Tarteko hizkuntza

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Bigarren hizkuntzen jabekuntza

Tarteko hizkuntza

Selinker-ek lehen aldiz erabili zuen 1972an tarteko hizkuntza hitza atzerriko hizkuntza erabiltzen ari den ikasleak barneratuta duen gramatika deskribatzeko. Ikaslea ikasten hasten denetik lortu nahi duen maila lortu artean, estadio edo aro desberdinak pasatzen ditu, gaitasunari dagokionez.

Tarteko hizkuntzak honako ezaugarri hauek ditu (Martin Peris,1998:18-21):

  • Sistematikoa da: arau-multzo batez hornituta dago, arau guztiak ikasten ari den hizkuntzaren normarekin bat ez etorri arren. Normatiko desbideratze horiek erroreak izango dira eta arau-multzo horren aplikazio zuzenetik etorriko dira. Arau horiek okerrak izan badaitezke ere, beharrezkoak dira ikas-prozesuaren fase gisa.
  • Aldagarria eta permeablea da, hau da, ikasleak jasotzen duen inputak aldaraz dezake. Horregatik, tarteko hizkuntza aldatu eta 2Hren gramatikaren antza izatera ailega daiteke.
  • Etengabeko garapenean dago. Garapen horrek ez dio hezkuntza-programa jakin baten edukien hurrenkerari segitzen. Bestelakoa da garapena: hurrenez hurreneko estadioak gainditzen dituen sekuentzia ebolutiboa da .
  • Fosildu daiteke. Horrela, tarteko hizkuntzaren garapena estadio batean gelditu daiteke edo estadio jakin bateko ezaugarriren bat blokeatu. Hala ere, badirudi, a priori, ez dela fosilizazio gaindiezinik , zeren eta fosilizazioak norbanakoaren jarreraren eta faktore pertsonalekin erlazionatuta baitaude .
  • Aurrerapena ez da lineala. Sarritan atzerako pausuak sumatzen badira ere, tarteko hizkuntzaren bilakaeraren ondorioz suertatzen dira. Horren esplikazioa berregituraketari esker lortuko dugu. Izan ere, ezagutza-sistemara gehitzen den elementu bakoitzak sistema osoaren berregituratzea dakar .

Bibliografia

  • SELINKER, L. (1972): “Interlanguage”. IRAL 10/3 (Euskaraz: “Tarteko hizkera”, Hizpide 36, 1996, 89; espainieraz: “La interlengua” in J. Muñoz Liceras (1992): La adquisición de las lenguas extranjeras. Madril, Visor)