Oinarrizko zenbait kontzeptu

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 07:41, 25 Maiatza 2007

Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ikaskuntza

Autonomia

Holec-ek (1979) autonomia honela definitzen du: nork bere ikaskuntza bere gain hartzeko gaitasuna. Gaitasun hau, ordea, ez da norberarekin jaioa, lortu egin behar da, bai berez (ohikoena), bai ikasketa formalaren bidez. Autonomia, beraz, norbanakoak bereganatu behar duen gaitasuna da, ez jokaera. Hori dela-eta, autonomian mailak edo graduak direnez, hobe genuke autonomizatze-prozesuaz hitz egitea, zehatz-mehatz definitzearren (Villanueva, 1997).

Hizkuntza bat ikastea esperientzia linguistikoa integratzeko eta barneratzeko prozesu aktiboa dela onartuta, ikasteak ikaskuntza-ekintzak definitzen ikastea ere ekarriko du: zertarako ikasi, nola ikasi, zer ikasi... Holec-ek autonomia ikasten ikastearen pareko ikusten du. Honako zeregin hauek osatuko lukete ikasten ikastea:

  • Helburuak erabakitzea
  • Eduki eta aurrerabideak erabakitzea.
  • Metodo eta teknikak erabakitzea.
  • Lorpenaren martxa kontrolatzea (erritmoa, unea, lekua, etab.).
  • Ikasitakoa ebaluatzea.

Ikasten ikasteak, hortaz, ezagutza eta gaitasun batzuk bereganatzea ekarriko luke. Honela zehatz litezke (Villanueva, 1997; Villanueva eta Serra, 1998):

Eskema falta da

Amaitzeko esan, ikasleari ikasten ikastea irakastea edo instrukzio estrategikoaren oinarriak honetara ekar daitezkeela (Jiménez Raya, 1993:135):

  • Estrategiak irakats daitezkeen jokaerak dira.
  • Norbanako bakoitzak modu ezberdinean ikasten du, ikas-estilo ezberdina du eta estrategia ezberdinak erabiltzen ditu.
  • Ikasleak hizkuntzari eta ikaskuntzari buruz zenbat eta informatuagoak izan, orduan eta ikaskuntza era eginkorrean gertatzeko posibilitate gehiago izango da.


Ikas-estrategiak

Selinker-k 1972ko “Interlanguage” artikuluan estrategia hitza erabili zuenetik hona, asko eta askotarikoak izan dira 2Hren jabekuntzaren alorrean estrategien kontura burutu diren ikerketa eta lanak.

Estrategien definizioak ere anitzak izan dira. UZEIk (1987) honako hau eskaintzen digu: Ikastean, pentsatzean, etab. erabiltzen den eta helburu batera iristeko balio duen prozeduretako bakoitza. Hizkuntza ikasketan, ikasteko estrategiak eta komunikazio-estrategiak, ikasleek hizkuntza ikastean eta erabiltzean maneiatzen dituzten prozesu kontziente nahiz inkontzienteak dira.

Cembalo-k (1993) ondorengoa proposatu du: Subjektu batek kanpoko gertaerez jabetzeko eta bere jokaeran txertatu ahal izateko burutzen duen eragiketa-multzoa.

Azkenik, Oxford-ek (1990) honela definitzen ditu: ikasleak ikaskuntza errazago, arinago, atseginago, eraginkorrago eta egoera berrietara transferibleago izateko erabiltzen dituen ekintza konkretuak.

Ikas-estrategiei buruzko ikerketen bilakaerari dagokionez, Manchón-ek (1993a) hiru ikerketa-ildo nagusi bereizten ditu, hala nola:

  1. Ikasle onaren estrategiak.
  2. Estrategiak trebetasun kognitibo gisa hartzea. 2Hko ikaslearen tarteko hizkuntza garatzea trebetasun kognitibo hauei esker gertatuko da..
  3. Estrategiak trebetasun kognitibo, sozial eta afektibo gisa hartzea.

Lehen esan bezala, lan asko egin badira ere, horietako gehienek taxonomiak egitea izan dute helburu . Hori dela-eta, hemen Oxford-ek (1990) ikas-estrategien honako sailkapen hau baino ez dugu agertuko. Oxford-ek batetik, estrategia zuzenak —oroimenezkoak, kognitiboak eta konpentsaziozkoak—, eta bestetik, zeharkakoak —metakognitiboak, afektiboak eta sozialak— bereizten ditu. Ikus ditzagun argiago:

Eskema falta da

Ikas-estrategiak aktuazio-planak dira eta kontzienteago nahiz inkontzienteago, norbanakoak arazo bati aurre egiteko erabiliko ditu. Zeregina edo ataza bat errepresentatzeko gaitasunean oinarritzen dira, hartara, zailtasunak aurreikusteko eta burutu beharreko ekintzei buruz erabakiak hartzeko.

Estrategiak, bestaldetik, hasierako aldi batean ezagutza deklaratibo edo kontzeptualak izan badaitezke ere, trebakuntza eta lanketaren bitartez prozedurazko ezagutzak izatera ailega daitezke (Jiménez Raya, 1995).