Ebaluazioa

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ebaluazioa

Etxaguek (1994:299) aipatu du ebaluazioaren aurrean jartzen garenean, hausnarketa egiteko-edo, halako zirrara sentitzen dugula. Zaila, eztabaidagarria, eta aldi berean erakargarria den gai bati buruz ari garen seinale.

Are gehiago, ebaluatua izatearen pertzepzioa guztiok sumatu eta, orain ere, sumatzen dugula gaineratzen du Etxaguek. Ikus dezagun aipatu egileak zer dioen bere txikitako eskola-aldiaz:

Oinarrizko ikasketak egin nituenean, ebaluaketa aldiak izaera berezia izaten zuen; gaur egun, tristea bada ere, ez dut uste asko aldatua denik. Sistemak, ebaluaketaren bidez boterea agertzen zuen. Ona eta txarra, baliotsu eta baliogabeen arteko dialektika azaltzen zuen, gu parte ginen giza taldea bananduz eta mailakatuz; on eta txarraren arteko mugak jarriz; onak aukeratuz eta txarrak baztertuz. Hau da, ebaluaketaren erabilpen murriztatzaile eta desegokia egiten zen sistemak exijitutako aukeratze funtzioa betetzeko.

Ondorio argia dator aurrekotik:

Honenbestez ez da harritzekoa ebaluaketak sortarazten duen zirrara.

Hala ere, Etxaguek ebaluazioak eguneroko bizimoduaren esparrua oso-osorik hartzen duela azpimarratu du:

(...) ebaluaketa gure bizitzaren muinoan dago. Izan ere giza ekintza guztiak ebaluatzen dira / ditugu. Egun bateko jardueran maiz egiten ari gara ebaluaketa. Jaikitzen garenean nola egin dugun lo, jantzi behar dugun arropa nolakoa den, gosaltzeko arrautza frijituak nola atera zaizkigun, eskaileretan topatu dugun bizilaguna nolakoa den, e.a. Beraz, ebaluatzea gure baitan dago; giza ekintzari atxekitutako funtzioa da.

Didaktekaren atal honetan ebaluazioaren gaineko hausnarketa egiten saiatuko gara, baina ohi denez baino esparru zabalagoa hartzeko asmotan.

Bibliografia

  • ETXAGUE, X. (1994): “Ikastetxerantz orientaturiko ebaluaketa” in P. Ayerbe eta Xabier Etxague (1994): Irakatsi, berrituz. Donostia, PAX /EHU-UPV