Erroreen aurreko jokabideak

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Errorearen pedagogia

Esan bezala, errorearen pedagogia izango da erroreak interpretatzeko markoa. Segidan, metodologikoki plantea daitezkeen jokabideak zerrendatuko ditugu.

Noiz eta nola zuzendu: konpartitutako ezagutza

Ikasleak argi eduki behar du zein den irakasleak erroreak zuzentzeko erabiltzen dituen teknika eta estrategiak: noiz zuzentzen duen, noiz ez eta zergatik. Ikasleak ez luke pentsatu behar irakasleak ez diola inoiz zuzentzen. Honetan ere atera behar lukeen ondorioa da berak aktibo jokatu beharra: ez duela irakaslearen zain egon behar gauzak ondo doazen jakiteko.

Horretaz gain, oso komenigarria da zuzenketak bideratzeko kode bat diseinatzea eta ikasleak horren berri izatea. Horrela, ikasleari auto-zuzenketa egiteko modua erraztu egiten baitzaio.

Hausnarketa bultzatu

Euskararen sistema linguistikoaren gaineko hausnarketa bultzatzeak —analisi testuala eta joko linguistikoen bitartez— ikaslearen tarteko hizkuntza mobilizatuko du norabide positiboan, euskararen sistemara hurbiltzea mesedetuz (Villanueva et. al., 1983:95).

Euskararen gaineko gogoeta bultzatzeak hizkuntzaren aurrean ikerlari gisa jokatzea suposatzen du, funtzionamenduaren arauak deskubritzeko modua izanez.

Joko linguistikoek komunikazio-behar bati begira egon behar dute, nahi eta nahi ez, gauzapen diskurtsiboa izango dutenak. Analisi testualak ahalbideratuko du testua gobernatzen duten arauak deskubritzea. Izan ere, testua bere osotasunean ikusita, hau da, hasiera eta amaiera duen komunikazio-egintza, ikasleak testuak berez duen barne-logika deskubritu beharko du, testutik distantzia hartuz. Testuak, baten baino gehiagotan esan bezala, ez dira inoiz kaotikoak ez eta inuzenteak ere. Bestela esateko, egitura ez da kasuala.

Auto-zuzenketa

Auto-zuzenketaren bidez ikaslearen gogoetak bultzatzeak tarteko hizkuntzaren mobilizazioa ekarriko du norabide positiboan (op. cit.).

Auto-zuzenketa diogunean, zentzurik zabalenean planteatu nahi dugu, ikas-estrategia gisa, alegia. Argi dago ikasleak zenbait momentutan ez duela modurik izango ondo edo txarto zer egin duen jakiteko, eta hor irakasleak lagundu beharko diola. Kontua, ordea, ez da horretara mugatzen: ikasleak ikasgelan eskura izan behar dituen kontsulta-materialak —hiztegia, gramatika, zalantza-liburuak...— bere kasa erabiltzen ohitu beharra dago .

Erroreen kodifikazioa

Erroreen kodifikazioa egiten bada, posible izango da berorien arteko konexioa nolakoa den ikustea eta ondorioz, analisi kualitatiboa eta kontestualizatua egiteko modua izango da.

Erroreen analisi kualitatiboa eta kontestualizatua diogunean, erroreen analisi baloratiboaz ari gara, ondorengo faktoreak kontuan hartuz:

  • ikaslearen produkzioak kokatzen direneko testuingurua
  • ikaslearen segimenduan zehar, erroreen agertze, desagertze eta errekurrentzia
  • ikasleak bere erroreaz ematen dituen azalpen eta interpretazioak

Horrela jokatzeak erroreen arteko interkonexio-sareak elaboratzea ahalbiderako luke, eta horrela, erroreen kontzeptualizazioa egiteko modua mesedetu. Hortaz, ikaslearen tarteko hizkuntzaren irudia —partziala, baina— eskuratzeaz gain, ikasleak erabiltzen dituen ikas-estrategien berri ere emango digu.

Erroreak eta komunikazioa

Aurreko guztien ondorioz, zuzenketa sistematikoa eta mekanikoak ez dira egokienak, komunikazioa mozteko arriskua sortzen baitute.

Erroreak zuzentzerakoan oso argi eduki behar dugu zer lantzen ari garen. Helburua jarioa eta komunikazioa lantzea baldin bada, ikasleak jakin behar du garrantzitsuena dela zer esaten duen eta ez nola, arreta mezuan ipiniz eta ez forman. Horregatik, irakasleak ez dio moztu behar hitz egiten duen bitartean, baina bai apuntatu ikasleak txarto ekoiztu dituen enuntziatuak, beste momentu batean horien gainean lan egin ahal izateko.

Horrekin batera, oso garrantzitsua da langai ditugun formetan baino arreta ez jartzea. Adibidez, aditzaren aspektua lantzen ari garela, ikasle batek deklinabidearekin arazoak baldin baditu, hobe da aditzekin egindako hanka-sartzeak zuzentzea eta gainontzekoa beste momentu baterako uztea. Arazoak identifikatu eta banan-banan heldu behar diegu.

Ikasleak horren guztiaren berri izan behar du zeren, lehenago esan bezala, zuzentze-estrategiak konpartitutako ezagutzak izan behar diren.

Errakuntza orokorrak

Errakuntza orokorrak talde osoko saioetan landuko dira.

Erroreen zuzenketa taldeka egin daiteke. Ikasleek errorea identifikatu eta zuzentzea araua ezagutzen dutelako seinalea izango da, nahiz oraindik ez kontrolatu. Taldeko inork errorea ezin badu aurkitu, arau hori ezezaguna edo txarto ulertua izan daiteke. Hor izango genuke, beraz, zer landu. Honela, erroreetatik abiatuz, programaziorako abiapuntua izan genezake. Badirudi, bestaldetik, ez dela komeni orokorrak ez diren erroreak taldean lantzea ezen erroreak ere ikasi egiten dira.

Ikaskideek ere zuzentzea mesedetu behar dugu

Aurreko puntuetan argitu dugunez, irakasleak ez ezik, ikasleak ere badu zeresana eta zeregina zuzentze-lanean. Horretaz gain, ikasleek elkarri zuzentzea oso onuragarria suerta daiteke, ikas-prozesuaren nolakotasunak konpartitzen dituztelako.