Trebetasunen izaria
Orientabide zehatzak |
Honela irudika genezake hizkuntz trebetasunen izaria:
Eskema falta da
Dakusagunez, entzumenak eta mintzamenak ahozko kodea konpartitzen duten bitartean, irakurmena eta idazmena idatzian gertatzen dira. Zereginari dagokionez, ordea, ulermena gertatu beharko da bai entzumenean, bai irakurmenean, eta ekoizpena mintzamenean zein idazmenean.
Hori dela-eta, baiezta daiteke ulermena azaltzeko ereduan irakurmenak eta entzumenak hainbat prozesu konpartitzen dituztela, nahiz batean idatzizko kodeari dagozkion berezitasunak eta bestean ahozkoari dagozkionak ezberdindu beharra izan. Antzeko kontua gertatzen da ekoizpenean, kodeen berezitasunak aparte utzita, prozesu psikolinguistikoak berdin antzekoak izango dira.
Horrek guzti horrek ahozko zein idatzizko kodeen ezaugarriei buruzko hausnarketa egitera eramaten gaitu, batetik, eta bestetik, ulertze- eta ekoizte-prozesu psikolinguistikoak zertan diren aztertzera.
Edukiak
Trebetasunen lanketa integratua
Esana dugunez, euskara irakatsi eta ikasteko prozesuen helburu nagusia ikasleak berea ez duen hizkuntza batean komunikatzen ikastea da. Hori lortu ahal izateko, behar-beharrezkoa izango da gaitasun komunikatiboa bere osotasunean garatzea, ahoz zein idatziz ulermena eta ekoizpena landuz; bestela esanda, lau hizkuntz trebetasunen garapena beren testuinguru sozial eta kulturalean. Horrela, bada, gaitasun komunikatiboaren jabekuntza eta garapena hiztunaren jardunean oinarrituko da, 2Hko gizaki sozial bezala ulertuta (Cervantes Institutua, 1994).
Helburu horrek honako hauek inplikatzen ditu (op. cit., 90):
- Gaitasun komunikatiboaren lau dimentsioak —gramatikala, soziolinguistikoa, diskurtsiboa eta estrategikoa— garatzea.
- Ikaslea irakatsi eta ikasteko prozesuko ardatza izatea.
- Ikaskuntza esanguratsua eta lau trebetasunen garapen integratua bultzatzea.
Horiek horrela, badirudi prozedura behinena trebetasunen lanketa integratua proposatzea dela, hizkuntzaren ikuspegi global eta komunikatzaile horretatik datorkiguna, alegia.
Cervantes Institutuaren kurrikulu-diseinuan aipatzen denez, ohiko hezkuntza-praktika izan da ahozko elkarrizketa batean oinarriturik, irakurmena, mintzamena zein idazmena lantzeko aktibitateak planteatzea. Izan ere, hori bihurtu da unitate edo ziklo-egitura duten ikas-materialak antolatzeko eredu klasikoa. Segida hori ikasgelako jarduna antolatzeko baliagarria bada ere, ez dio trebetasunen lanketa integratuaren arazoari erantzun egokirik ematen, azken batean, trebetasunetako bat lantzeak ez baitu errelebantziarik besteak praktikatzeko orduan, halako isolamendua sortuz.
Eguneroko bizimoduan trebetasunak nola integratzen diren aztertzen badugu, beti ere aurkituko dugu oinarrizko faktore bat: trebetasunetako bat, eta ez beste bat, erabiltzeko arrazoia, eta horrek sortarazten duen ondorioa: une jakin batean ikasleak entzun, hitz egin, irakurri edo idatziko du egokia denetan. Beraz, badirudi beharrezko suertatzen dela ikasleak ikasgelako jardueretan zein funtzio komunikatibo erabili behar diren argi izatea.
Hona ekarriko dugu eguneroko zereginak aztertuta, nolako moduan erabil daitezkeen trebetasunak, era isolatuan zein bat baino gehiago integratuz (Cervantes Institutua, 1994:105).
Trebetasunak era isolatuan
- Entzumena: irratia, telebista, hitzaldi bat... entzun.
- Irakurmena: liburu, aldizkari, egunkari, oharra... irakurri.
- Mintzamena: hitzaldia bota, ahozko azalpena eman...
- Idazmena: mezua, eskutitza, artikulua... idatzi.
Bi trebetasun integratzea
- Entzumena eta mintzamena: solaskideek edozein elkarrizketatan hitz egin eta entzuten dute.
- Entzumena eta idazmena: hitzaldia, datu errelebanteak dituen informazioa... entzutean, oharrak hartu.
- Irakurmena eta idazmena: liburu, artikulua... irakurri ondoren oharrak hartu, edo jasotako eskutitz bati erantzutea.
- (...)
Hiru trebetasun integratzea
- Irakurmena, entzumena eta mintzamena: aldez aurretik irakurritako albiste, artikulu, liburu, oharren bat... komentatu
- Entzumena, mintzamena eta idazmena: debate batean bestek esanikoa ez ahazteko edo horri geroago erreferentzia egiteko oharrak hartzea, bilera batean tratatutako gaiei buruz oharrak hartzea, geroago akta idazteko.
- (...)
Lau trebetasunak integratzea
- Lan-bilera batean gai-ordena edo aurreko bileraren akta irakurtzea, debatean parte hartzea eta tratatutako gaiei buruz ohar edo ondorioei buruzko oharrak hartzea.
- Akademiaren batean, unibertsitatean... eskainitako ikastaroei buruzko informazio idatzia eskatuta, jasotako erantzuna ulertzea; erabaki ahal izateko informazio hori norbaitekin komentatzea; inskripzioa idatziz baieztatzea.
- (...)
Komunikazio-ekintza horiek lau trebetasunen integrazioa baieztatzen dute egunerokoan, nahiz denak aldi berean ez gertatu. Errealitate horrek, ordea, ikasgelako errealitatearekin talka egiten du. Alde batetik, irakasleak denbora mugatua baitu, eta bestetik, ikaslea aktibitate-sekuentzia amaitu nahian ibiliko da, ariketa ondo egin duen egiaztatu ahal izateko.
Muga horiek, zenbaitetan, lau trebetasunak integratzeko proposatutako materialak oso era bortxatuan diseinatzea ekarri dute, benetako komunikazio-ekintzetatik urruntzeraino. Horregatik, honako irizpide hauek kontuan hartu behar genituzke:
- Trebetasunak naturaltasunez integratzea, aktibitate-sekuentziak benetako egoera komunikatibo bati erantzuten ote dion aztertuz.
- Ariketen zailtasuna era gradual eta eraginkorrean gainditu ahal izateko, ikasleak duen gaitasun-maila.