Del.icio.us: web 2.0ren izarretako bat
Ez dago dudarik web 2.0ren aplikazio ezagun eta famatuenetakoa del.icio.us dugula. Horri esker geure laster-markak partekatu ahal ditugu gainerako internautekin.
del.icio.us
Web 2.0ren alderdi soziala azpimarratzen denean, sarritan del.icio.us-en adibidea jarri ohi da. Izan ere, aspaldi ez dela, sarean zehar ari ginean eta orri edo gune interesgarriren bat topatzen bagenuen, gure nabigatzailearen laster-marken zerrendan gaineratzen genuen. Hor izango genuen beste batean orri horretara itzuli nahi izanez gero.
Laster-markak edo gogoko loturak kudeatzeko modu horrek, ordea, badu arazo bat: beste ordenagailu batetik konektatuz gero, ez dugu eskura izango bilduma hori eta direktorio handietara edo bilatzaileren batera jo beharko dugu helbidea berreskuratu ahal izateko. Gainera, lotura-bilduma horiek norberarenak dira eta besterekin partekatzeko modurik ez da izaten.
del.icio.us-en ekarpena erabilgarria bezain sinplea da: laster-marka horiek norberaren ordenagailuan gorde beharrean, sarean biltzen dira, eta hala edozein ordenagailutatik izango dugu sarbidea. Horrez gain, beste internautekin parteka daitezke eta etiketetan oinarrituta, bilaketak egiteko modua izango dugu. Bestela esateko, gai beretsuetan interesa duten pertsonek bildutako gogoko loturen bilatzailetzat har dezakegu del.icio.us.
Hona hemen del.icio.us erabiltzeko gida azkarra:
- Gunean alta eman, erabiltzaile-kontua sortuz (dagoeneko yahoo-ren zerbitzuren batean -e-posta, e-groups, mezularitza...- alta emanda egonez gero, ID bera erabil daiteke)
- Derrigorrezkoa ez bada ere, komeni da gure nabigatzailean del.icio.us -en tresna-barra instalatzea
- Nabigatzen ari garenean, orri interesgarria topatzen badugu, del.icio.us-era gehituko dugu tresna-barra horri esker. Bertan, helbideaz gain, oharrak idatz ditzakegu eta gunearen edukia argituko d(it)uen hitz gakoak (etiketak) gaineratu.
- Bildutako helbideak kategoriaka antola ditzakegu eta noiznahi aldatu, ezabatu, beste pertsonenak kopiatu...
Gure artean oso zabalduta dago del.icio.us-en erabilera. Ordiziko Jakintza Ikastolako IKTeroek, adibidez, hemen dituzte beren laster-markak. Karrajua.org guneak ere badu klaserako baliabideak izenekoa.
Horiek denak, gainera, RSS bidez irakur daitezke, eta hartara, biltzen doazen loturen segimendu erosoa egin.