Bigarren hizkuntza ikastea

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ikaskuntza

Orain artean esandako hainbat puntu laburbiltze aldera, ikus dezagun zertan den bigarren hizkuntzaren ikas-prozesua.

Bigarren hizkuntza bat ikastea ez da prozesu lineala, ezta akumulatiboa ere (ezagutzak ez dira, beste barik, metatzen bata bestearen gainean). Bestela definitu behar genuke: ezagutzak eta trebetasunak eraikitzeko prozesua da. Prozesu horretan etengabeko berregituraketak, aurrerapenak, atzerapenak eta duda-mudak suertatuko dira.

Aldez aurreko ezagutza linguistikoek, beraz, ikaragarrizko garrantzia hartuko dute, zeren ikasitako hizkuntzak ez baitira konpartimendu estankoak. Pertsona elebiduna hizkuntzak elkartzeko gunea da (Villanueva eta Navarro, 1997:16). Aurrekoaren ondorioz, kurrikuluak hizkuntzen ikaskuntzaren ezaugarri prozesualak eta integratzaileak hartu behar ditu kontuan.

Laburbilduz, hizkuntza bat ikastea esperientzia linguistikoa integratzeko eta barneratzeko prozesu aktiboa dela azpimarratu nahi dugu. Hori horrela, ikus dezagun zehazkiago zertan den bigarren hizkuntza bat ikastea (Villanueva eta Serra, 1998):

  • Hizkuntza bat ikasteak suposatzen du ezagutza deklaratibo eta prozedurazkoen sintesi pertsonala egitea. Sintesi hori era ezberdinean gertatuko da ikas-estiloen arabera.
  • Ikasteak ikas-helburuak zehaztea dakar. Batzuetan, hala ere, ezagutzak beregana daitezke aldez aurretik helbururik jarri gabe.
  • Materialak aukeratzen jakitea eta norberaren ikas-helburuekin bat etorriko diren jarduerak egitea ere badakar ikasteak.
  • Ikasteak denbora antolatzen, erritmoa ezagutzen eta espazioa erabiltzen jakitea eskatzen du.
  • Bereganatutako ezagutzak, erabilitako metodoak eta materialak ebaluatzea eskatzen du ikasteak.
  • Irakastea eta ikastea ez dira kontzeptu simetrikoak. Hizkuntzaren jabekuntza oharkabean gerta daiteke edo ikaskuntzaren ondorio izan. Irakaskuntzaren rola estimulua, orientabidea, aholkularitza, gidaria... izango da
  • Hizkuntza bat ikastea prozesu irekia da, pertsona baten bizitza osoan garatu eta hedatzen dena.
  • Ikaskuntza-mota guztiek ikaslearen aldetiko jarduera kontzientea eskatzen dute. Era eraginkorrean ikasteak ezagutza berriak norberaren kontzeptu-sisteman eta norberaren jarreretan integratzea esan nahi du: hizkuntzen eta erabileren errepresentazio berriak bereganatzea esan nahi du.

Aurreko puntuak argitze aldera, interesgarria izan daiteke oinarrizko zenbait kontzeptu aztertzea.