Ikas-materialak eta gramatika

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:38, 22 Urtarrila 2008

Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ikas-materialak

Hona hemen praktikari begirako hainbat jokaera:

Hizkuntz laginak

Irakasleak eskaintzen dituen hizkuntz laginak aberatsak izan behar dira, nahikoa pista emanez, fokalizatu nahi duen egitura nabaria izan dadin.

Ikasleek hizkuntz laginei aurre egin (bai berak jaso eta ekoiztu dituenei zein ikaskideenei) eta aztertu behar ditu. Gogoratu Didaktekaren beste ataletan forma-funtzioa binomioaz zein hizkuntz analisiez esanikoa.

Interakzio-testuingurua

Irakaslea ikasleen arteko interakzio-testuingurua sortzen ahaleginduko da. Planteatzen diren jarduerak burutu ahal izateko, benetako komunikazio-prozesu baten partaide beharko du izan ikasleak. Hori zehatzago ikusteko, jo bosgarren atalera (1.2. Komunikazio-prozesuak ikasgelan).

Hipotesien formulazioa eta egiaztatzea

Ikasleak berri-edo suertatzen zaion elementu bati aurre egin behar dionean, lehenagotik daukan informazioarekin konparatu egiten du, hau da, euskarari buruz zein bere ama-hizkuntzari buruz dakienarekin.

Ikasleak daukan informazio horretan azalpen egokirik aurkitu ezean, era kontzientean nahiz inkontzientean, elementu berriari zentzua emango dion azalpena osatzen saiatuko da. Bestela esateko, araua formulatzen saiatuko da, hipotesia eginez . Hori dela-eta, zentzuzkoa dirudi ikasleari gogoetarako tartea uzteak.

Hipotesi hori egiaztatu ahal izateko, laguntza beharko du ikasleak, hala nola, adibide gehiago aztertu, bere ondorioak beste pertsona batekin egiaztatu, hiztegi, gramatika edo testu-liburuetan begiratu, irakasleari galdetu, e.a. Hipotesia egiaztatzeko modurik eraginkorrena, ordea, hizkuntz praktika gehiago burutzea izango da, ikasleak aukera berriak izanez.

Itzulpena

Ikuspegi komunikatiboari buruz egindako hainbat interpretaziok arbuiatu zuen itzulpenaren erabilera hizkuntz klasean. Gaur egun, ordea, gero eta gehiago dira ikuspegi komunikatiboaren baitan itzulpenaren balioa aldarrikatzen ari direnak. Jiménez-ek (1999) esaterako, itzulpengintza komunikatiboa izan daitekeela defendatzen du, itzulpenaren eta komunikazioaren esanahiei analisia egiten bazaie. Nolanahi ere, itzulpenaren aplikazio komunikatiboak gertatu ahal izateko hainbat baldintza bete behar dira Jiménez-en ustez, hala nola:

Ikaslea

Itzulpen-ariketa bat programatzen denean, ikasleari begirako lau faktore hartu behar dira aintzat: adina, interesa, ikas-estiloa eta 2Hn duen maila.
Adinari dagokionez, itzultzea bereziki da onuragarria ikasle helduentzat eta ikas-joera analitikoak dituztenentzat. Itzulpeneko testuek motibatzaileak, esanahidunak eta ikaslearen adinaren heinekoak behar dute izan. Hots, benetako bizitzan ikaslearentzat zer den interesgarri, eta huraxe da aukeratuko den gaia. Mailaren kontura, Jiménez-ek aholkatzen du zailegia ez izatea, ezta errazegia ere, ahal delarik, ikaslearen maila baino apur bat gorago dagoena.

Testua

Lehengo hitz-zerrenda testuingururik gabekoen lekuan testu motz eta testuingurudunak hobetsi behar dira, beren artean batasuna dutenak. Interesgarria da testuak benetakoak eta askotarikoak izatea ere. Hauexek dira itzulpenerako testuak erraz aurkitzeko iturriak: aldizkariak, egunkariak, entziklopediak, iragarkiak, gutunak, sukaldeko errezetak, jatetxeetako menuak, informazio-foiletoak, abestiak, ipuinak, argibideak, txisteak... Ahozko itzulpengintzarako film, abesti, elkarrizketa-zatiak izan daitezke egokiak eta, orobat, testu-liburuetako elkarrizketa eta entzungaiak ere, baldin eta testuinguru egokia eta egiantza badute.

Ariketa-mota

Jeneralean, itzulpena ataza modu jakin batekin lotu izan da: hiztegia lagun 2Htik 1Hra esaldi batzuk itzultzea zen kontua. Hala ere, badago aukera franko hitz- eta esaldi-zerrendetatik aparte ere. Ariketaren helburuak erakutsiko du zenbateko ataza aukeratu. Normalean, itzulpen-ariketek, meta-ezagutza eta behaketaren bitartez, gaitasun linguistikoa, komunikatiboa, estrategikoa eta diskurtsiboa garatzen laguntzen dute.

Beste ariketekiko loturak

Garrantzizko zera da itzulpengintzako lanek beste ariketa-motekin berezko lotura izatea. Adibidez:
  • Euskaraz bi lagunek beren musika-zaletasunei buruz duten solasaldia entzun ondoren, kantu-tituluei buruzko itzulpenak egin ditzakegu.
  • Idatziz itzulpenak egin aurretik, esaterako, ikasleek 2Hn eskutitz bat idatzi behar badute, komeni da 1H eta 2Hko gutun-motak (formalak / informalak) erkatzeko modua ematea. Ariketa hori banaka egin daiteke, edo binaka, edo talde osoa bi talde txikiagotan banatuta.
  • Barkamena nola eskatu erakutsiko duen entzungai baten aurretik, on da ikasleei 1Han eta 2Han funtzio hori adierazteko erak gogoetaraziko dizkieten itzulpen-ariketak eskaintzea.

Kodea dela-eta, Jiménez-ek aipatzen du tradizioko ohitura izan dela analisi kontrastiboa egitea, 1Hn eta 2Hren arteko aldeak, batez ere sintaxikoak, azpimarratzeko. Aipatu egileak, ordea, proposatzen du analisi kontrastiboa egitea 1Hn eta 2Hn gaitasun-maila guztietako meta-ezagutzak garatzeko. Adibide gisa ondorengoak aipatzen ditu: alderdi morfologikoa ( izenak, aditzak, plurala, generoa, hitzen eraketa, siglak...); alderdi sintaktikoak (artikuluak, nominalizazioa, esaldiaren ordena, baldintzazkoak... ); alderdi semantikoak (modismoak, hitzen konnotazioak...); alderdi diskurtsiboak (lokailuak, funtzioak, kohesioa, koherentzia, testu-motak, puntuazioa...) eta alderdi estrategikoak (agurrak, konpentsazio-estrategiak...).

Puntu horiek oro landu daitezke banan-banan testu batean, edo integratuta; esaterako, gaitasun diskurtsiboaren kasuan, testu-antolatzaileei heldu eta puntuazioari arreta berezia eskaini, ahozko eta idatzizko kohesioa adierazteko balio duen aldetik, eta, orobat, 1Hk eta 2Hk kohesioa adierazteko dituzten moduei ere.

Zehazkiago

Analisi kontrastiboa

Itzulpenaren atalean aipatu dugu analisi kontrastiboa eta itzulpenaren arteko erlazioa onuragarria izan daitekeela. Hemen berriro ere azpimarratu nahi dugu AK alderdi guztietan egin daitekeela, alderdi formal hutsera mugatu gabe.

Kultur markoak alderatzea, esaterako, izan daiteke analisi kontrastiboaren eginkizunetako bat. Grossman-ek (Jiménez-ek aipatua, op. cit.) dioenez: "Kultur kontrasteak atzemateak adimena geure kultur mugez haratago zabaltzera sustatzen gaitu, eta batzuek besteei hobeto ulertzen lagunduko digu. Horrela begiratua, benetako komunikazioaren aurreko eskakizun bat ematen du horrek, bizi-bizi auzo kulturanitzerantz hedatzen ari den mundu honetan". Euskararen kasuan alderdi kulturaletik analisi kontrastiboak izan dezakeen azterketa-modua ikusteko, interesgarria da oso Lonbidek (2001) eginikoa.