ondorioz lortutakoa izango da; baina, momentu jakin batean autonomiara heldu dela esan daiteke. Gaur egungo ikerketek, berriz, frogatua dute autonomia gaitasun bat dela eta gaitasun guztiek bezala, garapen-prozesu bat suposatzen duela. Prozesu honek izango ditu hasiera eta tarteko estadio ugari; hala ere, ez da inoiz iritsiko bukaerara. Estadio bakoitza aurrekoa baino aberatsagoa izango da, baina, tartean geldiuneak eta atzera-pausoak izango dira, gainontzeko edozein giza gaitasunen garapenean gertatzen den bezalaxe.

Autonomia metodo edota metodologia berria da

Autonomia hizkuntzak ikasteko metodotzat hartu izan da. Irakasle askok, zein metodo erabiltzen duten galdetuz gero, autonomia erabiltzen dutela ziurtatzen dute. Horretan, agian, autonomiaren kontzeptua beste arlo batzuetako hainbat berrikuntzaren garai berean agertu izanak lagundu du; edota, metodologia jakin bat erabili dutenek erabili izana. Zortzigarren hamarkadan egindako ikuspegi komunikatiboaren birplanteamendua, atazetan oinarritutako irakaskuntza eta beste hainbeste berrikuntzaren garaikide denez, horien pareko eta ordezkotzat hartu izan da. Ez da horrela, ordea. Autonomia ez da metodologia, ezta metodoa ere. Gaitasuna da eta ez dago hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzarekin bakarrik lotuta. Edozeren ikaskuntzarekin dago lotuta, ikasteko gaitasunaren garapena suposatzen duelako.


Ikas-estrategiez zabaldutako hainbat topiko

Ikas-estrategiak programa daitezke

Gainerako edukien moduan estrategiak programa daitezkeela, eta are gehiago, programatu behar direlako iritzia oso zabaldua da. Hemen arazo bikoitzarekin egiten dugu topo. Batetik, aldez aurretik programatzea posible ote den, eta bestetik, aurreko galderaren erantzuna baiezkoa izanez gero, estrategiak ere programa daitezkeen ala ez.

Lehenengo galderari erantzutearren, adibide zehatz bat jarriko dugu. Gramatika-edukiak, esaterako, dena delako programak agintzen duen hurrenkeran eta segidan programa daitezke? Ikasleen egoera eta beharrei muzin egin ahal zaie? Egun adostasun nahikoa da ezetz esatean. Ausubel-en aipu batek dioenez (Pozo et. al.-ek aipatua, 1991), el factor más importante que influye en el aprendizaje es lo que el alumno sabe. Averígüese esto y enséñese en consecuencia.

Gramatika-edukiak aldez aurretik eta ikasleen egoera kontuan hartu gabe programatzeko arazorik ikusten badugu, are gehiago estrategien kasuan. Ikasleak aldez aurretik ezagutu gabe, ez dago zein estrategiaren beharrean izango diren esaterik. Estrategiak, azken finean, ikaslearen eta eginkizunaren araberakoak izango direnez, askoz zailagoa izango da aurretiaz ezer erabakitzea.

Ikas-estrategiak berezkoak dira, ezin dira ikasi

Ikas-estrategiak irakats daitezkeen jokaerak dira (Jimenez Raya, 1993) edo hobeto esanda, landu eta ikas daitezkeen jokaerak. Ikas-estrategiak guztiok batera edo bestera erabiltzen ditugun prozesuak izanda, posible da prozesu horien kontzientzia hartzea eta era kontrolatuan erabiltzea. Horrek askotan inkontzienteki egiten denari buruzko hausnarketa eskatuko du, ondoren lanketarako bideak eskaintzeko.

Guztiok erabiltzen ditugu ikas-estrategia berberak

Askotan pentsatu izan da eginkizun bakoitzerako erantzun bakarra dela ona, eta egiteko modu bakarra. Bestela esanda, norberak erabiltzen dituen ikas-estrategiak direla guztiontzat egokienak. Baina, subjektu bakoitzak modu ezberdin batean ikasten du, ikas-estilo ezberdina du eta estrategia ezberdinak erabiltzen ditu. Gauza batzuk nahiko orokorrak baldin badira ere, bakoitzaren osotasuna ezberdina izango da. Aniztasun horretan kointzidentziak egongo dira baina baita aldeak ere.

Estrategiak ez dira behagarriak

Estrategiak berez buru-eragiketak dira eta kutxa beltzaren metafora erabiliz, ez dago buruan zer gertatzen ari den ikusterik. Horrek ez du esan nahi, ordea, eragiketa horiek izan duten emaitza aztertuta, ezin deduzi daitekeenik zein eragiketa gertatu den. Beraz, estrategiak ezin izango dira behatu baina bai beren ondorioak. Ondorio horiek aztertzen trebatu beharko dute irakasleak eta ikasleak, horien araberako erabakiak hartu ahal izateko. Dena dela, gogoratu ikas-estrategien lanketa erabat loturik dagoela prozesuetan oinarritutako ikaskuntza-irakaskuntzarekin.