Orientabideak: Aldagai psikosozialak

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Orientabide zehatzak

Atal honetan 2Hren jabekuntza-prozesuan eragina duten aldagai psikosozialen hainbat inplikazio metodologiko zirriborratu nahi ditugu.

Motibazioa

Dakigunez, motibazio integratzailea eta instrumentala bereizi ohi dira. Zenbaiten ustez, helduen euskalduntzearen helburuetako batek motibazioaren orientabide-aldaketa gertatzea izan behar luke, motibazio instrumental hutsa dutenak integratzailea izatera pasatuz. Gure ustez, horretarako egin behar den esfortzuak ez du konpentsatzen lortuko litzatekeen emaitza. Horretaz gain, auzi horretaz ari garela, askotan ahaztu egiten zaigu ikasleak berez erabaki behar duela zer eta zertarako ikasiko duen euskara.

Gainera, sinestuta gaude ikasle askoren orientabide-aldaketa gertatzen dela, hasiera batean motibazioaren orientabide instrumentala izan badezake ere, denboraz motibazio integratzaileranzko joera gertatuz. Hori, dena dela, kasu gehienetan hezkuntza-praktikaren kalitateari esker gertatzen dela uste dugu.

Horregatik, Willis-ekin (1996: 34) bat gatoz ondorengoa aipatzen duenean:

Nahiz eta hizkuntz ikasleek ez eduki epe luzerako motibazio pertsonalik , eskolan askotan gertatzen den bezala, irakasleek epe motzean jarduera eta gai motibatzaileak hauta ditzakete. Jarduera batek interesa eta jakin-mina, esaterako, ikasgai baten hurrengo bost minuturako pizten badu, ikasleek tarte horretan zerbait ikasiko dute.

Willis-ek jarraitzen du esanez arrakasta eta asetasuna direla motibazioari eusteko faktore gakoak. Norberaren ahaleginen bitartez, ikasleek sentitzen badute baliozko zerbait lortu dutela, hurrengoan parte hartzeko probabilitatea handiagoa izango da. Horregatik da beharrezkoa irakasleak helburu eskuragarriak ezarri, eta ikasleen arrakastak agerian jar ditzan.

Horiek horrela, Willis-ek honako prozedura hauek gomendatzen ditu:

  • Hasi berritan, edo konfiantza gutxi dutenean, irakasleek ikasleak arrakastatsu izan daitezkeen jarduera komunikatibo errazak hautatu beharko lituzkete. Adibidez, telefono-zenbakiak elkarrekin trukatu, telefono-gida egitearren. Laudorioak eta adore emateak motibazioa hazten lagun dezakete. Gainera, ez dago zertan zuzentasuna eskaturik hasi berritan, eta behar-beharrezko denean baino gehiago zuzentzeak konfiantza gutxitu eta motibazioa murriztu besterik ez du egiten, batik bat komunikazioa tartean dagoenean.
  • Batzuetan, ordea, ikasleek asetasunean eta konfiantzan irabazten dute irakaslearen jardunaren edo audiozinta entzun ondoren esaldiak errepikatzeko saioak eginez. Egoera horretan, eskaini tarte bat horrelako saioak egiteko. Haurrek oso gustukoa izan ohi dute kantak, poemak eta baita elkarrizketak ere buruz ikastea. Helduek sentitzen dute, batzuetan, beren ahoskera hobetzeko lagungarri direla. Kantak, poemak, elkarrizketak... mesedegarriak izan litezke doinu berriez eta intonazio-ereduez ohartzeko, eta horrela ezaugarri fonologikorako kontzientzia areagotzeko. Geroago, ikasleek etekina aterako dute erronka-maila altuago eskatzen duten jardueretatik, kognitiboetatik nahiz linguistikoetatik.

Jarrerak

Aldagai psiko-sozialen barruan honako jarrera-mota hauek aipatu ohi dira:

  • Hiztun-komunitatearenganako jarrera
  • Hizkuntzaren ikaskuntzarenganako jarrera
  • Orokorrean hizkuntzenganako eta hizkuntzen ikaskuntzarenganako jarrera
  • Bariazio linguistikoarenganako jarrera.

Geure egin dugun ikuspegi autonomizatzaileak ezinbestez dakar berarekin batera ikasleek hizkuntzen irakaskuntzaz eta ikaskuntzaz dituzten errepresentazio kulturalak ikertzea, hau da, usteak eta jarrerak agerian uztea (Villanueva, 1997:64). Izan ere, errepresentazio horien garrantzia erabatekoa izango da: ez da posible izango gaitasun autonomoen garapena mesedetzea irakasteko kulturari dagozkion hainbat eta hainbat errepresentazio (adibidez, ikasleak irakaslearen esku ikas-prozesuaren gaineko ardura uztea) zalantzatan jarri gabe.

Horregatik, irakasteko kulturatik ikasteko kulturara pasatu ahal izateko, helburu, eduki, teknika, ebaluazio-irizpide eta abarrekoei buruzko ikasleen errepresentazioak esplizituak bihurtzea noraezekoa izango da. Halaber, hizkuntzen ikaskuntzari buruzko iritzi eta usteak jakinaren gainekoak egitea, zein den irakaslearen eta ikaslearen rola, eta ataza baten aurrean irakasleak zer espero duen ikertzea ere funtsezkoa izango da.

Metodologikoki, beraz, honako urrats hauek jarraitu behar genituzke:

  1. Irakasleak ikasleari lagundu egin behar dio uste eta jarrerei buruz gogoeta egiten.
  2. Hizkuntzaz eta ikaskuntzaz dituen uste eta jarrerak eraginkorrak ote diren ebaluatu behar du irakaslearen laguntzaz.
  3. Eraginkorrak izan ezean, uste horiek mobilizatu beharko dira.

Planteatu dugun hurrenkera hori lotzen da trebakuntza estrategikoarekin. Hori dela-eta, ikus Manchón-ek proposatutakoa: Autonomia: Lanketa-bideak.


Bizitasun etnolinguistikoa

Antsietatea edo herstura

Bibliografia

  • WILLIS, J. (1996): A Framework for Task-based Learning, Longman (Euskaraz: Atazatan oinarritutako ikaskuntzarako lan-markoa. Donostia, HABE, 1999