Autonomia: Lanketa-bideak

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 12:12, 27 Azaroa 2007

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Autonomia

Gure ustez ez da alderik autonomiaren eta ikas-estrategien lanketaren artean. Prozesu beraren bi alde dira, besterik ez. Batetik hasita, nahi gabe ere, bestean bukatuko dugu. Izan ere, bere ikas-prozesua kontrolatzen hasten den ikasleak ezinbestez ikas-estrategia egokiagoak erabiltzen ikasi beharko du eta, alderantziz, ikas-estrategia egokiak erabiltzen hasten den ikaslea bere ikas-prozesua kontrolatzen hasiko da.

UZEIk (1987) emandako definizioaren arabera estrategiak prozesu kontzienteak edo inkontzienteak izan daitezke. Berauek lantzeko ere bi bideok erabil daitezke: oharkabean landu eta jakinaren gaineko lanketa.

Oharkabean edo lanketa inplizituan, ikaslea aritu egingo da eta prozesuak era inkontziente batean garatuko ditu. Ikaskuntzarako erabiltzen dituen materialek eraman egingo dute eta hainbat estrategia erabilaraziko. Horrela, ikaslea kontziente ez bada ere, hainbat prozesu bereganatzea eta beroien emaitzak aztertuta egindakoa ebaluatzea lortuko du. Ikasleak berez estrategia ez egokiegiren bat erabiltzen badu, ordea, oso zaila izango da aldaraztea. Hausnarketa sakona egin ezean, zaila izango baitzaio lortutako emaitza erabilitako prozesuak eragindakoa dela konturatzea.

Jakinaren gaineko lanketan edo lanketa esplizituan, ordea, ikastean norberak dituen estilo eta ohiturei buruz hausnarketa eginik, era egoki eta eraginkorren bila arituko da, ikaskuntza era kontzientean garatuz. Erabili beharreko estrategia egokiena bilatuta, ikaslea gai izango da horrek izan duen emaitza aztertzeko, baina baita esfortzua eta emaitzaren arteko erlazioa ere.

Instrukzio estrategikoa noiz burutu behar den auziaz, gaur egun honako bide hauek planteatzen dira (Cembalo eta Holec, 1973):

Hizkuntza ikasteko, ikasten ikasi

Honen arabera, ikasleak lehenik eta behin ikasten ikasiko luke eta, ondoren, behin autonomia maila egokia duela, hizkuntza ikasten hasiko litzateke.

Hizkuntza ikasi, ikasten ikasteko

Bigarren honen arabera, ikasleari lehenengo hizkuntza irakatsiko litzaioke eta ondoren behin hizkuntza maila egokia duenean ikasten ikasiko luke hortik aurrerakoa berak ikas dezan.

Ikasten ikasiz, hizkuntza ikasi

Hizkuntza eta autonomiaren ikas-prozesuak aldi berean gertatuko lirateke hirugarren modu honetan. Horrela ikasleak hizkuntza ikasten duen bitartean hobeto ikasten ikasiko luke eta horrek areagotu eta hobetu egingo luke hizkuntza ikastea.

Geuk hirugarren aukera horren alde egingo dugu. Izan ere, oso zaila da hizkuntza ikasi nahi duen ikasle heldua begi onez aritzea ikasten ikasten, bere helburua ez dela betetzen ari sumatzen badu. Gainera, ikas-esperientzia zehatzak derrigorrezkoak izango dira autonomiaren garapenerako beharrezko diren erreferentzia puntuak ezartzeko (Cembalo eta Holec, 1973; Pozo, 1989).

Horregatik, gure ustez biderik eraginkorrena autonomiaren edota ikas-estrategien jakinaren gaineko lanketa (esplizitua) eta hizkuntzarekin baterakoa da.

Bestaldetik, Manchón et. al.-ek (1993) honako segida hau proposatzen dute estrategietan trebatzeko :

  1. Ikaslearen trebakuntza estrategikoa zenbaterainokoa den jakin beharra dago lehenik eta behin.
  2. Behin identifikazioa eginda, ikaskuntzaren osagai metakognitiboari egingo zaio tartea: zertarako estrategiak, nola erabili...
  3. Estrategiak praktikan jarriko dira zeregin ezberdinetan.
  4. Ebaluazioa: nolako estrategiak erabiltzen dituen orain, zein arazo izan duen erabiltzean, nolako emaitza...

Estrategietan trebatzeko segida hori aproposa izan badaiteke ere, hemen gogorarazi nahi ditugu Aldagai psiko-sozialak: motibazioa eta jarrera atalean esanikoak.

Bibliografia

  • CEMBALO, M., HOLEC, H. (1973): “Les langues aux adultes: pour une pedagogie de l´autonomie”. Mélangés pédagogiques
  • MANCHÓN, R. M.; MURPHY, E.; ORTS, M.A. (1993): “Estrategias de inferencia y comprensión lectora en una L2”, in R.M. Manchón eta A. Bruton (ed.): Serie sobre estrategias de aprendizaje y uso del lenguaje (I) y (II), Sevilla
  • POZO, J.I. (1989): “Adquisición de estrategias de aprendizaje”. Cuadernos de Pedagogía, 175
  • UZEI (1987): Glotodidaktika hiztegia. Donostia, HABE