Ikas-materialak eta irakaslea

Didakteka(e)tik
Abel (Eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 11:07, 29 Urtarrila 2008

(ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ikas-materialak

Gaur egun, helduen euskalduntzean testu-liburuak erabiltzeko joera handirik ez dugula, neurri handi batean ikas-materialen aukeraketa irakasleak berak egiten duela esan dezakegu, eskura duen aukera luze-zabal horretatik asko baztertuz eta beste zenbait aukeratuz.

Ikas-materialak irakaslearen eta ikaslearen arteko zubitzat har ditzakegu. Esan dugunez, ikasgelara eramandako prozedura metodologikoek bat etorri beharko dute ikas-irakaskuntzari buruzko printzipioekin. Horrez gain, gure programan nahikoa modu argian agertu beharko dute esplizitatuta egunez eguneko programazioa eta post-programazioa diseinatzeko irizpideek.

Kontu horiek guztiak erabakitze-prozesu kontziente baten ondorio besterik ezin dira izan: beharren analisia eta diagnosia egindakoan, irakats-estrategiak diseinatu beharko ditu irakasleak, eta horiekin koherenteak diren tresna didaktikoak aukeratu. Tresna didaktikoen artean ikas-materialak izango ditugu. Erabakiok, jakina, koherentziaren printzipioak gidatu behar ditu. Hartara, atalen batean hartzen dugun erabakiak gainerakoetan izango du eraginik.

Materialgilea irakaslea bera ez denetan, bereziko hartu beharko du kontuan zein den ikas-material horien izaria. Bestelakoan, ikasgelara begirako helburuen eta ikas-materialaren izariaren arteko kontraesanak sortuko dira. Kontuan hartzeko, ordea, identifikatu egin beharko dira lehenengo.

Hori dela-eta, hemen azpimarratu nahi dugu behar-beharrezkoa dela erabiltzen edo sortzen ditugun ikas-materialen azterketa eta analisia egitea. Analisi horiek egin ahal izateko baliabideak sortzea eta aplikatzea da egin beharrreko zereginetako bat.

Analisiaren bitartez, ikas-materialen ezkutuko alderdiak maila kontzientera ekarri behar genituzke. Hausnarketa bultzatzea litzateke helburu nagusia, gehiegi pentsatu gabeko erabaki mordo hori kontzienteki hartu ahal izateko. Besteak beste, gorago aipatutako hirugarren aldian (ikas-materiala inaktibo dagoenekoa) ikas-materiala ez baita ez on ez txar, ikaslearen eskuetan aktibatzen denean eta erabilera jakin bat ematen zaionean hartuko du izaera bat edo beste, ona edo txarra; baina, beti ere, emandako erabilera aztertuta ebaluatu beharko da ikas-materialen egokitasuna testuinguru jakin horretan.

Izan ere, Ikas-materialen egokitasuna bi parametrok baldintzatzen dute: nolakotasuna eta erabilera. Ikus dezagun beheko eskema (Camacho & Lonbide, 1998):

Errorea irudi txikia sortzerakoan: Ezin izan da iruditxoa gorde helburuan