Ikas-materialak eta mintzamena

Didakteka(e)tik
Hona jo: nabigazioa, bilatu
Ikas-materialak

Metodologiaren atalean egindako analisiaren argitan, hainbat dira gure hezkuntza-praktikari begira formula genitzakeen inplikazio metodologikoak eta lan-proposamenak. Hona hemen, bada:

  • Gure ustez irakasleak, testu-liburuak eta abarrekoek ez dute gaia edo edukia planteatzeari zertan utzi. Bai, ordea, ikasleek era horretako erabakiak hartu ahal izateko aukerak areagotzera jo. Horrela, benetako komunikazio-egoerak sortzeko modua izango dugu.
  • Horrekin batera, diseinatzen ditugun ikas-materialetan informazio-hutsunea edo argitu beharreko ziurgabetasuna egoteak mesedetuko du ikasleek igorri beharreko mezuaren edukia beti eta zehatz-mehatz aurreikusteko modurik ez izatea .
  • Komunikazioaren partaideei dagokienez, talde- edo bikote-lana izan daitezke zenbaitetan mintza-saioak errealago bihur ditzaketen bidea, gorago esanikoak ahaztu gabe, jakina.
  • Zuzentasuna dela-eta, ezaguna da irakaslearen tradiziozko kezka izan dela errorea. Zuzentasunari zor zaion garrantzia gutxietsi gabe ere, agerikoa da beste hainbat ere badirela kontuan hartu beharreko aldagaiak: mezuaren bidez transmititu nahi den esanahia eta hori gauzatzeko baliabide diskurtsiboak, jariotasuna...
Errorea dela-eta, kontuan hartu beharreko jokabide metodologikoetan esan bezala, burutzen ari garen ariketaren helburua komunikazioa lantzea baldin bada, ikasleak jakin behar du garrantzitsuena dela zer esaten duen eta ez nola, arreta mezuan ipiniz eta ez forman. Bestetan forma ardatza izanik, esaten denari baino, zuzentasunari eman beharko diogu garrantzia handiagoa . Irakasleak diseinatutako programazioan, beraz, esplizitu samar agertu beharko dira jokabide horien sekuentziak eta arrazoiak.
  • Irakaslearen feedbacka ez da zuzenketa formal hutsera mugatu behar. Izan ere, errorearen erreparazioa ere mesedetu dezake. Hona hemen Chaudron-ek (1988 ) zerrendatzen dituen feedback-mota posibleak:
  • Errorea alde batera utzi
  • Moztu
  • Itxaron
  • Onartu ala gaitzetsi
  • Ikasleari erantzun zuzena eman
  • Enfatizatu
  • Errepikatu ezer aldatu gabe
  • Errepikatu ezer aldatu gabe baina enfatizatuz
  • Errepikatu zerbait aldatuta (zuzenketa gaineratzen da)
  • Errepikatu zerbait aldatuta eta enfasiaz
  • Azalpena
  • Errepikarazi (ikasleak autozuzenketa egin dezan)
  • Ziurtatu (errepikarazi irakasleak ez baitu ulertu)
  • Zerbait aipatu (sarrera gisa zerbait esaten du, gero ikasleari errorea gertatu den momentutik aurrera errepikarazteko)
  • Pistak eman
  • Hasierako galdera berriro egin
  • Galdera birformulatu
  • Galdetu (erantzuna gidatu edo ebaluatzeko)
  • Transferentzia (beste ikasle bati galdetzen dio erantzun zuzena lortzeko)
  • Egiaztatu (irakasleak ziurtatu nahi du ikasleek zuzenketa ulertu dutela)
  • Ikasleak eginikoa goraipatu eta irten (errorearen zuzenketa utzi eta ariketarekin segitu)