Ikasgelatik komunikazio-egoera errealetarako transferentzia
Orientabide orokorrak |
|
Ageri denez, ikasleek zailtasun handiak izaten dituzte ikasgelan landutako ezagutza eta prozedurak eguneroko komunikazio-egoeretara transferitzeko. Gaur egun alderdi horrek ez du erantzun metodologiko argirik jaso. Hala ere, horretara jo behar dela iruditzen zaigu.
Dena dela, eta zalantzak zalantza, transferentzia hori mesedetzeko inportanteena, gure ustez, ondorengoa litzateke: ikasgelan burutzen diren jarduera didaktikoek euskal hiztunek eguneroko bizimoduan burutzen dituzten zeregin komunikatiboen ezaugarriak jasotzea . Horrela, hainbat irizpide kontuan hartuta —testu-tipologia, testu-erak, estrategiak...—, egunkari eta aldizkariak irakurtzen trebatu behar genuke ikaslea, ahozkoaren interakzioaren ezaugarriei erreparatuta, lagun arteko berriketak egin, irratia edo telebista ulertzeko baliabideak eskaini...
Auzi metodologikoaz gain, transferentzia hori gertatzeko bi arazo inportanterekin egiten dugu topo:
- Batetik, ikasle askok ez du izaten ikasgelatik kanpo euskaraz aritzeko komunikazio-esparrurik. Hutsune hori betetzeko, euskaltegiaz kanpoko jarduerak planteatzeak Helduen Euskalduntzeam ari garenon arduretako bat izan behar lukeela iruditzen zaigu. Horren bidez euskararen normalizazioaren auziari eragiteaz gain , ageri-agerikoa da hizkuntz erabilerak ikaskuntzari lagundu egiten diola, eta ildo horretan, ikasleari praktikarako aukerak eskaintzea helburuetako bat izan behar da.
- Bestetik, ikasleak euskaltegitik kanpo euskaraz ez aritzearen arrazoietako bat izan da euskaltegiko hizkuntz eredua eta kalekoaren arteko aldea. Nahita ere, gure ikasle askok sekulako arazoak izaten ditu euskal hiztunei ulertzeko eta horiekin komunikatzeko. Gure ustez, hizkuntzari buruzko ikuspegi pragmatikoaren gauzatze metodologikoan urratsak ematen segitzeak arazo hori soluziobidean jartzen lagunduko du.