Eduki kulturalak, bai. Baina zer da hori?
Egilea: | Pedro Lonbide |
Erakundea: |
SUE |
Data: |
2000 |
Non: |
UEUko Helduen Euskalduntzearen III. Jardunaldiak |
SARRERA
Lan honen asmoa ez da inola ere aurkikuntzak edota ezeren konponbiderik eskaintzea. Kezka bat, urtetan askorekin konpartitu duguna plazaratu eta argitzeko balizko bide bat erakutsi nahi dugu. Aldez aurretik esan behar dugu ez dugula inongo ikerketarik egin; inpresio eta sentipen-mailan besterik ez gara arituko eta gure hausnarketa hauek konpartitu egin nahi ditugu norbaitek guk erakutsitako hariari tira eginez, ondorio zehatzagoak aterako dituelakoan.
Eduki kulturala onartutako kontzeptua izaki, gaur egungo material eta programa guztietan ageri da. Hizkuntza gramatika hutsa baino gehiago dela ikusi denetik, gero eta gehiagotan aipatzen dira eduki kulturalak. Beldur gara, ordea, definitzen eta adibideak ipintzen hasiz gero ez ote genukeen onartu beharko ez dakigula oso ondo zer den, zer suposatzen duen eta zein ondorio dituen euskararen ikas-irakaskuntzan.
Gaitasun komunikatiboaren definizio guztietan aipatzen dira, modu batera edo bestera, kultura, gaitasun kulturala, gaitasun soziolinguistikoa... Termino hauen guztien azpian eduki kulturalak daude eta modu askotara definitu badira ere, hartu-emanen ezaugarri kulturalekin egokia zer den eta zer ez bereizteko ahalegina egin da.
Hizkuntz irakaskuntzan era askotan integratu izan dira. Zenbaitetan programetan atal berezi bat hartu dute gainontzekoetatik aparte; beste askotan, berriz, gainontzeko edukiekin lotzeko saioa egin da. Batera edo bestera jokatu, guztietan onartzen da hizkuntza ikasi nahi duenak derrigorrezkoa duela hizkuntza hori sostengatzen duen kultura ezagutzea eta kultura horren legepean aritzea.
KULTURA
Zer da, ordea, kultura? Zein lege ezartzen ditu? Ez gara ari maiuskulaz idatziko kulturaz, baina ezta dantza eta folklore hutsari buruz ere. Izan ere, askotan hain garrantzitsu diren eduki kulturalak gelaratzerakoan folklore, tradizio eta ohitura jakin batzuk erakustearekin konformatu da irakaslea eta ikasleei ez zaie ikustarazi zein lotura duen kulturak hizkuntzarekin.
Kultura mundua interpretatzeko modua da eta kultura bakoitzak errealitatea modu batera erakusten du. Asko eztabaidatu da zer den lehenago, kultura ala hizkuntza. Interesgarri izan badaiteke ere, eztabaida hori irakasle-lanetarako hain garrantzitsua ez denez, ez gara horretan sartuko; hizkuntzan kulturaren nolakotasunak aurkitu nahi ditugu guk. Ez dugu konformatu nahi hizkuntza pragmatikaren ikuspuntutik aztertzearekin, ez dugu esan nahi zertarako eta noiz erabiltzen den forma bat edo bestea; erabileratik harantzagoko pauso bat eman nahi dugu erabilera horren atzean dauden usteak aztertuz. Norbaitek esan dezake erabilera aztertzea nahikoa dela ondoren hizkuntza era egokian erabiltzeko. Gu ordea konbentzituta gaude hizkuntza horren kulturan murgildu ezean ikaslea ez dela inoiz jabetuko bigarren hizkuntzaz eta atzerritar hizkuntza ikasiko duela. Badirudi gaur egun bereizketa hau ere eztabaidatik kanpo geratu dela. Gure ustez, ordea, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan sortzen diren arazo askoren iturria hortxe dago. Baina, ez da hau gai honi heltzeko momentua eta segi dezagun aurrera.
Gaur egungo beste tentazio bat globalizazioarena da. Gero eta sarriago entzuten dira mendebaldeko kultura, kulturen arteko nahasketa, kultura europarra eta horrelako kontzeptuak. Nahasketa ukaezina da; baina, azken finean galdera hau da: ezberdinak al gara? Kultura ezberdina al dugu?
LANAREN EZAUGARRIAK
Horra gure asmoa. Eta ez makala, alajaina. Hiztunek mezuak trukatzeko erabiltzen dituzten formak aztertu nahi ditugu, horiek zein kultura, munduaren zein ikuspegi erakusten duten aztertzeko.
Jakina, gauza hauek berez dira oso eztabaidagarriak eta are gehiago gure gaur egungo egoeran. Horregatik aldez aurretik esan nahi dugu hipotesi bat egingo dugula eta, gainera, azterketa sakonegia egin gabe aurkezten dugula. Arazo larri baten irtenbidea nondik etor daitekeen erakutsi nahi dugu eta nola abia gaitezkeen bide horretatik. Seguruenik, ez dugu asmatuko; baina, ondoren beste norbaitek gauzak hobeto egiteko lehen oinarria ezarri nahi dugu lan honetan.
Lanerako tresna bezala, eta hemen ere arazoak izango ditugula aurreikusten dugu, analisi kontrastiboaren teknikak erabiliko ditugu. Ez dut uste justifikatu behar denik eta, urteetan hizkuntzen arteko aldeak aztertzeko erabili bada ere, oraingo honetan kulturen arteko aldeak aztertzeko erabili nahi dugu. Lado-k analisi kontrastiboaren teoria planteatu zuenean hizkuntzak bere osotasunean alderatzea proposatu zuen; hasiera-hasieratik hizkuntzen alderdi linguistiko eta gramatikalak alderatzeko erabili zen eta ustez, alde horiek hizkuntzen ikaskuntzan izango zuten eragina aurreikusteko erabili bazen ere, Lado-k hori baino gehiago nahi zuen eta ez bereziki ordena horretan. Sistema osoak konparatzea proposatzen zuen. Sistema horien alderik ilunen eta ezkutuena kulturarena da, dudarik gabe. Ez dugu ordea, lan-tresna honen ezaugarrietan sakonduko ez baita hori gure oraingo asmoa.
Has gaitezen, bada, lanaren nondik norakoak azaltzen. Defendatzen dugun hipotesia hauxe da: hizkuntza batean ari direnek erabiltzen dituzten hizkuntz formek hizkuntza horri dagokion kultura deskribatzen dute.
Lana egiteko, Euskaldunon Egunkaritik hiru berri labur eta HABE aldizkaritik artikulu bat hartu ditugu. Hartu esan dugu eta ez aukeratu, hain zuzen ere, erakutsi nahi dugun fenomenoa edozein testutan gertatzen dela frogatu nahi baitugu eta aukeratu egin bagenitu, interesatzen zaizkigunak aukeratu izana lepora bailiezagukete.
Gazteleraren kulturarekin egin dugu alderaketa, gertuen dugulako eta ondoen horixe ezagutzen dugulako. Ez da, ordea, derrigorrezkoa eta saiatuko gara frantsesarekin ere alderatzen egin daitekeela erakusteko.
Testuetan agertzen direnez gain, beste hainbat adibide ere emango ditugu. Adibideok bata bestearen atzetik agertuko dira eta inongo sailkapenik ezarri ez badugu ere, ziur gaude sailkapen egoki bat osa daitekeela. Horretarako, zein irizpide erabili behar den ez dugu oraindik erabaki adibideen korpusa laburra delako.
ADIBIDEAK
Has gaitezen adibideak banan-banan aztertzen. Testuetatik ateratakoak aztertu aurretik, urteetako eskarmentuak eskaini dizkigunak ekarri nahi ditugu hona. Adibide hauetan ez dugu erantzunik ematen; askotan galdera baino ez dugu egiten. Hauexek dira:
- Gogoa. Zein kontzeptu adierazten du termino honek? Gogoa izan, gogoan izan, gogora ekarri, gogotik aritu, gogoz kontra, gogoak eman... Badirudi hizkuntza guztiek dutela erabakiak, sentipenak, aginduak-eta emateko gune bat. Gazteleraz cabeza, corazón, mente, gana, alma eta horrelakoak erabiltzen dira. Horietako zein da gure gogoa, ordea? Horietako bat ere ez, gure ustez.
- Inpertsonalak. Gazteleraz, eta baita frantsesez ere, inpertsonalak erabiltzeko joera handia dago. Eta, euskaraz? Badirudi ezetz. Aditz intransitiboekin hirugarren pertsona singularrarekin nahasteko arriskua dago: hemendik joaten da esaten badugu ez dakigu gaztelerazko se va por aquí edo él suele ir por aquí esaten ari garen. Aditz transitiboekin berriz, badirudi hankamotz geratzen garela subjektua aipatzen ez badugu: se ha pensado, pentsatu da ala pentsatu dute? Antza denez, gure ezaugarri kultural bat ekintza guztiak nork egin dituen adieraztea da eta oso kasu gutxitan gertatzen dira gauzak inork egin gabe.
- Sartu naiz / Sartu dut. Gazteleraz entrar eta meter bezalako asko ditugun bezala, badirudi euskaraz joera aditz bakar batekin adieraztea dela. Gure kulturan ekintza bera, inguruko testuinguruari jaramonik egin gabe, izendatzen delako izan daiteke. Hau da kanpotik barrura igarotzeko ekintzari ipintzen zaio izena, zer den igarotakoa, nork igaroa den, e.a. kontuan izan gabe. Frantsesez ere entrer bakarra dute gaztelerazko biak adierazteko.
- Min eman / Min hartu. Aurrekoaren kontrakoa badirudi ere fenomeno bera gertatzen da adibide honetan. Eman edo hartu da ekintzaren definizioa nahiz eta gazteleraz eta frantsesez hacer, faire erabiltzen diren.
- Gure, nire... Posesiboak aztertuta alde handiak ikusten dira: mi, mis, tu, tus, nuestro, nuestros; mon, ma, mes, ton, ta, tes, notre, nos; nire, hire, gure. Badirudi alde guzti hauek "jabetza" kontzeptu ezberdinak adierazten dituztela. Zergatik erabiltzen dira askoz gutxiago euskaraz inguruko hizkuntzetan baino? Ha venido mi hermano itzuli nahi dugunean zer esan behar dugu anaia etorri zait, anaia etorri da ala nire anaia etorri da? Zergatik erabiltzen dugu euskaraz plurala, gazteleraz singularra erabiltzen den tokian? En mis tiempos, gure garaian. Azalpena hauxe izan daiteke: euskal posesioa askoz ere laburragoa da, gauza gutxiago dira nireak eta gainera, nireak izan beharrean gehienetan konpartitu egiten ditugu eta gureak dira. Horregatik, en mi casa, gure etxean edota mi pueblo, gure herria.
- Ikasi. Gaztelerazko aprender eta estudiar eta frantseseko apprendre eta étudier esateko forma bakarra dugu. Hemen ere, ezagutzak eskuratzea nola ulertzen den kultura bakoitzean argi geratzen da. Badirudi euskaraz ez dakiguna eskuratzeko ekintza bakarra dagoela: ikasi.
- Nor zaitut? Izaerak berak nolako kontsiderazioa duen aztertu beharko da puntu honetan. Badirudi euskaraz derrigorrezkoa dela erreferentzi markoa zehaztea ezeren izaera definitzeko. Aita dut eta es mi padre alderatzen baditugu argi geratzen da gazteleraz izaera objektuari berari dagokiola eta euskaraz berriz objektuak izaera alderatzen denean hartzen duela; bitartean berez ezer ez delarik. Irakaslea naiz esan ahal izateko ikasleak behar ditut, ezin baita ikaslerik gabeko irakaslea izan.
- Denbora eta espazioa. Zergatik erabiltzen da deklinabide-kasu bera denbora eta espazioa adierazteko? Gazteleraz de ahora en adelante eta de aquí en adelante hemendik aurrera dira euskaraz. Bestalde liburu batean zerbait aurrerago dagoela esaten dugunean, nora jotzen dute gure ikasleek? Beraz, nolako banaera dute espazioak eta denborak euskaraz?
TESTUETAKO ADIBIDEAK
Aurreko adibideak ikusita, testuetan markatutakoak aztertuko ditugu:
1. TESTUA: ANBULANTZIA BATEAN
- Anbulantzia batean zihoazen bost gaiso eta beste lagun bat hil dira auto istripuz Toledon
- Sei lagun hil ziren atzo goizean Esquivias (Toledo) herriaren parean anbulantzia batek eta auto batek elkar talka egin ondoren. Antza denez, euriaren ondorioz, anbulantziak irrist egin zuen eta bere atzeko aldeak kontrako norabidetik zihoan auto bat bete-betean harrapatu zuen. Bi ibilgailuak irauli egin ziren gero. Autoan zihoan pertsona bat berehala hil zen, anbulantzian zihoazen lau gaisorekin batera. Beste gaiso bat ospitalean hil zen. Anbulantziako gidaria onik dago, baina beste hiru lagun larri daude. Anbulantziak garraiatzen zituen Toledoko Virgen de la Salud ospitalera errehabilitazioa egitera zihoazen gaisoak.
Euskaldunon Egunkaria 1998-9-29
- Testuan "zihoazen" agertzen da. Baina, ez al da egokiagoa, zeramatzaten: gaixoek berek egiten al zuten ekintza ala beste norbaitek egiten zuen? Zein zen gertatzen ari zen ekintza: joan ala eraman?
- Testuak "zihoan" dakar. Ez al da zetorren egokiagoa? Nondik ikusten dira gertaerak euskaraz? Kanpotik, aktorearen ikuspuntutik? Badirudi, euskarazko joera protagonistaren ikuspuntutik begiratzea dela.
2. TESTUA: PINTURAK EZ ZUEN LAPURRETA ESTALI
- Ertzaintzak 23 urteko mutil gazte bat atxilotu du Zumarragan, obra batzuetan zerabilten dumper bat lapurtzeagatik. Trenbidearen parean egiten ari ziren obra batzuetan ostu zuen. Etxera eraman eta berehala, inork ezagut ez zezan, pintatu egin zuen makina, berez laranja kolorekoa. Urdin-urdin utzi zuen eta baserriko lanetarako zerabilen. Pinturak, ordea, ez du makinaren jatorria ezkutatu, eta atzo ertzainek amaiera ipini zioten zumarragarrak ekintza arrakastatsu biribiltzeko egindako ahaleginari.
Euskaldunon Egunkaria 1998-10-2
- Zer beharko luke: ertzaintzak ala ertzainek? Izaera abstraktua duenak atxilotu al dezake norbait? Ala, entitate erreala duenak egin dezake bakarrik? Ez ote da egongo hor, gaztelerazko la policía eta horren parekoa sortu beharra eskaraz?
- "Etxera", testuan agertzen denez, ala baserrira komeni da? Badakigu etxea baserria dela, beherago ipintzen duelako. Baina, zer da etxea? Nahikoa aztertuta dago gaur egun eta badirudi ez dela leku fisikoa bakarrik, ezta ere lau paretek inguratzen dutena. Gure ikasleek ordea, ondo bereizten dute etxea, pisua eta baserria gaztelerazko casa, piso eta caserio esateko. Frantsesek chez erabiltzen dute; baina ez bizilekua adierazteko bakarrik: chez nous esaten dute gure artean esateko eta chez le boucher, harategian esateko.
- "Amaiera ipini" posible al da? Zer da ipini? Non ipintzen da amaiera? Ez al dago hemen poner fin horren ordezko eskasa? Euskaraz, ipini zerbait fisikoa bada, ezin da amaierarik ipini. Bukatu egiten dira gauzak, akabera ematen zaie gauzei baina ez amaiera ipini. Badirudi, euskal kultura askoz ere fisikoagoa dela, errealitateari lotuagoa hainbat alderditan, behinik behin.
- Biribiltzeko agertzen da. Baina, zergatik ez, kuadratzeko: euskal kulturan zergatik ote da perfekzioaren adierazle borobila eta ez karratua? Cuadrar esaten da gazteleraz eta borobildu euskaraz. Egia borobila da, argudioak borobildu egiten dira, e.a.
3. TESTUA: AHUNTZA BORTXATU
- Ahuntz bat bortxatu zuen gizonari bost eguneko ARRESTATZEA EZARRI DIOTE
- Donostiako baserri bateko lurretan bazkan ari zen ahuntz bat bortxatzeagatik bost egun arrestatua egotera zigortu dute 43 urteko gizonezko bat. Horretaz gain, 6.000 pezetako (240 libera inguru) kalteordaina eman beharko dio ahuntzaren jabeari; hain zuzen ere, bortxaketaren ondorioz abereak zituen zauriak sendatzeko albaitariari ordaindu behar izan zitzaiona. Donostiako 1. Instrukzio auzitegiak epaitutako gertaerak azaroaren 4an jazo ziren. Fernando Andreu epailearen arabera, frogatuta geratu da arratsaldeko 17:00ak aldera Etxeberria baserriko lurretan , Miguel V.D. ahuntz batengana hurbildu zela eta zakila sartu ziola baginan. Halaber, frogatutzat eman du ahuntza ernai zegoela eta, bortxaketaren ondorioz, abortoa izan zuela. Akusatuak gertaera guztiak ukatu ditu, baina epailearen iritziz, lekukoek emandako xehetasunek eta ahuntzak zituen zauriek argi eta garbi adierazten dute delitua egin zuela.
Euskaldunon Egunkaria
- Bortxatu animalia bat? Gure kulturan animaliek zer kontsiderazio duten aztertu beharko litzateke hemen. Batetik badakigu trataera ezberdina dutela heriotzaren kasuan adibidez, hil beharrean akabatu egiten direla, alegia. Baita sexuari dagokion hikaren trataeran ere: bi sexuei ematen zaie harraren trataera. Gainera hika erabiltzen da eta ez zuka. Beraz, euskal kulturan zein leku okupatzen dute animaliek? Badirudi gauzen eta gizakien arteko izaki asexualak direla. Ondorengo bi adibideetan, aplika al dakieke animaliei pertsonen ezaugarririk?
- Baginan. Ba al du bada? Animaliek ba al dute horrelakorik? Behiek tronpera omen dute hainbat lekutan; bestelakoek, berriz, montera.
- Abortoa. Abortatzea ez al da emakumeei dagokien ekintza? Aurreko bietan bezalaxe, gizakiari dagozkion ezaugarriak erabiltzen dira animalien kasuan. Benetan ematen al da bereizketa hori euskaraz?
4. TESTUA: ANOREXIA, NERABEEN GAITZA
- 15 eta 25 urte bitarteko neskek jasaten dute, batez ere
- Anorexia nerabeen gaisotasuna izan ohi da. Batez ere, 15 eta 25 urte bitarteko neska gazteena. Ez dute ezertxo ere jaten eta, jakina, argaldu eta gaisotu egiten dira.
- Buruko anorexia gorabehera askoren ondorioz sortzen da: familia, kultura, gizartea eta arazo pertsonalak izaten dira errudunak.
- Arrazoiak asko
- Gaur egun, argi eta garbi dago gorabehera askoren ondorioa dela. Gehienetan, emakumezkoak (gizonezkoak % 10 besterik ez dira), 15 eta 25 urte bitartekoak eta ondorengo ezaugarriak izaten dituzte bataz beste:
- Nortasuna: buru argia eta hizketarako erraztasun handia. Adimena bataz bestekoa baino maila altuagokoa. Bizitzaren alderdi intelektual eta izpiritualak hartzen dituzte batik bat aintzat.
- Biologia: Umetan, jankarrak izaten dira. Sarritan urdaileko arazoak edukitzen dituzte eta gorabeherak hilekoarekin.
- Familia: Oro har, maila oneko familiakoak dira. Nerabe horiek askatasun gutxi izaten dute, gurasoek lotuegi dauzkatelako. Amek gehiegi babesten dituzte eta, horrela, gazteek ezin konpondu izaten dituzte adin horretako arazoak. Horrelako amek eragotzi eta oztopatu egiten dute beren alaben heldutasun-prozesua.
- Gizartea: Emakumezkoek, arrakasta izango badute, argal-argal egon behar dute ezinbestean.
- Gaur egun, argi eta garbi dago gorabehera askoren ondorioa dela. Gehienetan, emakumezkoak (gizonezkoak % 10 besterik ez dira), 15 eta 25 urte bitartekoak eta ondorengo ezaugarriak izaten dituzte bataz beste:
- Egoera horretan, beti izango da gaitzari bidea zabalduko dion arrazoiren bat: argaltzeko errejimenen bat, maitasun-harremanen batek porrot egin duela, ikasketak burutzeko familiatik banandu beharra, gizartean onartua izateko oztopoak...
- Gaitzaren sintomak
- Askoz ere gutxiago jaten eta edaten hastea, baita den-dena egosita edo plantxan erreta jateko obsesioa ere.
- Otorduetan oso jokabide bitxiak. Adibidez, zutik jaten hastea, oso zati txikiak eginda, erraz betetzea...
- Errejimena hastearekin batera, hilekoa ere galtzen dute.
- Ordu gehiago ematen dute ikasten eta ariketa fisikoa egiten. Beraz, lo gutxiago egingo dute.
- Gezurretan aritzen dira: jaten dutelako planta egin ondoren, komunera joan eta oka egiten dute, edota libragarri eta diuretikoak erabiltzen dituzte argaltzeko.
- Beren gizartetik eta familiatik gero eta gehiago urrutiratzen dira.
- Nahiz eta hezur eta azal egon, ispiluan lodi ikusten dute beren burua.
- Izugarrizko beldurra diote loditzeari.
- Ez dute inoiz aitortuko gaisorik daudela, nekaturik, egarriak, edo goseak.
- Depresioak jota eta obsesionatuta egoten dira.
- Gaitzaren sintomak
HABE aldizkaria
- "Izan ohi da" agertzen da testuan. Nola dago antolatuta denbora euskaraz? Eta zergatik? Zer denbora antolaketa adierazten du izan da, izaten da eta izan ohi da-ren arteko aldeak?
- Argia. Zergatik lotzen da pertsonaren inteligentzia ilunaren kontrako kontzeptuarekin?
- Familia. Nork osatzen du euskaraz familia? Aita-amak eta seme-alabak? Badirudi gure kulturan familia hori baino gehiago dela.
- Banandu. Zer da? Fisikoki aldendu? Batetik datorren hitza da. Zer kontzeptu adierazten du bat-ek? Osatzeko dagoena?
- Beharra. Zer da beharra? Zergatik behar, norberak aukeratzen badu?
- Erreta: Gaztelerazko quemar, asar, fumar, picar, escocer, consumir, agotar, desgastar...adierazteko dugu erre euskaraz. Zein da berez erre-k adierazten duen kontzeptua? Beroaren eraginez edota beroa sortzen duen fenomenoa, agian?
- Otorduetan: zeintzuk dira? Kultura bakoitzak egunaren banaketa bat eta otordu jakin batzuk ezartzen ditu. Zeintzuk dira euskarazkoak? Otordu hitzak berak ere, ez al du adierazten jateko ordu jakin batzuk badirela?
- Jokabide bitxiak: zeintzuk hartzen dira bitxitzat?
- Gezurretan: zer esan nahi du? Egiaren kontrako kontzeptua al da ala benetakorena?
- Aritzen: zer da ari gazteleraz? Inguruko erdarek ez duten aktibitatea adierazteko forma dugu hau, baina aktibitatea bera zein den adierazi gabe. Gazteleraz, "¿ya estás? esaten dugunean, aktibitatea bukatuta al dagoen galdetu nahi dugu zenbaitetan eta atzetik preparado, listo suposatutzat ematen ditugu. Euskaraz "ari al zara?" esaten dugunean berriz, aktibitatean ari al garen galdetzen ari gara.
- Beren gizartetik: berea? Bakoitzak berea al du, bada? Zenbat daude eta nola daude osatuta? Inguruneari egin nahi al dio hemen erreferentzia?
- Hezur eta azal: gazteleraz en los huesos esaten da. Euskaraz azala aipatzen da. Zeintzuk dira egoera bakoitza irudikatzeko erabiltzen diren esamoldeak?
ONDORIOAK
- Hizkuntza bat ikasi nahi duenak kultura jakin horrek ezarritako legeen arabera aukeratu behar ditu formak, benetako gaitasun komunikatiboa eskuratuko badu. Kultura bakoitzak hainbat forma ahalbideratzen ditu mezuak sortzeko eta beste batzuk kulturalki ezegokiak dira. Kulturen arteko kontaktuak interferentziak sortzen ditu eta hizkuntzan ikusten badira ere, hizkuntza eta kulturaren lotura norabide bikoitzekoa izaki, interferentzia linguistikoek kultura-edukien aldaketak sor ditzakete.
- Irakasleak, berriz, ikasgelan sortzen diren eta ekoizten diren testu guztiak beste ikuspegi honetatik ere begiratu beharko ditu egokiak diren ala ez erabakitzeko. Beraz, hizkuntz forma jatorrei erreparatu behar zaie, ez bakarrik forma egokiak erabiltzeko, baizik eta benetako forma kultural egokiak zeintzuk diren jakiteko.
- Orain arte, jatortasun eza deitutakoa ezegokitasun kultural bezala interpreta daiteke.