Ikas-materialen euskarria
Ikas-materialak |
Esan bezala, ikas-materialen euskarria nagusiki bi modutakoa izan daiteke, erreala edo sortua. Hizkuntza eta metodologiari buruz esandakoak kontuan hartuta, logikoa dirudi testu errealen erabilera lehenestea. Izan ere, sarritan aipatu dugu giza komunikazioa aztertzen duten teoria linguistikoek gidatu behar dituztela gure hizkuntza-analisiak.
Ildo horretan, gaitasun komunikatiboaren garapena da gure irakats-praktikaren helburu nagusienetako bat. Esan dugunez, hiztunen gaitasun komunikatiboa funtsean gaitasun testuala da: testuak (ahozkoak zein idatzizkoak) gizarte batean sortu eta zabaldu ahal izateko, onartu behar da hitz egin eta idazten duten hiztunek halako gaitasun bat badutela. Gaitasun horrek egoeran egoerako testuak ekoitzi eta ulertzeko gaitzen ditu (Villanueva & Serra, 1990:15).
Izan ere, hiztunek beren hizkuntzako eskema soziokomunikatiboei buruzko ezagutza intuitiboak izaten dituzte. Ezagutza horiek eguneroko komunikazioan hiztunek jokatzen dituzten rol pragmatikoetan era inplizituan islatzen dira (deskribatzean, narrazioak egitean, argudiatzean...) komunikazio-asmo diferenteak dituztela (azaltzea, konbentzitzea... ).
Horiek horrela, gure ikas-materialen euskarrietan testu-errealen erabilera handia eta anitza izango da. Horietan, testu-mota eta testu-era ezberdinak islatuko dira.
Hala eta guztiz ere, ikasteko propio sortutako testuen artean bereizketa bat ere egin dugu: benetakoak eta ez-benetakoak. Sarri askotan oso nekeza izaten da momentu jakin batean behar dugun testua eskuragarri izatea. Horrelakoetan irakasleak edo bestelako materialgileren batek sorturikoak erabiltzeko arazorik ez dugu ikusten, baldin eta testu errealen antza badute, hau da, benetakoak deitu ditugunak badira.
Bestaldetik, testuek kalitate grafiko nahikoa izan behar dute, elementu ikonikoak eta irudiak bereziki zainduz. Horrela, elementu paratestualak baliatzea lortuko dugu, jarduera askotan erabateko errentagarritasuna ateraz. Ahozko testuen kasuan ere, irudiek eta soinuak nahiko kalitatea izango dute.
Testuen luzera -edota iraupena ahozkoen kasuan- delako aktibitate didaktikoan landu nahi den helburuaren araberakoa izango da. Bestela esateko, erabiliko den testua eta planteatzen den jardueraren artean erlazio estua eta egokia behar du izan .
Ikasleari behar besteko azalpen eta informazio eskainiko diogu langai den testuaz: zein testu-era den, zein den komunikazio-esparrua, darabilen hizkuntz erregistroa... Hori guzti hori ere, jakina, planteatuko den aktibitatearen araberakoa izango da .
Erabiliko ditugun euskarrietan testu-tipologia luze-zabala islatuko da. Esan dugunez (ikus printzipio nagusiak) testu-tipologiak testuen sailkapenerako marko abstraktuak dira. Horiek, ordea, testu-era jakinetan gauzatzen dira. Honela, bada, narrazioa testu-motetako bat izango da eta horren barruan txistea zein eleberria izango ditugu. Azken hauek testu-erak izango dira.
Asko dira orain arte planteatu diren tipologiak. Auzi horretan sakontzeko asmorik ez badugu ere, nahiko adostasun handia dago testu-mota behinenak honako hauek direla: narrazioa, azalpena, argudioa eta deskribapena. Horiez gain, beste hainbat ere agertuko dira autorearen arabera. Ikusi, adibidez, HEOKak aurkezturiko tipologia, ondokora biltzen dena: narrazioa, instrukzioa, deskribapena, elkarrizketa, azalpena, argudioa eta erretorikoa edo poetikoa.
Hala ere, gure ikas-materialetan testu-era ezberdinei dagozkien testu jakinak azalduko dira, horiek baitira hiztunek eguneroko komunikazio-trukeetan burutzen dituztenak.
Abiapuntu gisa, testu erritualizatuak edo kanonikoak aurkeztuko ditugu, pragmatikoki onarturiko arau testualak bere egiten dituztenak, hau da, normatiko transgresiorik ez dutenak. Ikasleen eta hizkuntza-gaitasunaren arabera erritualizatuak ez direnak lantzea posible izango da.