Irakurketa-ereduak

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:14, 29 Azaroa 2007

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Irakurmenaren didaktika

Irakurketa-prozesuaren konplexutasuna azaltzeko, eredu ezberdinak formulatu izan dira. Alonso eta Mateos-ek (1985) behetik gorakoa, goitik beherakoa eta interaktiboa laburbiltzen dituzte:

Behetik gorako eredua (bottom up)

Informazioa prozesatzeko eredu honen bitartez, irakurleak grafemak identifikatuko ditu lehenengoz, gero hitzak eta sintagmak, perpausak azkenean. Honela, testuaren prozesatze semantiko osoa egitera ailegatuko da, behetik gorako norabidean eta sekuentzia hierarkikoan.

Goitik beherako eredua (top down)

Eredu honen arabera irakurleak aurre-ezagutza eta testuinguruari esker hipotesiak formulatuko ditu, igorleak zer esango igarri nahian. Testutik jasotako informazio berriari esker, eginiko hipotesi batzuk ezeztatu eta berriak egingo ditu. Ulermena, beraz, goitik beherako prozesua izango da.

Eredu interaktiboa

Aurreko bi ereduek ez dute irakurriaren ulermena bere osotasunean azaltzen. Gabeziak gainditze aldera, eredu interaktiboa proposatu da. Horren arabera, irakurleak testua ulertu nahian dabilenean, aurreko bi prozesuok erabiliko ditu, behetik gorakoa eta goitik beherakoa. Irakurle trebeak, beraz, testuak aportatzen duen informazioari erreparatuko dio baina baita berak testuinguruaz baliatu eta aurre-ezagutzak abian jarri ere. Hartara, irakurle eta testuaren arteko interakziotik sortuko da ulermena.

Irudi mentalak

Azkenik agertu nahi genuke azken boladan ikertzen ari den beste irakurketa-eredu bat, irudi mentalak sortzekoa, alegia. Neurobiologiaren alorrean eginiko azken ikerketek baieztatzen dute gizakien pentsamenduaren ezaugarri garrantzitsua dela irudi mentalak sortu eta ordenatzeko trebetasunaz gain, beroriekin jarduteko gaitasuna. Ildo honetan, zenbait proposamen metodologiko ari da agertzen (Ávila, 1999).

Irudi mentalak sortzeko ereduak momentuz ez du taxuzko planteamendu metodologikorik garatu eta aurrerantzean bide horretatik jo behar dugula onartuta ere, eredu interaktiboari irizten diogu momentuz egokien aurreko biak —behetik gorakoa eta goitik beherakoa— integratzen baititu.

Bibliografia

  • ALONSO-TAPIA, J.; MATEOS, M. del M. (1985): “Comprensión lectora: modelos, entrenamiento y evaluación”. Infancia y aprendizaje, 31-31, 5-19
  • ÁVILA, J. (1999): “Una revisión del modelo de lectura. La formación de imágenes mentales y su potencial en relación con la adquisición de la lectura en L2”. AESLAko XVII. Kongresuan aurkeztutako komunikazioa