Ikas-estrategiez zabaldutako hainbat topiko

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Autonomia

Hona hemen ikas-estrategiez zabaldutako hainbat topiko:

Ikas-estrategiak programa daitezke

Gainerako edukien moduan estrategiak programa daitezkeela, eta are gehiago, programatu behar direlako iritzia oso zabaldua da. Hemen arazo bikoitzarekin egiten dugu topo. Batetik, aldez aurretik programatzea posible ote den, eta bestetik, aurreko galderaren erantzuna baiezkoa izanez gero, estrategiak ere programa daitezkeen ala ez.

Lehenengo galderari erantzutearren, adibide zehatz bat jarriko dugu. Gramatika-edukiak, esaterako, dena delako programak agintzen duen hurrenkeran eta segidan programa daitezke? Ikasleen egoera eta beharrei muzin egin ahal zaie? Egun adostasun nahikoa da ezetz esatean. Ausubel-en aipu batek dioenez (Pozo et. al.-ek aipatua, 1991), el factor más importante que influye en el aprendizaje es lo que el alumno sabe. Averígüese esto y enséñese en consecuencia.

Gramatika-edukiak aldez aurretik eta ikasleen egoera kontuan hartu gabe programatzeko arazorik ikusten badugu, are gehiago estrategien kasuan. Ikasleak aldez aurretik ezagutu gabe, ez dago zein estrategiaren beharrean izango diren esaterik. Estrategiak, azken finean, ikaslearen eta eginkizunaren araberakoak izango direnez, askoz zailagoa izango da aurretiaz ezer erabakitzea.

Ikas-estrategiak berezkoak dira, ezin dira ikasi

Ikas-estrategiak irakats daitezkeen jokaerak dira (Jimenez Raya, 1993) edo hobeto esanda, landu eta ikas daitezkeen jokaerak. Ikas-estrategiak guztiok batera edo bestera erabiltzen ditugun prozesuak izanda, posible da prozesu horien kontzientzia hartzea eta era kontrolatuan erabiltzea. Horrek askotan inkontzienteki egiten denari buruzko hausnarketa eskatuko du, ondoren lanketarako bideak eskaintzeko.

Guztiok erabiltzen ditugu ikas-estrategia berberak

Askotan pentsatu izan da eginkizun bakoitzerako erantzun bakarra dela ona, eta egiteko modu bakarra. Bestela esanda, norberak erabiltzen dituen ikas-estrategiak direla guztiontzat egokienak. Baina, subjektu bakoitzak modu ezberdin batean ikasten du, ikas-estilo ezberdina du eta estrategia ezberdinak erabiltzen ditu. Gauza batzuk nahiko orokorrak baldin badira ere, bakoitzaren osotasuna ezberdina izango da. Aniztasun horretan kointzidentziak egongo dira baina baita aldeak ere.

Estrategiak ez dira behagarriak

Estrategiak berez buru-eragiketak dira eta kutxa beltzaren metafora erabiliz, ez dago buruan zer gertatzen ari den ikusterik. Horrek ez du esan nahi, ordea, eragiketa horiek izan duten emaitza aztertuta, ezin deduzi daitekeenik zein eragiketa gertatu den. Beraz, estrategiak ezin izango dira behatu baina bai beren ondorioak. Ondorio horiek aztertzen trebatu beharko dute irakasleak eta ikasleak, horien araberako erabakiak hartu ahal izateko. Dena dela, gogoratu ikas-estrategien lanketa erabat loturik dagoela prozesuetan oinarritutako ikaskuntza-irakaskuntzarekin.

Bibliografia