Analisi kontrastiboa

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Bigarren hizkuntzen jabekuntza

Analisi kontrastiboa

Sarritan Analisi Kontrastiboaz egin ohi diren juzkuak negatiboak izan dira oso, berorietan azaleko azalpenak baino agertzen ez direla. Ildo horretan, HEOK-ak (1999:24) analisi kontrastiboari muzin egitea planteatzen du:

(...) Erroreak aztertzerakoan bi hizkuntzen konparaziotik abiatu ordez, hau da analisi kontrastibotik egin ordez, ikasleen ekoizpen errealak dira abiapuntu eta aztergai (...).

Orri bereko orripeko oharrean honako hau ere esaten du:

Analisi kontrastiboaren arabera, bigarren hizkuntza ikasterakoan sortzen diren erroreen iturri nagusia, agian bakarra, ikaslearen ama-hizkuntzak eragindako interferentzia da. Interferentzia edo transferentzia negatibo hau gertatzen da bi hizkuntzen egiturak diferenteak direnean; elkarren antzekoak direnean, aldiz, transferentzia positiboa ematen da, erraztu egiten da. Ikuspegi honetatik erroreak barkaezinak dira; ohitura txarrak eskuratzearen seinale baitira. Beraz, errepikapenaren bidez, errorerik gabeko hizkuntz eskurapenaren alde apustu egiten du.

Hala ere, Lado-k (1957) Analisi Kontrastiboaren Hipotesia plazaratu zuenean, hizkuntzak bere osotasunean alderatzea proposatu zuen —gramatika, fonetika, ortografia, estrategia pragmatikoak...—, baina hasiera-hasieratik hizkuntzen alderdi fonologiko eta morfosintaktikoak alderatzeko baino ez zen erabili (Alcaraz, 1992: 47).

Analisi kontrastiboaren bertsioak

Bi bertsio bereizten dira (Wardhaugh, 1970):

Bertsio gogorra

Bertsio honek duen ikaskuntza-teoria konduktismoa izanik, errorearen aurrean ikaragarrizko kezka du eta propio erroreen arazoa saihesteko lan-metodo bezala planteatu zen (Fernández,1997:14). 2H ikasteko zailtasunik handienak ama-hizkuntzaren interferentziak sortzen dituenez, 1H eta 2hren alderaketaren bidez zailtasun horiek aurreikus daitezke. Horretarako, ikas-materiala 1H eta 2Hren arteko aldeei ondo erreparatuta prestatzeak interferentzia horiek murrizten laguntzen du (Richards et. al., 1992). Horretaz gain, paradigma linguistikoa estrukturalismoa izan zen.

Bertsio ahula

Bertsio ahularen asmoak apalagoak dira, zeren hainbat erroreren iturria ama-hizkuntzaren interferentziaz sor badaitezke ere, beste hainbat ez baitira horregatik sortuko. Bertsio hau ikasleen erroreetatik abiatuko da eta bi hizkuntzen arteko antzekotasun eta aldeei erreparatuko die erroreak azaldu ahal izateko. Zentzu horretan, AK erroreen analisitik hurbil egongo da (Jessner, 1996:144).

Ikus dezakegunez, HEOK-ak Analisi Kontrastiboaren bertsio gogorrari egiten dio erreferentzia, AKren bilakaera alde batera utzita. Horregatik, bada, HEOK-en ikuspegia oso murritza iruditzen zaigu: AK-ren ustezko baliagarritasuna erroreen alderdira mugatzen du, horretan oinarrituta, arbuiatzeko.

Gramatika-arauen analisiari dagokionez, irakur dezagun Matte Bon-ek (1988:115) zer dioen:

Cada idioma tiene la capacidad de expresar cosas que no se expresan en otras lenguas. La diferencia que existe en español entre tampoco y ni siquiera no existe en italiano, por ejemplo: este idioma trata estas dos microfunciones como si fueran una sola. Por otra parte, el italiano expresa con un solo y único operador (PROPIO) cosas que en español se expresan de seis a siete maneras distintas. El estudiante extranjero que aprenda a hablar español puede querer expresar esas cosas que expresa en su propia lengua y tardar bastante en entender que en español esas ideas se expresan de varias maneras o no se expresan. También será importante que aprenda a establecer las diferencias que existen en español y no existen en su idioma. Por todos estos motivos, el análisis contrastivo ocupará una posición de relieve a la hora de analizar el sistema español (y el de cualquier otro idioma) (...)

Gure ustez, AK oraindik ere oso baliagarria izan daiteke euskara irakatsi eta ikasteko prozesuetan, baldin eta hainbat kontu (ikuspegi konduktista, errorearenganako jarrera negatiboa edo paradigma estrukturala) alde batera uzten badugu.

Ikusi halaber

Bibliografia

  • FERNÁNDEZ, S. (1997): Interlengua y análisis de errores en el aprendizaje del español como lengua extranjera. Madrid, Edelsa
  • LADO, R. (1957): Linguistics across cultures. Ann Arbor, University of Michigan Press (Espainieraz: Lenguas y culturas. Madrid, Paraninfo)
  • MATTE BON, F.(1988): “De nuevo la gramática” in Actas de las Segundas Jornadas Internacionales de Didáctica del Español como L/E. Madrid, Ministerio de Cultura
  • RICHARDS, J.; RODGER, T.S. (1986): Approaches and Methods in Language Teaching, Cambridge, Cambridge University Press (Espainieraz: Enfoques y métodos en la enseñanza de idiomas, Madrid, Cambridge University Press, 1998)
  • WARDHAUGH, R. (1970): “The Contrastive Analysis Hypothesis”. TESOL Quaterly 4, 123-130. (Espainieraz: “La hipótesis del análisis contrastivo” in J. Muñoz Liceras, (ed.)(1992): La adquisición de las lenguas extranjeras. Madrid, Visor