Ikas-materialak eta ulermena
Ikas-materialak |
Edukiak
Testuingurua sortu
Irakurri edo entzun aurretik, ezagutza-eskema eta egoera sozio-kognitiboak aktibatzen lagundu behar du irakasleak. Honela, ulermenerako testuingurua sortuta, irakurketa edo entzuketa errazago gertatzea lortuko dugu. Era berean, aurre-ezagutzak abian jartzeko prozedurak era kontzientean landuz gero, ikaslea egoera eta testuinguru ezberdinetan antzeko prozedurak erabiltzera bultzatuko dugu.
Testuingurua sortu behar dela diogunean, ez dugu esan nahi, ordea, horretarako ataza luzeak egin behar direnik beti. Zenbaitetan, testuaren izenburua aipatzea nahikoa izango da. Bestetan, berriz, aurre-ezagutzak edo testu-egituren eskemak landu beharko dira. Aldi honetan, beraz, ustez agertuko den informazio berria eta berau antolatzeko modua lehendik ikasleek dakitenarekin erlazionatzen saiatu behar luke irakasleak. Horrela, gaia eta aurrerabide tematikoa atzematea mesedetuko luke.
Testu errealak
Beste aldetik, ikasgelan testu-errealak erabiltzeak testuinguru komunikatibo jakin eta zehatzak aztertzea ahalbideratuko du, baina baita hizkuntz erabileraren aldaerak eta printzipio pragmatikoen arteko erlazioak ere. Hori horrela, zein erabilera-esparrutako testua den (gizarteko hedabideak, administrazioa, pertsona arteko harremanak, literatura-esparrua...), nolako funtzio soziala betetzen duen, egilearen asmo komunikatiboa... errazago ikustaraztea lortuko da.
Egilearen asmo komunikatiboa igartzeko atazak egiteak neurri batean irakurketa / entzuketa kritikoa indartzera eramango du ikaslea. Burutu daitezkeen jarduerak asko badira ere, hemen bi aurkeztuko ditugu. Batetik, aurkeztutako testuan/testuetan zein hizketako egintza (speech act) nagusitzen diren seinalatzeak asmoaren berri emango du. Horretaz gain, egintza hauek testuan barrena nola lotzen diren aztertuz gero, testuaren makro-egitura zein izan daitekeen atzematea mesedetuko du. Bestetik, ataza baliagarria izaten da idazleak eskaintzen duen informazio-multzotik zein diren datu objektiboak eta zein egilearen iritziak bereiztea.
Irakasleak testu-mota ezberdinei (narrazioa, azalpena, argudioa...) dagozkien testu-era bariatuak (ipuinak, erreportaiak, publizitate-iragarkiak, iritzi-artikuluak...) aurkeztu behar lituzke ulermen-helburu ezberdinetarako (informazioa bildu, atsegina lortu...), zereginak ere (datu jakin bat jaso, informazio orokorra, idazlearen asmoari igarri...) ugariak izanik. Honela, ikaslea kasuan kasuko estrategiak erabiltzera bultzatuko dugu.
Analisi kontrastiboa
Bestaldetik, oso jarduera eraginkorra izaten da ikasgelan testu birekin aritzea, horien arteko berdintasunak eta aldeak aztertzen. Testuen artikulazio-adierazleak eta aurkezpen-erak lantzeaz gain, egileen asmo komunikatiboak hainbat elementuri nola eragiten dien landu daiteke honela. Elementu horiek, besteak beste, ondorengoak izan daitezke: aukeratutako testu-mota eta testu-era, gaia eta aurrerabide tematikoa testu bakoitzean nola gertatzen den, nolako makro-egitura duten...
Estrategiak
Gizaki guztiok erabiltzen ditugu estrategiak, modu kontzientean ala inkontzientean. Ikasleek erabiltzen dituztenak zein diren igarri behar litzateke, lehenik, eta gero, bestelakoak ere erabiltzen trebatu. Unean uneko estrategiak erabiltzearen abantailak azpimarratuta ikaslea eginkizunaren arabera jokatzen ohituko litzateke.
Hala ere, ulermen-estrategiak lantzean arazoak gerta daitezke, horien funtsa ikusten ez delako edota espero ziren emaitzak lortzen ez direlako. Horren adibidea izan daiteke hipotesiak formulatzean sorturiko arazoak. Horrelako atazetan, ikasleek edonolako hipotesiak egin ditzake, baita testuaren gai edota planteamenduarekin zerikusirik izango ez dutenak ere. Hori ekiditeko, irakasleak testuarekin lotutako hipotesi posibleak egin ahal izateko besteko informazioa eskaini behar luke.
Lexikoa
Lexikoaren lanketari dagokionez, jokabide bikoitza izan behar genuke. Zenbaitetan, hori komeni denetan, instrukzio estrategikoari lehentasuna eman eta testu batean ager daitezkeen hitz ezezagunen aurrean zer egin irakatsi eta lantzea izango dugu helburu. Honela, bestelako testuetan ere prozedura hauek aplikatzeko modua mesedetuko da, ikasleen autonomizatze-prozesua indartuz. Beste askotan, ordea, lexikoaren lanketari eman beharko diogu garrantzia handiagoa, hitzen ezagutza automatikoa garatu ahal izateko. Ez genuke ahaztu behar, dena dela, lexikoaren lanketari instrukzio estrategikoak ere ekar diezaiokeen onura.