Errore-motak
Didakteka(e)tik
Errorearen pedagogia |
|
Erroreak mota askotakoak izan daitezke. Hona hemen horietako batzuk.
Nolakotasuna
Nolakotasunari dagokionez, onargarritasuna —enuntziatu ez-gramatikalak— eta egokitasunaren kontrakoak bereizi ohi dira. Tradizioz irakasleen kezka arau formalen desbideratzeak sortarazi badu ere, argi dago askotan egokitasun-erroreen larritasuna askozaz ere handiagoa izaten dela.
Errore linguistikoak esanda, berehala datozkigu burura gramatika, hiztegia, ahoskera edo ortografia. Hala ere, hizkuntzari buruzko ikuspegi pragmatiko batetik koherentzia eta kohesio-erroreak ere kontuan hartzekoak dira.
Sortze-arrazoia
Sortze-arrazoiaren arabera ere sailka daitezke erroreak:
- Ama-hizkuntzaren transferentziaz sorturikoak. Gaur egun transferentzia 2Hren jabekuntzaren azpian dagoen mekanismo kognitibo gisa ikusten da, egituren transferentzia mekanikotzat jo gabe. Ikasten duenaren tarteko hizkuntzak ama-hizkuntzaren aukeraketa aktiboa egiten du hainbat fenomeno gertatuz: arau batzuk luzaroan berregituratzea, elementu batzuk gehiegi erabiltzea beste hainbat inhibitzea... Azken batean transferentzia 2Hn ezagutza eskasa konpentsatzeko estrategia posiblea da.
- Gainjeneralizazioak sorturikoak. Dakigunez, gainjeneralizazioa oso prozesu ohikoa izaten da. Horren eraginez, gramatika-arau edo elementu linguistiko baten erabilera zabaldu egiten da berez ez dituen kasuetara ere. Oro har, hitz edo egiturak erregularizatzen ditu (Richards et. al., 1992).
- Fosildutakoak. Azken boladan helduen euskalduntzean asko eta askok fosilizazioari irizten diote izan daitekeenik eta arazo larrienetako bat. Geu, ordea, ez gaude planteamendu horrekin zeharo konforme. Egia da tarteko hizkuntzaren ezaugarrietako bat estadioren batean blokeatzeko arriskua dela, baina a priori, ez da fosilizazio gaindiezinik, eta gainera, ageri-ageriko da hiztun guztiek, jatorrizkoek zein ikasitakoek, fosildutako elementuren izan badutela. Agi denez, gradu-kontua da: ez da munduko arazo larriena, ez eta inolako garrantzirik ez duen arazoa ere.
- Araua txarto ulertuagatik edo eredu desegokiak jasotzeagatik: Los errores en la adquisición de una segunda lengua responden muchas veces a deficiencias en la enseñanza y no a la incompetencia del alumno o a las posibles interferencias de la lengua materna (Marcos Marín & Sanchez, 1991:61). Fenomeno horri Selinker-ek instrukzioaren transferentzia deitu zion. Horren arrazoiak izan daitezke ikasleak jasotzen duen inputaren pobrezia, ikas-materialen egokitasun-falta edo metodologia bera —adibidez, ikaslea hainbat egitura ekoiztera behartzea horretarako prest ez dagoela, edo txarto diseinatutako atazak egin beharra— (Baralo, 1999:47).