Autonomia

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ikaskuntza

Autonomia

Holec-ek (1979) autonomia honela definitzen du: nork bere ikaskuntza bere gain hartzeko gaitasuna. Gaitasun hau, ordea, ez da norberarekin jaioa, lortu egin behar da, bai berez (ohikoena), bai ikasketa formalaren bidez. Autonomia, beraz, norbanakoak bereganatu behar duen gaitasuna da, ez jokaera. Hori dela-eta, autonomian mailak edo graduak direnez, hobe genuke autonomizatze-prozesuaz hitz egitea, zehatz-mehatz definitzearren (Villanueva, 1997).

Hizkuntza bat ikastea esperientzia linguistikoa integratzeko eta barneratzeko prozesu aktiboa dela onartuta, ikasteak ikaskuntza-ekintzak definitzen ikastea ere ekarriko du: zertarako ikasi, nola ikasi, zer ikasi... Holec-ek autonomia ikasten ikastearen pareko ikusten du. Honako zeregin hauek osatuko lukete ikasten ikastea:

  • Helburuak erabakitzea
  • Eduki eta aurrerabideak erabakitzea.
  • Metodo eta teknikak erabakitzea.
  • Lorpenaren martxa kontrolatzea (erritmoa, unea, lekua, etab.).
  • Ikasitakoa ebaluatzea.

Ikasten ikasteak, hortaz, ezagutza eta gaitasun batzuk bereganatzea ekarriko luke. Honela zehatz litezke (Villanueva, 1997; Villanueva eta Serra, 1998):


TREBETASUNAK INPLIKATURIKO EZAGUTZAK


Metodologikoak

  • Helburuak definitzen jakitea
  • Materialak aukeratzea
  • Lan-teknika eta metodoei buruz erabakiak hartzea
  • Emaitzak ebaluatzea


Linguistikoak eta metalinguistikoak

  • Hizkuntzen funtzionamendu komunikatiboari buruzko ezagutzak
  • Ahozko zein idatzizko hizkuntzaren ezaugarriak
  • Ulermenak eta ekoizpenak dituzten aldeak ezagutzea


Metakognitiboak

  • Nork bere burua ikasle lanetan ezagutzea
  • Erabilitako ikas-estrategiei buruz hausnarketa egitea
  • Norberak ikasitakoa eta izaniko ikas-prozesua auto-ebaluatzea


Amaitzeko esan, ikasleari ikasten irakastea edo instrukzio estrategikoaren oinarriak honetara ekar daitezkeela (Jiménez Raya, 1993:135):

  • Estrategiak irakats daitezkeen jokaerak dira.
  • Norbanako bakoitzak modu ezberdinean ikasten du, ikas-estilo ezberdina du eta estrategia ezberdinak erabiltzen ditu.
  • Ikasleak hizkuntzari eta ikaskuntzari buruz zenbat eta informatuagoak izan, orduan eta ikaskuntza era eginkorrean gertatzeko posibilitate gehiago izango da.