Internet bidezko euskalduntzea

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Egilea: Gloria Sanchez Frutos

Erakundea:

SUE

Data:

2001

Non:

UEUko Helduen Euskalduntzearen IV. Jardunaldiak

HISTORIA-PIXKA BAT

Santurtziko Udal Euskaltegia 1982ko urrian sortu zen. Urte horietan guztietan zehar eskaini dituen ikastaroak HABEk zehazturiko araudiari jarraiki antolatu ditu. Horretarako, 20 irakasle ditu eta bataz beste 500 ikasle atenditu ditu ikasturteko.

Horiek horrela, Santurtziko Udal Euskaltegiak, ohiko irakaskuntza-moldeak zituen mugez jabetuta, 1998ko irailean gel@irekia izeneko auto-ikaskuntzarako zerbitzua abian jartzea erabaki zuen. Honetara ekar genitzake, labur-labur, muga horiek:

  • Eskaintzen genituen ikas-moduluak, gehienak astean 10 ordukoak, ez ziren batere malguak ordutegi-arazoak zituzten ikasleentzat. Askok eta askok ikasi nahia erakutsi arren, ez zuten aukeran maiztasun gutxiagoko ikastarorik.
  • Ikasle askok ez zuen ohiko ikastaldeetan behar zuena topatzen. Eskaintza sarri askotan orokorregia zen eta ez zuen xede berezietarako irakaskuntzarik mesedetzen. Xede bereziren bat gogoan, propio matrikulatutako taldea osatu ezean, ikasle horrek bertan behera utzi behar zuen ikasteko asmoa.
  • Garai hartan ohiko ikastaldeetan ari ginen autonomizatze-prozesua eta ikasten ikastearen garrantzia azpimarratzen. Hasiak ginen ikaskuntza autonomoa bultzatzen, eta berebiziko ahaleginak egiten ikas-prozesuaren emaitzari baino, prozesuari berari begiratzeko. Beraz, auto-ikaskuntzarako zerbitzua antolatzea ohiko ikastaldeetan urratzen hasitako bidearen jarraipena izan zen. Hala ere, argi ikusi genuen norabide bikoitzeko ibilbidea behar genuela, hau da, teorian eta praktikan, ikasgelatik auto-ikaskuntzara, baina baita auto-ikaskuntzatik ikasgelara eramango gintuena.

Azken batean, ikasleari ahalik eta aukera gehien eskaini behar geniola argi ikusi genuen: taldean eta bakarka, euskaltegira joanda eta urrutitik, irakaslearen laguntzaz zein bere kasa. Eta batez ere, euskaltegiak aldez aurretik ezarritako eskema itxietara mugatu gabe, zerbitzua ikaslearen beharretara moldatzeko ahalegina egin beharra sumatu genuen.

Hemen, labur-labur baino ez bada ere, proiektuaren historia-pixka bat egingo dugu. Gure ustez, hiru aldi dira azpimarratzekoak.

  • Lehen aldia
1998-1999 ikasturtean auto-ikaskuntzarako zerbitzua sortzeko beharra sumatu genuen, gorago aipatutako arrazoiengatik.
Aldi horretan egindako lanaren emaitza dira gure lankide Pedro Lonbidek Gasteizen Helduen Euskalduntzearen II. Jardunaldietan auto-ikaskuntzarako zerbitzu batean aholkulariak bete beharreko ezaugarriak eta zereginak direla-eta aurkeztutako gogoetak -- berrikitan argitara emandako aktetan aurki ditzakezue-- , eta Jose Miguel Arnaizek Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroetan zerbitzuaren izari-ezaugarriei buruz aurkeztutako komunikazioa.
  • Bigarren aldia
1999-2000 ikasturtean ideia gorpuztu eta proiektuaren esperimentazio-aldia gertatu zen. Horrela 3-4 ikasle hartu genituen on-line bidezko ikasbiderako, eta 10 bat ikasle aukeratu genituen bertsio presentzialean jarduteko.
Horren berri eman nuen nik neuk UEUren Glotodidaktika Sailak iazko udan Iruñean antolatutako ikastaroan.
  • Hirugarren aldia
Esperimentazio-aldi horretan lorturiko datuak interpretatu eta gure hasierako iritzi eta irizpide asko birformulatu ondoren, gel@irekia auto-ikaskuntzarako zerbitzua 2000ko ekainean jarri zen abian modu formalean.
Pedro Lonbidek aurtengo martxoan Bartzelonan izaniko auto-ikaskuntzari buruzko topaketetan zirriborratu zituen gel@irekia zerbitzuaren oinarrizko printzipioak, ondorioak eta gaur egungo egoera -- gure webgunean duzue eskura-- . Neure aldetik, komunikazio honetan on-line ikasbideari begira formulatu ditugun lan-hipotesien berri emango dizuet. Lehenik eta behin baina, eskaintzen ditugun zerbitzuak azalduko ditut.

ZERBITZU-MOTAK

Hona hemen gel@irekia-k eskaintzen dituen ikasbideak:

Nork bere kabuz ikasteko baliabideak

Webgunetik doaneko baliabideak eta informazioa eskaintzen ditugu, nork bere kasa euskara ikasi ahal izateko.

Ikasbide presentziala

Ondoko ezaugarriak dira aipatzekoak:

  • Ikaslea euskaltegira bertaratzen da.
  • Ikasleak dituen beharren araberako ikas-prozesua mesedetzen du: azterketen prestaketa, idazmena, mintza-saioak, arlo jakinen indartzea...
  • Hiru zeregin edo funtzio dira hemen: zerbitzu-arduradunak betetzen duena (ikasleen harreraz, zerbitzuaren ebaluazioaz eta kudeaketaz arduratzea); aholkulariarena (ikaskuntza antolatzen laguntzea du helburu) eta irakasleak bete beharrekoa (azalpenak eman, zalantzak argitu eta hizkuntza praktikatzeko aukerak eskaintzea).

On-line ikasbidea

Hona hemen hainbat ezaugarri:

  • Ikaslea ez da euskaltegira bertaratzen.
  • Ikasleak dituen beharren araberako ikas-prozesua mesedetzen du: azterketen prestaketa, idazmena, arlo jakinen indartzea...
  • Bi zeregin dira hemen: zerbitzu-arduradunak betetzen duena (ikasleen harreraz, zerbitzuaren ebaluazioaz eta kudeaketaz arduratzea), eta irakasle-tutorearena (lana antolatzen lagundu, zalantzak argitu eta hizkuntza praktikatu ahal izateko beharrezko baliabideak eskaintzea).

Gatozen, bada, harira. Zertan da on-line ikasbidea? Zer-nolako ezaugarriak ditu? Nolako prozedurei jarraitu behar diegu? Zer-nolako oinarri metodologikoak ditu?

Galdera horiei erantzuteak irakasleak erreferentzi gisa erabiltzeko protokolo bat izatea mesedetuko du, inguru ezpresentzialean bere praktika didaktikoa gidatzeko modukoa. Baina, ez hori bakarrik, ikasleak ere beharko ditu jakin hainbat eta hainbat xehetasun, ikas-prozesua bideratzen lagunduko diotenak. Izan ere, ez dugu ahaztu behar on-line ikasbidea ikasle zein irakasle askorentzat oso berri gertatzen dela, eta zenbaiten kasuan, zeharo ezezaguna.

ON-LINE IKASBIDEA

Zertan den

Esan dugunez, on-line ikasbidearen ezaugarri nabarmenena da ikasleak euskaltegira etorri beharrik ez izatea, nahiz hainbat eta hainbat inoiz etorri izan diren tutorea ezagutzera (bizilekuaren arabera, jakina).

Ikaslearen eskura jartzen ditugun baliabideak askotarikoak dira:


  • santurtzieus.com webgunean diren ikas-materialak -- doaneko ikastaroak, hainbat ariketa eta testu...-- eta informazioa -- euskara, kultura eta ikaskuntzarekin erlazionatutako linkak, sarean diren ikas-materialak, beste hainbat ikasguri buruzko informazioa, e.a.-.
  • Euskara ikasten ari direnen arteko foroa. Dakizuenez, interneteko zerbitzari baten bitartez posta-zerrenda antolatu dugu, euskara ikasi eta praktikatu nahi dutenen arteko komunikazioa ahalbidetzeko.
  • Santurtziko Udal Euskaltegiaren ariketa-bankua
  • Behar izanez gero, tutoria presentziala (bertaratu ahal dutenentzat) zein chat edo telefono bidezkoa.

Eraketa eta antolamenduari dagokionez, ikasbide presentzialean bezalaxe, 10 saioko ikastaldiak eskaintzen ditugu, saioa zera delarik: ikas-materialak eta lan-proposamenak bidaltzea eta horien zuzenketa.

Gaur egun ariketa-bankuaren materialak e-postaz bidaltzen dizkiegu, baina ahal denik eta eperik laburrenean banku osoa webgunean eskegitzeko asmoa dugu. Horrela, ikasle bakoitzak ariketa, testu eta laguntza-atalera jo eta aukerak egiteko modua ahalbidetuko genuke. Dena dela, esan dugunez, hasi ginenetik hona posta elektronikoa erabili dugu gehien bat.

On-line ikasbidean orain arte jardun duten ikasleen kopurua 40koa izan da, ikasleen bizilekua ere oso bariatua izanik. Hona hemen horietako batzuk: Argentina, Chile, Mexiko, New York, Italia, Alemania, Valencia, Alicante, Madril, Bartzelona eta Euskal Herria.

Oinarri metodologikoak

Labur-labur, honetara bil genezake Santurtziko Udal Euskaltegiaren Kurrikulu Proiektuan islatu nahi izan dugun planteamendu metodologikoa: ikas-prozesuaren ikuspegi sozio-konstruktibista izaki, ikaslearen autonomizatze-prozesuari eragitea da helburu nagusienetako bat. Horretarako, trebakuntza estrategikoa eta ikas-estiloak kontuan hartzeak dibertsitatearen onarpenari emango diote bide. Hori guzti hori, jakina, hizkuntzaren ikuspegi diskurtsiboa geure eginez. Hemen argi utzi nahi dugu autonomia eta ikasten ikastea ezin direla hizkuntzari buruzko ikuspegi estruktural batekin bateragarriak izan, eta ezinbestez, giza komunikazioa aztertzen duten teoria linguistikoek gidatu behar dituztela gure hizkuntza-analisiak.

gel@irekia auto-ikaskuntzarako zerbitzuaren ikuspegi metodologikoa, ageri denez, bat dator aipatutakoarekin, eta horrela, aipatuko ditugunak marko horren barruan interpretatu beharra azpimarratu nahi dugu.

Irakatsi eta ikasteko prozesuak bideratzeko oharrak

Ikasbide honen funtzionamendua zertan den ikusteko, bi alderdi ezberdinduko ditugu hemen, ikaslearen hasierako harrerari dagokiona bata, eta ikas-prozesuan zeharreko alderdi metodologikoa, bestea.

Ikaslearen hasierako harrera

Zerbitzu-arduradunak ikasbide honetan matrikulatzeko interesa duen ikasleari zerbitzuari buruzko informazio idatzia luzatzen dio. Bertan, ahalik eta informazio esanguratsuena emango dio ikasbide honetan jasoko duen trataeraz.

Behin matrikula egiteko asmoa duela, ikasleak formulario bat bete behar du. Bertan hainbat datu pertsonal emateaz gain, ikaslearen auto-ebaluazioa egin ahal izateko hainbat galderari erantzun beharko die. Bi atal nagusi azaltzen dira:

  • Batetik, hizkuntzen ezagutza eta ikaskuntzari buruzko galderak biltzen dituena. Ikasleak beste hizkuntzekin izandako esperientzia linguistikoak ebaluatu nahi dira, gainetik baino ez bada ere.
  • Bestetik, euskararen ikaskuntzaz izandako esperientzia nolakoa izan den ikertzeko galderak planteatzen dira.

Formularioa bete eta bidalitakoan, ikasleari irakasle-tutorea bat jarriko dio arduradunak.

Alderdi metodologikoa

Hemen bost alderdi jorratuko ditugu: hasierako ebaluazioa, ikas-plana, irakasle-tutorearen hainbat jokabide, ikas-materialak eta ebaluazioa.

  • Hasierako ebaluazioa

Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dugu hasierako ebaluazio-aldia behar-beharrezkoa dela. Ikasleak bete behar izan duen formularioan bere mailaz, ikas-estiloaz, preferentziez eta egindako ikas-ibilbideaz oinarrizko informazioa eman digu. Horretan oinarrituta, ikaslearen egoera eta maila zertan diren adieraziko duten hainbat ariketa ezberdin proposatuko dizkio irakasle-tutoreak: gramatika, irakurmena, idazmena, ariketa analitikoak, estrategien erabilera, ikas-estiloaren orientabidea (ikaslearen joera kognitiboak, errorearen aurreko erantzuna...), e.a.

Horretarako, ikaslea ariketa horietan nola sentitu den, nolako zailtasunak izan dituen eta, finean, zer lortu duen ikertu behar du irakasle-tutoreak. Horrez gain, ikasleari fase honen garrantzia argitu behar diogu, noiz eta zertarako egingo den azalduz.

  • Ikas-plana

Irakasle-tutorearen lanik inportanteenetako bat ikasleari ikas-plana diseinatzen laguntzea da. Hori, jakina, epe ertain-luzera begirako helburua da. Bien bitartean, ebaluazio-aldian lorturiko datuetan oinarrituta, irakasle-tutorearen ohiko jarduera ikasleari helburuak ezartzea eta proposatutako ariketekin lortutako emaitzak ebaluatzea izango da. Horrela, egindakoaren gaineko gogoeta eta hausnarketaren bitartez, pixkanaka-pixkanaka ikaslea tarteko helburu propioak ezartzera bultza dezake.

Lan-egitasmo pertsonala diseinatzen trebatzea autonomizatze-prozesuari eragin ahal izateko oinarrizko baldintza da. Dena dela, ez dugu ahaztu behar autonomia gaitasuna dela, eta gaitasun guztiek bezala, garapen-prozesu bat suposatzen duela. Ildo horretan, ikasleak trebatu beharra izango du, baina aldez aurretik dituen ikas-ohitura eta ikas-esperientzietan ezinbestez oinarrituz.

Hasierako aldi honetan oso alderdi inportantea iruditzen zaigu lanerako erritmoa adostea eta erregularitateak markatzea, bai epeetan, -- hau da, saioak noizero izango diren: egunero, astero, hamabostero...-- , bai eginkizunetan -- zer-nolako ariketak planteatuko diren, zertarako...-- . Horren helburua da ikasleak errutina batzuk hartzea eta momentu oro zer egin behar duen jakitea. Horrela, lan-egitasmo pertsonala diseinatzeko baliabideak eskuratzea mesedetuko dugu.

Bere ezaugarriengatik edo, ikaslearen aldetik epeak markatzea posible ez bada, irakasle-tutoreak lehen fase batean ezarriko ditu -- erantzunak noizero, nolakoak, e.a.-- .

Ikas-plana diseinatuta, irakasle-tutoreak ikaslearen esku beharrezko materialak eta baliabideak jarriko ditu ikas-prozesuan aurrera egin dezan.

  • Irakasle-tutorearen hainbat jokabide

On-line ikasbidearen ezaugarrietako bat ikas-prozesuan inplikaturiko agenteek -- irakasle-tutorea eta ikaslea-- fisikoki leku berean ez jardutea da. Ingurune horri birtuala deitu izan zaio, ikasbide presentzialak -- errealak-- gogoan harturik. Gure ustez, erreala/birtuala bereizketaren egokitasuna juzkatu gabe ere, on-line inguruneak baditu hainbat diferentzia ohiko ikasgeletan izaten den ikasbidearen aldean.

Nabarmenetako bat izaten da irakaslearen eta ikasleen arteko feedback-a bestela bideratu beharra. Ikasgelan gehienetan berehalakoa izaten da eta aukera asko dituzte batzuek zein besteek beren esanak eta eginak azaltzeko eta, behar izanez gero, zuzentzeko edo ñabardurak tartekatzeko. On-line ikasbidean, ordea, aukera gutxiago izaten da. Hori horrela, irakasle-tutorearen eginbideek askoz ere argiagoak behar dute izan: azalpen laburrak, aholku argiak, zuzenketa zehatzak...

Solaskidea fisikoki ez ezagutzeak eta gainera beste ikaskideekin batera ez aritzeak ezinegona edo deserosotasuna sor dezake hainbatengan.

Hori ahal den neurrian ekiditeko, irakasle-tutoreak beste ikasleekiko harremanak sortzea bultzatu behar luke, eta horrekin batera, mota guztietako inplikazioak: ikasleen artean antolatutako posta-zerrendan harpidetzera gonbidatuz, proposatzen diren txat-saioetan parte hartzera animatuz, telefonoz aritzeko proposatuz... Azken batean, on-line ikasbideak sor lezakeen hoztasunari aurre egin behar die irakasle-tutoreak.

  • Ikas-materialak

Lehen ere esan dugunez, ikas-materialak momentuz e-postaz bidaltzen ditugu gehienak. Horrek dakar, ezinbestez, irakasle-tutoreak formatu informatikoan era guztietako materialak eskura izatea.

Ikas-materialek, ageri denez, bakarka aritzeko propio sortu edo moldaturikoak behar dute izan, honako baldintza hauek betez:

Ariketaren gaineko oinarrizko informazioa eman behar dute: maila, zein arlo landu nahi den –gramatika, irakurmena...--, zein euskarri behar den –idatzizko testua, ahozkoa...-, zein helburu duen...

  • Ikasleak burutu beharreko zereginaren gaineko oinarrizko informazioa emango dute: kontsigna argiak :izango dira, ikasle hasi berrien kasuan ele bitara idatziak...
  • Euskarriaren gaineko informazioa eman behar dute: testu-mota, testu-era, komunikazio-esparrua, erregistroa...
  • Beharrezkoa denetan, laguntza-atala izango du: arauen azalpena, hiztegia, baliabide diskurtsiboen azalpena, osagai estrategikoaren justifikazioa...
  • Zuzenketa-orria izango dute.

Aurrerago esan dugun moduan, ariketa-bankuaren diseinuan ari gara, eta horrek emango digu aipatu ditugun ezaugarriak datu-base erabilterrez batean integratzeko modua.

Irakasle-tutoreak euskara ikasi ahal izateko interneten diren baliabideen berri emango dio. Horrekin batera, sareko material horiekin zer egin dezakeen sujerituko dio, elkarrekin diseinatutako ikas-planean azaltzen diren helburuak betetze aldera.

  • Kontsulta-materialak

Hasiera-mailako ikasleei ez ezik, gainontzeko guztiei ere adierazi behar zaie derrigorrezkoa dela hainbat kontsulta-material eskura izatea: gramatikaren bat, metodoren bat (Bakarka, adibidez). Horren helburua ikasleak gutxieneko euskarriak izatea da, zenbaitetan irakasle-tutoreari lana arintzeko, baina baita ikaslea bere kasa ibiltzeko baliabideak izateko ere. Hori dela-eta, ikaslearen beharrak eta egoera aztertuta, kontsulta-material jakin bat gomendatuko dio. Urruneko ikasleen kasuan, erosketa guk geuk bideratu dugu baten baino gehiagotan.

  • Ebaluazioa

Eskaintzen ditugun ikastaldiak, dakizuenez, 10 saiok osatzen dituzte. Ikasleak aukeran du ikastaldi bakoitzaren ostean ikasten segitu edo bertan behera utzi. Horrek, nahitaez, eragina du ebaluazio-moldeetan. Gauzak horrela, behar-beharrezkoa izango da hasieran diseinatutako ikas-planaren helburuen lortze-maila ebaluatzea. Baina ez hori bakarrik, baita helburuen egokitasuna bera ere.

Ondorio argia izango da ikas-plana tarteka-marteka berrikusi eta moldatu beharra

AURRERA BEGIRAKO HAINBAT ONDORIO

Esanak esan, asko dira oraindik orain hobetu beharreko alderdiak. Besteak beste, ondokoak aipatuko genituzke:

Alderdi informatikoa

Alderdi honi dagozkion arazoak eta beharrak aztertzeko markoa gure lankide Jose Miguel Arnaizek Donostian izaniko Informatikari Euskaldunen III. Bilkuran aurkeztu zuen. Han esanikoak on-line ikasbidearekin bakarrik lotzen ez badira ere, interesgarria izan daiteke hemen ideia nagusiak laburbiltzea.

Santurtziko Udal Euskaltegiaren asmoa komunikazio-gune bat sortzea da euskara ikasten dabiltzan lagunentzat. Gune horretan ez da klase formalik izango, baina ikasleek euskara erabili eta elkarri ikasteko aukera izango dute, eskaintzen ditugun baliabideak aprobetxatuz: mezuen trukaketa, zalantza, arazo edo gogoetak besterekin konpartitzeko modua, chat-gela, dokumentuak zabaldu, loturak...

Lehen aipatu dugun ikasleen arteko posta-zerrenda egitasmo hori bultzatzeko erabilitako bideetako bat izan da, orain beste adar batzuekin osatu beharrekoa.

Ildo horretan, gaur egun aztertzen ari gara webgunea izatetik ataria izatera pasatzea. Jauzi horrek, gure ustez, lehenago aipatutako ikasleen komunikazio-gunea sortzeko bideak erraz ditzake. Kuriositate moduan baino ez bada ere, esan aztertzen ari garela ahotsa duen chat-gela antolatzea, mintzamenaren lanketak dakarren arazoari aurre egiteko.

Testuinguru horretan, on-line ikasbidean ari diren ikasleei ikasteko aukerak ugaritzea lortuko genuke.

Ikas-materialak

Datorren ikasturteari begirako egitasmoan aurreikusi bezala, webgunean izango den ariketa-bankuak bi sarrera izango ditu:

  • Ariketen datu-base orokorra
Alde batetik, ikasleak hainbat irizpideren arabera sailkatutako ariketak aurkituko ditu. Irizpideak, besteak beste, honako hauek izango dira: maila, hizkuntza-arloa, helburua, zeregina, gaia...
Ikasleak, irakasle-tutorearen laguntzaz, datu-base horretako ariketak ezagutu eta azterturik, hainbat aukeratu eta burutzeko modua izango du.
  • Ikas-ibilbideak
Beste aldetik, aukeran izango du aldez aurretik diseinatutako ibilbide edo unitateak burutzea. Unitate horiek diseinatzeko erabilitako ariketa eta testuak datu-base orokorretik atereak dira. Ibilbide horiek eduki eta helburuen hurrenkera-irizpide jakin batzuen arabera diseinatuko ditugu. Momentu honetan ari gara lan horretan.
Ibilbide edo unitate horien helburu nagusienetako bat ikasleak hainbat datutan oinarrituta –bere beharrak, helburuak, ikas-estiloaren orientabidea...- ikas-prozesuaz aukera kontzienteak egin ahal izateko trebatzea izango da.

Amaitzeko esan, ez dugula nahi praktikak sostengatzen ez duen teoriarik, ezta teorian oinarritzen ez den praktikarik ere. Horregatik, iruditzen zaigu gaur aurkeztu ditugunak eguneroko praktikak baieztatu behar dituela, horrela lan-hipotesi berriak formulatu ahal izateko. Azken batean, euskara irakatsi eta ikasteko prozesuen gainean etengabeko hausnarketa eta gogoetatik etorriko da gure jardueraren kalitatea areagotzeko modua.